Urtarrilaren 23an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarria zuen betebehar bat. 13 urtera arteko umeek, talde kirolen bat klub batean egin nahiko balute, ezinbestean izena eman beharra zegoen Eskola Kirolean. Araua 1990eko hamarkadatik zetorren. Baina auzitegiak, Pasaiako familia batek betebehar horren kontra abiarazitako auzibideari erantzunez, bertan behera utzi zuen.
Amasa-Villabonako eragileek, Eskola Kirola aldarrikatu nahi izan dute gaurkoan, izena emateko epea zabalik den honetan: «Eskola Kirola multikirolean oinarritzen da, hau da, haurrei askotariko mugimendu- esperientzia zabala eskaintzen zaie. Honek mugimendu-gaitasunak garatzen laguntzen du, gorputzaren koordinazioa hobetzen du eta muskulu eta hezur egiturak modu orekatuan indartzen ditu. Kirol eta jolas ezberdinak probatzeak haurren motibazioa eta interesa pizten ditu, eta kirolarekiko atxikimendua sustatzen du epe luzera. Helburua ez da eliteko kirolariak sortzea, baizik eta bizimodu aktibo eta osasuntsua bultzatzea».
Horiez gain, ondorengo helburuak azpimarratu dituzte: «Haur aktiboak sustatzea eta kirol-kulturan heztea; osasuntsu haztea bultzatzea; harremanak eraikitzen eta balioetan heztea: lankidetza, kohesioa, konpromisoa, apaltasuna, solidaritatea... eta kirol-kultura eta euskara sustatzea».
Udal eta ikastetxeetako ordezkariek, jokoan haurren garapen integrala dagoela gogoratu dute: «Eredu hau funtsezkoa da haurren garapen fisiko eta psikosoziala bermatzeko. Multikirolean oinarritutako ikuspegiak, askotariko kirol-jarduera sustatzeaz gain, balioetan heztea eta pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten ditu, lehiaketaren gainetik. Talde-lana, errespetua, lankidetza eta enpatia indartzen ditu, eta lagundu egiten die haurrei askotariko egoeretara egokitzen eta harreman sozialak eraikitzen. Horrez gain, lehiaketa-presioa murriztuz, inklusibitatea eta parte-hartze unibertsala bultzatzen ditu, haur guztiek, edozein gaitasun fisiko dutela ere, kirolaren onurez goza dezaten».
Orain arteko emaitzak, Gipuzkoan
Hiru hamarkada hauetan lortutako emaitzak «begi-bistakoak» dira udal eta ikastetxeetako ordezkarientzat: «Goi-mailako kirolarien dentsitatea estatuko handienetakoa da, eta bereziki nabarmentzekoa da emakume kirolarien kopurua. Gipuzkoako gizartea oso aktiboa da, eta sedentarismo datuak estatuko baxuenetakoen artean daude». Ondorioz, Amasa-Villabonako eragileentzat, Eskola Kirola gizartearen eta kirola beraren mesedetan sortutako eredua da: «Umeen garapen integrala, ludikotasuna eta pertsonen ongizatea lehenesten dituen eredu hau mesedegarria da bai gizartearentzat, bai etorkizuneko eliteko kirolarientzat. Azpimarratzekoa da Realak ere eredu honen aldeko apustua egin duela».
Orain arteko esperientziatik, haurren garapenaz gain, beste hainbat ondorio ere atera dituzte. Gazteei begira, ardurak eta aukerak aipatu dituzte: «Eskola Kiroleko multikirola programak, kirolariei ez ezik, gazteei ere aukera politak eskaintzen dizkie. Begirale lanetan hasten diren gazteek, etorkizunean irakasle, klubetako entrenatzaile, aisialdi taldeetako begirale profesional eta kualifikatuak izango diren horiek, aurrenekoz 8-12 urte bitarteko ikasleekin lanean aritzeko aukera izaten dute. Horrek, lana gustukoa duten edo ez jakiteko balio izaten die, eta urtetik urtera trebatuz joateko aukera paregabea ere izaten dute. Ikasleentzako bezalaxe, eurentzako ere lehen aldia izanik, helburu nagusia ikastea da».
Beste ondorio bat, kirolari lotua ez dagoen alor batean kokatu dute: «Aiztondoko haurrei bertako herriak ezagutarazteko aukera, alegia. Ez herriak bakarrik, bertako ikastetxe, plaza, jolasleku eta biztanleak ere bai. Aurrerago, eskolan, kluben batean edo kalean elkarrekin igaroko dituzten urte horietarako lehen kontaktua izaten da, larunbatetako ekintzei esker ikasleek bizitzen dutena».
Argudio eta ondorio guzti horiek kontuan hartuta, Villabonako Udalak, Fleming Herri Eskolak, Erniobea Institutuak eta Zubimusu Ikastolak, euren esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu dute, «ez dadin oztoporik egon, haur guztiek kirolaren onurez gozatzeko, gaitasunak, jatorria, aniztasun funtzionala edo egoera ekonomikoa edozein dutela ere».
Jolas Hezi, 6-8 urteko haurrentzat Eskola Kirola
Amasa-Villabonako eragileek azaldu dutenez, LH1 eta LH2ko ikasleei zuzendutako ekimena martxan jarriko dute, Jolas Hezi izenekoa. Izena emateko epea irailaren 26ra arte egongo da zabalik multiekintzak.eus webgunean. Zalantzak argitzeko, 943 69 44 58 zenbakira deitu behar da. Ekimen horrekin 6-8 urte bitarteko haurrak jolasen bidez gerturatu nahi dituzte heziketa integral batetara, garapen kognitiboa, motorra, afektiboa eta soziala sustatuz. Beste hainbat helburu ere gauzatu nahi dituzte, besteak beste, balioen hezkuntza, euskararen normalizazioa edota Eskola Kirolean parte hartzeko aukera dutenerako, prestakuntza.