Eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduriko Bideo-Podcast Lehiaketa jarri du abian Ataria-k, Laboral Kutxaren babeslegotzarekin. Tolosaldea zure ahotik lehiaketan Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzun beharko diote parte hartzaileek, euren irudimena eta trebezia uztartuz. Ekimenaren helburua Tolosaldeko gazteek eskualdea nola irudikatzen duten ahoz eta irudiz islatzea da, parte hartzea eta talde lana sustatuz eta balio positiboak bultzatuz, bideo originalen ekoizpen eta difusioaren bidez.
Hiru pertsonaz osatutako taldeetan parte hartu beharko da, eta partaide guztiek Ataria.eus-en eskuragarri dagoen inskripzio fitxa bete beharko dute. Irailaren 8tik 23ra bitarteko epean eman beharko da izena. Ondoren, lanak aurkezteko epea zabalduko da. Irailaren 24tik urriaren 14ra bidali beharko dira grabaketak tolosaldeazureahotik@gmail helbidera.
Grabaketari dagokionez, 5 eta 15 minutu artean irauten duen bideo labur bertikal bat aurkeztu beharko dute partaideek. Gaia irekia izango da, baina eskualdearekin lotura izan beharko du eta euskaraz izan beharko da. Bideoak originala eta beste inon erabili gabea izan behar du. Horretarako, partaideek elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozer erabil dezakete. Bideo guztiak Ataria.eus-en ikusgai egongo dira.
Hiru sari emango dira. Batetik, 16 eta 18 urte bitartekoen arteko saria. 400 euroko bonua jasoko du epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldekide bakoitzak, tokiko merkatari elkartetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko. Bestetik, 12 eta 15 urte bitartekoen artean epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duten taldeko kideek 300 euroko bonua jasoko du. Azkenik, webguneko erabiltzaileek bozketa bidez aukeratutako bideoaren egileek Ataria-ko materiala izango dute opari.
Urriaren 15etik 22ra izango da bozketa fasea, eta urriaren 24an jakinaraziko dira irabazleen izenak, horretarako egingo den sari banaketa ekitaldian. Edozein zalantzaren aurrean, Ataria-rekin harremanetan jar daitezke lehiaketan interesa dutenek.
Ataria-k eskualdeko gazte guztiak gonbidatzen ditu ekimenean parte hartzera, eta euren sormena praktikan jarriz eskualdeari buruz duten ideia zabaltzea.