Alos Quartet taldearekin batera grabatu dituen azken doinuak izan dira, besteak beste, aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu diren 'Maspalomas' eta 'Karmele' filmak eta lehiaketatik kanpo dagoen 'Zeru Ahoak' telesaila.
Sail ofizialeko hiru lanetan parte hartu duzue. Nola iritsi zitzaizuen horretarako proposamena?
Azken urtetan Maspalomas filmeko konpositorea den Arantzazu Callejarekin eta Karmele eta Zeru Ahoak lanen konpositorea den Aitor Etxebarriarekin proiektu askotan burubelarri aritu gara lanean. Etxebarriarekin azken zazpi urtetan elkarlan estua izan dugu. Ekainean, esaterako, telesail batzuetako soinu bandako zati batzuk grabatzera joan ginen Bratislavara eta izugarrizko esperientzia izan zen. Callejak, berriz, soka instrumentuak dauden proiektu guztitan gukin kontatzen du.
Horrez gainera, udazkenean, urrian Sitgeseko jaialdian estreinatuko den beste produkzio handi batean lanean ibili gara. Hori da, hain zuzen, Paul Urkijoren Gaua filma. Fil horretako musika Arantzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik sortu dute.
Nola kudeatzen dira hainbeste proiektu batera?
Zinemaldiko proiektu hauek oso tartekatuta grabatu ditugu. Normalean grabatzeak ez du lan asko eskatzen, egun bat edo bi egunetan egin ditugu grabaketak. Aurreko prestaketa lanak bai izaten dira luzeak, orkestrazioak idatzi behar direlako edo partiturak ondo egin behar direlako. Ekipo zabala dago honen atzean eta honen parte izatea oso aberasgarria izan da.
Film bakoitzak, gainera, bere estiloa izango du, ezta?
Bai, guztiz. Film bakoitzak, baina baita konpositore bakoitzak ere. Konpositore bakoitzak bere modura egiten du lana eta forma oso ezberdinak erabiltzen dituzte horretarako, baina denak dira baliagarriak. Gainera, pelikula bakoitzak bere lengoaia du. Adibidez, Paul Urkijoren Gaua filma sorginen ingurukoa da eta antzinako musika entzun daiteke, baina horrek ez du zerikusirik Zeru Ahoak filmarekin, gaur egungo fikziozko telesaila baita. Oso desberdinak dira bien artean, baina denak dira oso interesgarriak eta aberasgarriak.
Emaitzarekin pozik?
Oraindik ez ditut filma guztiak osorik ikusi, grabatu ditugun eszenak bakarrik. Hala ere, oso desberdina da pantaila txiki batean ikustea eda pantaila handi batean musika eta ahotsa tartekatuta dituela. Beste terreno batera eramaten zaitu eta gogotsu gaude ikusteko.
Horrez gainera, zein beste proiektu dituzue?
Urrian Alemaniako Müensterland jaialdira joango gara, Alos Quartet eta Pause proiektuekin batera; Alos Quartetekin bi kontzertu egingo ditugu eta Pause proiektuarekin bat. Bi urtetik behin ospatzen dute jaialdia eta aurtengo herrialde gonbidatua Espainia da, eta Estatuko musikari ugari goaz, tartean gu.
