Heldu da Tolosaldeko mendi lasterketa zaleen egutegian markatuta uzteko beste data bat. Urte eta erdiko lanaren ondoren, dena prestu dute Tolosaldea Ultra Trail Erronka probarako. Bihar jokatuko da, 06:00etatik aurrera. 146 lasterkarik eman dute izena, eta guztiak ez, baina ia denak izango dira Irurako irteeran. Hasiera puntua ez ezik, helmuga ere bertan egongo da. Aurrez, baina, 77,43 kilometro burutu beharko dituzte korrikalariek, eskualdean barrena.
98 korrikalarik eman zuten izena bakarkako probarako; gainerako 48ek erdibana egingo dute, 24 bikotetan banatuta. Alberto Rey lasterketaren antolakuntza taldeko kidea «oso kontentu» dago izen emateak izan duen erantzunarekin. «Aurreikusitako kopuruak dira. Akaso, banakakoan zerbait gehiago espero genezakeen, baina lehen edizioa izanik, datu onak dira». Errelebokako modalitatean ez da emakumezkoen bikoteen sailkapenik izango, bi bikotek soilik eman dutelako izena. «Pena hori daukagu».
Hala, errealitate bilakatuko dute Reyren lagun eta entrenatzaile ohi David Delgado Santosen ametsa: herri askotatik pasako zen eta tontor askori ikusgarritasuna emango zien lasterketa bat egitea. Bien artean diseinatu zuten ibilbidea 2021ean, baina hurrengo urtean, mendi istripu batean hil zen Delgado. Azken urteetan, ingurukoen animoak eta babesleen laguntza baliatuz, Reyk aurrera eraman du lasterketaren ideia eta, gainera, Delgadoren omenez izango da.
Herri txikiak, ikusgarri
Herri txikiak elkartuko dituen lasterketa izango da Tolosaldea Ultra Trail Erronka. «Ahalik eta herri gehienei ikusgarritasuna ematea da helburua». Zortzi herritatik zuzenean igaroko dira korrikalariak, baina beste bost herritako lurretatik ere pasako dira. Rey «harrituta» dago horietako batzuek erakutsitako jarrerarekin. Hernialdetik, esaterako, ez da zuzenean igaroko, baina bai oso gertutik. «Zuzenean pasako ez bada ere, bertako udalak eta herritarrek lan handia egin dute. Bidea garbitu, anoa-gunea muntatu eta boluntario sarea osatu dute, eta hori eskertzekoa da. Argi daukat hurrengo urtean lasterketa herritik igaroko dela».
Irurako Udalari «asko» zor diela uste du antolakuntza taldeko kideak. «Arriskatua da lehen edizioko irteera eta helmuga izatea, aurrekaririk ez dagoelako». Lasterketaren amaieran egongo da anoa-gune osoetako bat; bestea, Alegian egongo da, datorren urteko edizioaren hasiera eta amaiera kokatuko diren herrian. «Horretarako konpromisoa hartu dugu», esan du Reyk. 2026ko lasterketa 12 edo 13 herritatik zuzenean igaroko dela aurreratu du antolatzaileak. «Ibilbidea gehiegi ez aldatzea da helburua. Akaso, aldaketa txikiren bat egingo dugu, herri gehiagotatik igaro ahal izateko».
Prestutasuna «txalotzekoa»
Mendi lasterketa luzeetan, ezinbesteko baldintza izaten da ibilbidea anoa-guneez ondo hornituta egotea, korrikalariek uneoro beharrezko elikagaiak izan ditzaten. Antolatzaileentzat, baina, anoa-gune horiek ondo hornitzea izan ohi da buruhausteetako bat. Horretan buru-belarri aritu dira azken asteotan. Ez soilik jana eta edana hara eta hona eramaten, baita boluntarioak kokatzen ere.
