Eskola Kirolak Olinpiadak berreskuratuko ditu

Ataria 2025eko irailaren 24a

Eskola Kirolaren Tolosaldeko koordinatzaileak, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearekin, Usabal kiroldegiko kantxan. Iturria: Tolosako Udala.

Maiatzean izango da eskualde mailako ekitaldia Berazubi estadioan eta, emaitzetatik harago, ikasturte osoko parte hartzea sarituko dute.

Tolosaldeko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek Eskola Kirolaren eskaintza aberastu eta bultzada bat eman nahi diote. Horretarako, aurtengo ikasturtetik aurrera, Berazubi estadioan jokatu ohi ziren Olinpiadak berreskuratuko dituzte. Koordinatzaileek garatu dute proposamena, eta ikasturtean zehar, eskualdeko kirol klubek ekimenak aurrera egin dezan lagunduko dute. Elkarlanerako guneak landu eta areagotzeko borondatea ere azaldu dute. Tolosako Udalak, berriz, baliabideak jarriko ditu, lankidetza hori sendotze aldera.

Lehian eta emaitzetan baino, parte hartzean oinarrituko dira Olinpiadak. Astero, haurrek askotariko kirolak praktikatzeko aukera izango dute Eskola Kirolarekin: errugbia, mahai tenisa, urpekoak, atletismoa, eskubaloia, saskibaloia, areto futbola, herri kirolak, boleia, arrauna, kayaka edo eskalada, besteak beste. Jarduera horietako parte hartze mailaren arabera eskuratuko dituzte puntuak ikastetxeetako taldeek.

Ikasturte amaieran, maiatza aldera, izango dira Olinpiadak, Berazubin. Eskualdeko ikastetxeetako haurrek parte hartuko dute. Ekitaldi horretan, puntuazio onena lortzen duten taldeek jokatuko dituzte finalak.

Eskola Kirola babesteko deia

Irailaren 30ean amaituko da Eskola Kirolan izena emateko aukera, eta eredu horren alde egin dute udalak, ikastetxeek eta Eskola Kirola programa garatzen laguntzen duten ikastetxeetako koordinatzaileek. Joan den ikasturtearen amaieran, adierazpen bateratua sinatu zuten guztiek, eredu horren defentsa egiteko, «haurrengan eta gizartean dituen onurengatik». Azpimarratu dute Eskola Kirolak, besteak beste, «ahalbidetzen dituela kirol-modalitate ezberdinak probatzeko aukera, haurren garapen integrala, mugimendu-gaitasunak garatzea, osasuntsu haztea, harremanak eraikitzea eta balioetan heztea».

Pasa den astean, Villabonako Udalak eta herriko hiru ikastetxeek, Fleming Herri Eskolak, Erniobea Institutuak eta Zubimusu Ikastolak, Eskola Kirolaren egungo ereduaren balioa eta garrantzia azpimarratzeko adierazpena argitaratu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!