UTT Erronka

«Lasterketa luzeetan bi proba izaten ditugu: fisikoa eta mentala»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko irailaren 12a

Julen Diaz Ziganda. J.A.

Julen Diaz Ziganda alegiarrak bi urte daramatza lasterketetan parte hartzen; lehenik, distantzia laburreko probetan aritzen zen, orain, baina, nahiago ditu distantzia luzekoak. Biharkoa, erronka berezia izango dela aitortu du.

23 urte besterik ez baditu ere, dagoeneko distantzia luzeko mendi lasterketetan eskarmentua duen korrikalaritzat jo daiteke Julen Diaz Ziganda (Alegia, 2002). Azpeitian eta Beasainen antzeko distantzietako bi proba egin ondoren, urteko erronka berezienari helduko dio, etxean. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko da, eta eskualdeko herritarren eta inguruko zaleen animoek laguntzea espero du.

Zer dela eta erabaki zenuen UTT Erronka lasterketan izena ematea?

Asko pentsatu behar izan nuen erabakia hartu aurretik. Bi urte dira mendi lasterketetan parte hartzen hasi nintzela, baina hasieran, 20 kilometroren bueltako probak izaten ziren. Hori dela eta, entrenamendu saioak distantzia horretako lasterketetarako egiten nituen. Aurten, distantzia luzeagoko probak egiteko erronkari heldu nion, besteak beste, buruari jarritako presioa murriztu asmoz. Mota horretako lasterketa batzuk egin ondoren, izena eman nuen. Herritik igarotzen zela jakiteak ere eragina izan zuen erabakian.

Bakarrik eman duzu izena, baina ba al duzu ezagunik inguruan proba egingo duena?

Ez dut inor ezagutzen. Proba binaka egin behar duten bizpahiru bikote ezagutzen ditut.

Askotan, lasterketa beste korrikalari batekin egiteak laguntza handia ematen du, ezta?

Bai, eta ziur nago egunean bertan bakarren bat ezagutuko dudala. Lasterketan bertan ere sortzen dira harremanak, erritmo berean joan nahi izaten dugun korrikalarion artean.

Azken urtean, zein lasterketetan parte hartu duzu?

Batetik, Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan parte hartu nuen. 65 kilometroko luzera zuen, eta oso lasai egin nuen. Sentsazio onak izan nituela ikusita, Beasainen egin zen Goierriko 2 Handiak lasterketarako dortsala lortu nuen. Proba horretan egurrean atera nintzen, eta oso polita izan zen. Bi proba horien ondoren jabetu nintzen prest nengoela distantzia luzeko lasterketetan parte hartzeko. Hortaz, espero dut biharkoa ere arazorik gabe burutzea.

Zer moduzko esperientzia izan zen bi proba horietan parte hartzea?

Oso polita, eta gomendagarria. Hala ere, lasterketa gogorrak dira, eta asko entrenatu behar da. Goierriko 2 Handiak probako ibilbideak ia 90 kilometroko luzera du. Horrelako lasterketetan bi proba izaten ditugu korrikalariok: bata, fisikoa, lasterketa bera, eta bestea, mentala, buruarekin izaten dugun borroka.

Eta nola entrenatzen da korrikalari bat mota horretako lasterketetarako?

Denbora asko behar da. Nik, normalean, astean sei entrenamendu egiten ditut. Errepidean egindako serieak, gimnasioan egindako indar ariketak eta mendian egindako korrikaldiak eta bizikleta saioak uztartzen ditut. Horiez gain, asteburuan, hiruzpalau orduko saioak egiten ditut mendian, 30 kilometro ingurukoak. Azken finean, ordu asko behar dira.

Nola prestatu duzu biharko lasterketa?

 

Azken bi asteetan karga gutxiagoko saioak prestatu dizkit entrenatzaileak. Aurreko asteetan, karga handiagokoak edo luzera handiagokoak egin nituen. Serieen kasuan ere, errepikapen gutxiagoko edo pultsazio baxuagoko saioak egin ditut azken asteetan. Lasterketaren aurreko egunetan gorputzak pixkanaka atseden hartzea ere beharrezkoa da.

Ibilbidea gainbegiratzeko tarterik izan duzu?

Zati handi bat ezagutzen dut, Negu Trail edo T3T mendi lasterketetako zenbait zati dituelako. Horrez gain, askotan ibili naiz Alegia eta Altzo inguruko mendi bide eta tontorretan. Hala ere, ez dut osorik edo etapaka egiteko tarterik hartu. Zentzu horretan, sorpresa bat izango da.

Eta kanpotik ikusita, zer iruditzen zaizu?

Oso polita. Herri txiki asko igarotzen ditu, tartean, Alegia, eta horrek ikaragarri erakartzen nau. Beti joaten gara kanpoko lasterketetara; orain, etxean bat izanda, nola ez dugu bada parte hartuko!

Hain justu, herri txikiei ikusgarritasuna ematea du helburu.

Oso polita da, hala, korrikalariok herri horiek ezagutzeko aukera izango dugu. Bestetik, ibilbide bazterrean zale gehiago izatea ahalbidetuko du, eta hori oso gustuko dugu korrikalariok. Gure kasuan, eskualdekoak izanik, ezagunak ere izango dira ikusleen artean.

Zer helburu izango duzu?

Lehenik, amaitzea. Ez dut denborarik buruan; alde horretatik, nahikoa galduta nago. Goizean goiz irtengo garela jakinda, freskura aprobetxatu nahiko nuke, eta hortaz, abiadura azkarrean abiatu. Gero, erritmoa jaisten joango naiz, indarrak neurtzen. Azken tontorrean dena ematen saiatuko naiz, eta ea jaitsiera ondo egiteko gai naizen.

Bi zati oso desberdin ditu lasterketak, ezta?

Bai. Lehen erdiak gorabehera gutxi ditu. Belabietara igo ondoren, Berastegira jaitsi arte nahiko eramangarria da. Bigarren erdian, baina, etengabe ibiliko gara gora eta behera. Indarrak gorde beharko dira zati horretarako.

Nolako lasterketa aurreikusten duzu?

Nahiko azkar hautsiko da. Gainera, kontuan izan behar da bikotean egiten dutenak ere gurekin abiatuko direla, eta haiek erritmo biziagoan aterako dira. Banakako lasterketan, askotariko korrikalariak egongo gara, baina asko ez garela jakinda, litekeena da gutako asko bakarrik joatea. Binaka edo hirunaka joan beharko dugu, bestela luzeegi egingo zaigu lasterketa.

Erlazionatuak

Daviden ametsa, errealitate

Josu Artutxa Dorronsoro ira 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!