Azken horien kasuan, baina, «oso eskertuta» daudela esan du Reyk. «Oso erraza izan da lanak antolatzea. Guk 60 laguneko boluntarioen talde bat genuen. Hala ere, herri bakoitza arduratu da inguruan jarriko diren anoa-guneetarako beharrezko boluntarioak lortzeaz. Hutsuneak betetzeko soilik jo dugu gure taldeko boluntarioengana. Kezkatuta geunden, baina herri txiki guztiek izan duten jarrera eta erakutsi duten prestutasuna txalotzekoa da», nabarmendu du.
Maila handia
Biharko proba nolakoa izango den galdetuta, ultra modalitateko lasterketa izanik, Reyren ustez «oso zaila» da korrikalari talde handiak sortzea. «Lasterkari multzoa nahiko goiz luzatuko da. Hasieratik argi ikusiko dugu nortzuk izango diren garaipena lehiatuko dutenak eta nortzuk proba amaitzea helburu dutenak. Litekeena da lasterketa buruan 8-10 korrikalariko talde bat sortzea eta lasterketa erdira arte elkarrekin joatea. Gero, 40. kilometrotik aurrera, edozer pasa daiteke».
Antolatzaileak ez du faborito argirik ikusten. «Maila handiko lasterketa izango da. Akaso, ez dago maila goreneko korrikalaririk, baina bai maila oso onekoak. Saiatu gara maila goreneko korrikalariak ekartzen, baina lehen edizioa izanik, oso zaila da. Beti izango da lasterketa txiki bat, eta noizbait maila goreneko lasterkari bat etortzen bada, bat gehiago izango da».
ATARIA saria
Tolosaldea Ultra Trail Erronka proba puntuagarria izango da Euskal Herriko Kopan. Gainera, txapelketako azken proba izango da, eta beraz, Iruran bertan izango da lehiaketa horren sari banaketa. «Oraindik borroka handia dago lehen sailkatuen artean, eta beraz, proba erabakigarria izan daiteke», esan du Reyk. Hala ere, «kezkatuta» mintzatu da ultra modalitateko Euskal Herriko Koparen inguruan: «Oro har, korrikalari gutxik eman du izena. Gehiegi errepikatzen dira lasterketak, eta ez dago aukera handirik. Uste genuen azken proba izanik izen emateak ugarituko zirela, baina ez du eragin handirik izan».
19:30ak aldera izango da lasterketaren lehen edizioko sari banaketa, Irurako plazan. Banakako eta binakako probaren sariak banatuko dituzte; tartean, senior eta beteranoen kategorietako korrikalari azkarrenak sarituko dituzte. Azkenik, ATARIA-k ere saria banatuko die eskualdeko lehen gizonezkoari, lehen emakumezkoari eta lehen bikoteari.
26, eskualdeko korrikalariak
Guztira, 146 korrikalarik parte hartuko dute UTT Erronkaren lehen edizioan. Horietatik 98, bakarka ariko dira: 90 gizonezko eta 8 emakumezko. Gainerako 48ak, berriz, binaka ariko dira, 24 bikotetan banatuta. Horietatik 15, gizonez osatutakoak izango dira bikote mistoak zazpi izango dira, eta emakumeez osatutakoak, berriz, bi. Jatorriari dagokionez, 84 korrikalari gipuzkoarrak dira. Horietatik 26, eskualdekoak; 14 banaka ariko dira, eta 12, binaka. Gainerako lasterkariak, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik, Lapurditik, Herrialde Katalanetatik, Asturiastik, Madrildik, Kordobatik, Murtziatik eta Italiatik etorriko dira.
IRURAKO EGITARAUA
IRAILAK 12, OSTIRALA
17:30-20:30. Dortsal banaketa, Irurako frontoian. Dortsal berdeak: bakarkako proba. Dortsal urdinak: binakako proba.
IRAILAK 13, LARUNBATA
05:00-05:45. Dortsal banaketa, Irurako frontoian.
12:00. Pintxoak eta sagardoa. Txotx egiteko kupela.
14:00. Paella anoak eta gozoak.
Arratsalde osoan zehar. Bost saskiren zozketa eta txosna zabalik, iluntzera bitarte.

