Literaturatik zinemara egin duzu salto.
Lau urteko doktoretza tesi bat egiten nabil, Barandiaran Katedra beka batekin, eta hiru jatetxeekin ari naiz lan hori egiten; Tolosako Ama, Kanpezuko Arrea! eta Getariko Elkano jatetxeekin, hain zuzen. Lan honen helburua da jatetxe bakoitzaren atzean dauden produktu guztiak aztertzea. Horietako bat ikatza da. Pasa den urtean txondorraren prozesu guztia jaso nuen. Horretarako mugikor berria erosi eta bideo bidez jaso nuen dena. Irudi politak bildu nituen eta gaia ere interesgarria danez, aukera polita izan zen lan hori sortzea.
Nolakoa da txondorren prozesua?
Kanpezuko Arrea! jatetxean erabiltzen duten ikatza berezia da, eta bertako nagusia den Edorta Lamoa sukaldariak hori nola erabiltzen duen grabatu nuen. Basora joan ginen, egurrak bertatik hartzen baititu Jose Mari Nieva ikazkinak. Egurrak lehortu, moztu eta muntatu ostean, lastoz estali, lurrarekin tapatu eta barruan egiten dion tximini moduko batetik botatzen du egurra eta su ematen dio. Egur hori astebete egoten da egosten, baina horrek zaintza bat behar du arnasa hartzeko. Nievak egunero egiten du zaintza hori; goizeko 3:00etan jaikitzen da eta 7:00tan berriro joaten da ikustera ea dena ondo dagoen.
Ardura eta mimo handia eskatzen duen lana da, beraz.
Viloria herrian egiten dituzte txondorrak. Bertan Tasio filma ere grabatu zen, izan ere, inguru horretan ikazkinak egon dira betidanik eta gaur egun ere mantentzen dute tradizioa. Nievak, normalean, zazpi txondor egiten ditu udaran eguraldi onagatik, baina kapritxoz egiten ditu. Eta horiek gaur egun parrilarako erabiltzen dituzte gehienbat.
Eta izenburuak zer esan nahi du?
Txondorraren prozesuan ikusten dena deskribatu nahi nuen; arnasaldi sakona, usain fuertea eta arima. Hiru zentzu horietatik sortu da Hatsa.
Zergatik aurkeztu duzu Zinemaldian?
Iaz ere Zinemaldiaren barruan lehiaketa berezi bat zegoela ikusi nuen: Eusko Label saria. Landa eremuak edo herri txikiek elikadura ikuspegiari zer eskaintzen dion baloratzen da bertan. Gainera, sail horren bueltako lanek hiru minutuko iraupena izan behar dute gehienez eta mugikorrarekin grabatu behar dira. Hori egingarri ikusten nuen eta aurten hori egitera animatu naiz.
Eta finalera iritsi zara. Espero zenuen?
Beti daukazu ilusioa eta ni horregatik aurkeztu nintzen. Egia da irudiak oso politak direla eta gaia ere oso berezia da. Jendea 2025. urtean oraindik txondorrak egiten egotea izugarria da, eta tradizio hori erakutsi nahi nuen. Gainera, antropologian aritzen garenak, ohiturak eta kulturak aztertzen aritzen garenez, ikus-entzunezkoak bei erakartu gaitu, jendearengana iristeko modu desberdin bat delako. Uste dut gure lana irudiz hobeto transmititzen dela idatziz baino.
Zer moduz zabiltza doktoretza tesiarekin?
Gustura, bi urte daramatzat eta lan horren helburua hiru lurraldeen paisaiak deskribatzea da elikadura ikuspegitik, jatetxeak aitzaki hartuta. Azken finean, jatetxeetako plateretan dauden paisaiak, pertsonak edota produktuak beste ikuspegi batetik deskribatzen ditut. Beraz, aurretik aipatu dizkizudan hiru jatetxe horiek honela lotu ditut: Getaria itsaso ingurua, Tolosaldea baserri ingurua eta Kanpezu mendialdea.


