Eskola Kirolaren eredua defendatu dute Tolosako Udalak eta ikastetxeetako kirol koordinatzaileek

Ataria 2025eko ekainaren 27a

Eskola Kirolaren egungo ereduaren balioa eta garrantzia azpimarratzeko adierazpena argitaratu dute, haur guztiek Eskola Kirola egiteko aukera izan dezaten sustatzeko konpromisoa berretsiz.

Tolosako Udalak eta eskualdeko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek Eskola Kirolaren egungo ereduaren balioa eta garrantzia azpimarratzeko adierazpena argitaratu dute.
 Haur guztiek, gaitasunak, jatorria, aniztasun funtzionala edo egoera ekonomikoa edozein dutela ere, Eskola Kirola egiteko aukera izan dezaten sustatzeko konpromisoa berresten dutela esan dute, haurrengan eta gizartean dituen onurengatik.

Ondorengoa da argitaratu duten adierazpena:

 

Multikirolean oinarritutako eredua


Eskola Kirola multikirolean oinarritzen da; hau da, haurrei askotariko mugimendu-esperientzia  zabala eskaintzen zaie. Honek mugimendu-gaitasunak garatzen laguntzen du, gorputzaren koordinazioa hobetzen du eta muskulu- eta hezur-egiturak modu orekatuan indartzen ditu. Kirol eta jolas ezberdinak probatzeak haurren motibazioa eta interesa pizten ditu, eta kirolarekiko atxikimendua sustatzen du epe luzera. Helburua ez da eliteko kirolariak sortzea, baizik eta bizimodu aktibo eta osasuntsua bultzatzea.

Haurren garapen integrala


Eredu hau funtsezkoa da haurren garapen fisiko eta psikosoziala bermatzeko. Multikirolean oinarritutako ikuspegiak, askotariko kirol-jarduera sustatzeaz gain, balioetan heztea eta pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten ditu, lehiaketaren gainetik. Talde-lana, errespetua, lankidetza eta enpatia indartzen ditu, eta lagundu egiten die haurrei askotariko egoeretara egokitzen eta harreman sozialak eraikitzen. Horrez gain, lehiaketa-presioa murriztuz, inklusibitatea eta parte-hartze unibertsala bultzatzen ditu, haur guztiek, edozein gaitasun fisiko dutela ere, kirolaren onurez goza dezaten.

Eskola Kirolaren helburuak


Eskola Kirolak helburu hauek ditu:  

  • Haur aktiboak sustatzea eta kirol-kulturan heztea.
  • Osasuntsu haztea bultzatzea.  
  • Harremanak eraikitzen eta balioetan heztea: lankidetza, kohesioa, konpromisoa, apaltasuna, solidaritatea... 
  • Kirol-kultura eta euskara sustatzea.

Emaitza nabarmenak Gipuzkoan

Gipuzkoan urte asko daramatzagu eredu hau sustatzen, eta emaitzak begi-bistakoak dira:  goi-mailako kirolarien dentsitatea estatuko handienetakoa da, eta  bereziki nabarmentzekoa da emakume kirolarien kopurua.  Gipuzkoako gizartea oso aktiboa da, eta sedentarismo datuak estatuko baxuenetakoen artean daude.

Gizartearen eta kirolaren mesedetan


Umeen garapen integrala, ludikotasuna eta pertsonen ongizatea lehenesten dituen eredu hau mesedegarria da bai gizartearentzat, bai etorkizuneko eliteko kirolarientzat. Azpimarratzekoa da Realak ere eredu honen aldeko apustua egin duela.

Haurren garapenez gain, baditu bestelako onura batzuk gizartean:

Gazteak; ardurak eta aukerak.


Eskola kiroleko multikirola programak, kirolariei ez ezik, gazteei ere aukera politak eskaintzen dizkie. Begirale lanetan hasten diren gazteek, etorkizunean irakasle, klubetako entrenatzaile, aisialdi taldeetako begirale profesional eta kualifikatuak izango diren horiek, aurrenekoz 8-12 urte bitarteko ikasleekin lanean aritzeko aukera izaten dute. Horrek, lana gustokoa duten edo ez jakiteko balio izaten die, eta urtetik urtera trebatuz joateko aukera paregabea ere izaten dute. Ikasleentzako bezalaxe, eurentzako ere lehen aldia izanik, helburu nagusia ikastea da. 

Herriak, kultura, lagunak.


Multikirola programak, kirolari lotua ez dagoen alor batean ere jartzen du bere alea. Tolosaldeko 28 herriak haurrei ezagutarazteko aukera, alegia. Ez herriak bakarrik, bertako ikastetxe, plaza, jolasleku eta biztanleak ere bai. Aurrerago, eskolan, kluben batean edo kalean elkarrekin igaroko dituzten urte horietarako lehen kontaktua izaten da, larunbatetako ekintzei esker ikasleek bizitzen dutena. Nork bere ikastetxeko koloreak soinean dituela oso polita da inguruko herrietara joatea eta partidak jokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!