Eskualdeko hainbat artista, Zinemaldiko pantaila handian

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 25a

Joseba Usabiaga tolosarra 'Ombuaren itzala'-ren ekoizpenean.

Larunbata arte ospatuko da Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioa, eta aurten 38 euskal ekoizpen proiektatuko dira, eskualdeko hainbat artisten lanak tartean.

Euskarazko ekoizpen ugarirekin dator udazkena, eta horren adierazle da Donostiako Zinemaldia. Euskarazko bi film izango dira ikusgai aurten Sail Ofizialean: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileen Maspalomas, eta Asier Altunaren Karmele. Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango da lehena, eta lehiaz kanpo erakutsiko dute bigarrena, emanaldi berezien atalean. Azken horretan, Koldo Almandozek zuzendutako Zeru ahoak euskal telesaila ere emango dute. Hiru lan horietan parte hartzeko aukera izan du Alos Quartet talde tolosarrak.

Hala ere, eskualdean baditu jaialdiko programazioaren parte diren beste artista batzuk ere. Horren adibide, Josu Ozaita ibartarraren Hatsa mikrodokumentala da. Eusko Label saileko finalisten artean da txondorren prozesua erakusten duen mikrodokumentala. Gaur, Donostiako Aquariumean izango da ikusgai, 19:00etatik aurrera.

Horrez gainera, Zinemira atalean, jatorriz zizurkildarra den Patxi Bisquerten Ombuaren itzala filma izango da. Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari zizurkildarrari buruzkoa da pelikula eta auzolan baten bidez ekoitzi zuten. Udalek, kultur elkarteek, ikastolek, institutuek, eskola publikoek eta Nafarroako eta Euskal Herriko tokiko komunikabide askok hartu zuten parte ekoizpenean. Baina horiekin batera aktore bezala parte hartu dute, besteak beste, Hodei Arrastoa herritarrak, Anjel Mari Peñagarikano anoetarrak eta Oihana Iguaran amasarrak ere. Joseba Usabiaga aktore tolosarrak jokatzen du, hain zuzen, Otañoren papera pelikulan. Gaur proiektatuko dute Principe aretoan, 19:00etan, eta bihar, Antiguo Berri aretoan, 20:15ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!