UTT Erronkarako gogotsu dago Olaia Garaiburu Zubeldia (Berastegi, 1996). Ultra modalitateko lasterketa bat egiteko, baina, gogoa soilik ez da nahikoa. Prestaketa saio ugari egin ditu, eta sentsazio onak ditu, baina, batez ere, gustura dago etxeko lasterketa bat lehengusuarekin egingo duelako.
Zergatik erabaki zenuen Tolosaldea Ultra Trail Erronka lasterketan izena ematea?
Nire lehengusu Julenek mendi lasterketetan parte hartzeko ohitura handia du, eta berak animatu ninduen erronka erdibana egitera. Nik ez dut lasterketa askotan parte hartu, baina berak erronka luzatu zidanean, animatu egin nintzen. Batetik, eskualdean bertan delako, etxeko lasterketa bat delako, baina, batez ere, berarekin erreleboka egiteak motibatzen ninduelako.
Ohitura handirik izan gabe, ez da makala ultra modalitateko lasterketa batean izena ematea.
Kirola egiteko ohitura handia daukat, baina ez lasterketetan parte hartzekoa. Negu Trail proban parte hartu izan dut, eta aurten, esaterako, gehiagotan ere aritu naiz, batez ere, biharko proba prestatzeko.
Zergatik egingo duzu lasterketa bikotean?
Kirolzalea eta kirolaria naiz, eta gustuko dut mendi lasterketetan parte hartzea, baina proba luzeak ez ditut gogoko. Proba motzetan gusturago aritzen naiz. Garbi nuen 77 kilometro egiteko ez nintzela entrenatuko, baina erdibana egitea proposatu zidanean, argiago ikusi nuen. Duela hiru urte Leitzako Mendi Erronka egin nuen. Horregatik, ziur nengoen, ondo entrenatuz gero, UTT Erronka ere burutzeko gai izango nintzela.
Eta zer lasterketetan parte hartu duzu aurten erronka prestatzeko?
Urte hasieran, Beteluko Krosa egin nuen. Ondoren, Urretxu-Zumarragan egiten den UZ Trail mendi lasterketan parte hartu nuen. Horien atzetik, Berastegiko Negu Trail eta Ibarrako Zazpibide Trail probak burutu nituen. Horiez gain, Andoaingo Krosa ere egin nuen. Hortaz, mendia eta errepidea nahastu ditut.
Hilabete asko igaro dira lasterketan izena eman genuenetik, eta lehengusuak animatu ninduenean, argi esan nion zein izango zen baldintza. Berak prestatu behar ninduen. Gerora, hilabetero aritu zait mezuak idazten, inguruan zein lasterketa egin genitzakeen esanez. Oso gustura aritu naiz.
Bihar, ibilbide erdia egin behar duzu, eta gainera, bakarrik. Alde horretatik, nola prestatu duzu lasterketa?
Orain arte, Julenek astero bidali izan dit entrenamendu saioen inguruko informazioa, eta zintzo jarraitu ditut bere esanak. Kuadrillan baditut kirola egiten duten lagunak, eta beraiekin egin izan ditut zenbait entrenamendu. Azken asteetan, ordea, karga handieneko saioak egin ditut, eta bakarrik aritu behar izan dut. Ordu asko sartu behar izan ditut, baina ez da arazo bat izan. Gustura aritzen naiz bakarrik entrenatzen; ez dut nagirik sentitzen. Gainera, askotan pentsatu izan dut biharko lasterketan uneoro bakarrik egongo naizela. Beraz, beti entrenatu izan dut horretan pentsatuz, bai fisikoki, baita mentalki ere.
Zuk egingo duzu lehen zatia. Zu igaroko zara, beraz, herritik.
Lehengusuak esan zidan lehen zatia nik egiteko, hartara, ni igaroko nintzela herritik. Hori, baina, ez da izan arrazoi bakarra. Lasterketaren profila begiratuz gero, ikus daiteke lehen zatia arinagoa dela, eramangarriagoa. Gainera, Uzturre, Urdelar, San Lorentzo, Ipuliño eta Lartetik igaroko naiz, eta inguru hauetan sarritan ibili naiz. Abantaila txiki hori izan nahi nuen.
Egin behar duzun zatia egiteko tarterik hartu duzu?
Hasiera eta amaiera izan ezik, beste guztia ondo ezagutzen dut. Oso gutxitan aritu naiz Uzturre aldean entrenatzen, baina Trikuharri mendi lasterketan bertatik igaro ginen. Urdelarretik Ipuliñorainoko bidea, berriz, begiak itxita ere egingo nuke. Beti nabil inguru hauetan entrenatzen. Elduaindik Larterainoko zatia ez nuen ezagutzen, baina lagun bat T2T lasterketa prestatzen aritu zen, eta berari laguntzeko, zenbait saio egin nituen ibilbide horretan.
Zein izango da zure helburua?
Gozatzea, eta ahal dudan ondoen egitea. Badakit estutu beharko dudala, baina ez daukat denborarik buruan. Ez dut gustuko erlojuaren menpe ibiltzea, eta bihar ere ez naiz erlojuaren menpe ibiliko.
Eta podiumean egoteko aukerak dituzuela uste duzue?
Ez dugu horri buruz hitz egin. Berak zenbait lasterketa egin ditu eta ondo prestatuta dago. Ni ere hala sentitzen naiz. Uste dut lasterketa txukuna egiteko gai izango garela. Sariren bat lortuz gero, ondo, baina ez da helburu nagusia.
Nolako lasterketa aurreikusten duzu, behintzat, lehen zatian?
Hasiera gogorra izango da, baina behin Loatzora igota, ondorengo zatia nahiko azkarra da, gorabehera gutxikoa. Gainera, mendi horiek ondo ezagutzen ditudanez, nire erritmoan bada ere, dena emango dut; ezagutza horrek apur bat estutzeko aukera emango dit. Azken zatian, geldituko zaizkidan indar apurrekin, eusten saiatuko naiz. Bigarren zatian, jaitsieran ondo moldatzen direnek markatuko dute aldea.