Tolosaldeko euskaltegietan izena emateko epea ireki dute

Ataria 2025eko irailaren 3a

Tolosako Aitzol udal euskaltegian eta Tolosaldeko AEKn izena emateko aukera dago irailaren 17ra arte. Eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera.

Aitzol udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEKk 2025-2026 ikasturtean eskainiko diren euskara ikastaroak aurkeztu dituzte. Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Izen ematea, irailaren 17ra arte egongo da irekita eta matrikulazio kanpainaren berri emateko Zizurkilen bildu dira, euskaltegiko arduradunekin batera, udal ordezkariak, euskara irakasle, ikasle, teknikari eta euskalgintzako eragileak. Aurten, Tolosaldeko Alfabetatze eta Euskalduntze Mahaiak Apuntatú leloa aukeratu du kanpainarako. 

Herrian bertan euskara ikasteko aukera ez dutenek ere, herritik gertu izango dute aukera, zonalde guztiak kontuan hartuz antolatu baitituzte euskaltegiek ikastaroak. Aitzol udal euskaltegiko zuzendari Josebe Izagirrek garrantzia eman dio etxetik gertu euskara ikasteko aukera izateari: «Tolosaldeko herritarrek euren beharretara ondoen egokitzen den ikastaroa topatuko dute eskualdean. Ikasturte honetan ere, eskualdeko hainbat herritan izango da euskara ikasteko aukera, euskara gertu izango dute herritarrek, eta, nola ez, saiatuko gara euskara ikastea esperientzia aberasgarria eta baliagarria izan dadin ikasle ororentzat».

Tolosaldeko AEKko Olatz Peñagarikanok aipatu du euskara ikasteak baliagarria izan behar duela Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. «Euskarak izan behar du harrera hizkuntza eskualdeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza. Izan ere, euskaraz dakigunok ere ardura handia dugu normalizazio prozesuan, eta beraz, etorri berriak euskara ikasten duen eran, euskal hiztunok ere egunerokoan erabili behar dugu hizkuntza, euskara bizi eta osasuntsua izan dezagun».

Herritar ugari euskaldundu dira Tolosaldeko euskaltegietan, baina oraindik pausu hori eman ez dutenak ere badirela aipatu du Izagirrek: «Gaurko agerraldia aprobetxatu nahiko genuke, bereziki, herritar horiei dei egiteko eta euskara ikastera animatzeko». A1 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinarri oinarritik ikastetik hasi eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da eskualdean. 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena.

Diruz lagunduta

Aitzol udal euskaltegiko zuzendariak aipatu du eskualdeko udalek ahalegin «handia» egiten dutela euskara ikastaroak diruz laguntzeko, beti ere udalek edota Eusko Jaurlaritzak jarritako baldintzak betez gero. «Kasu batzuetan ikastaroak % 100ean finantzatzen dituzte erakundeek. Herri bakoitzeko udalaren edota gainerako erakundeen laguntzen berri izateko, udaletxean edo euskaltegietan galdetzea gomendatzen dugu. Honetaz gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako diru laguntza». 

Izagirrek eta Peñagarikanok euskaltegietara gerturatzeko deia egin dute, galdetu eta informazioa jasotzeko. Ahal dela, matrikulazio garaiak irauten duen bitartean azaltzeko eskatu dute arduradunek, euren lana errazteko.

MATRIKULAZIOA
  • Aitzol udal euskaltegia
    • Helbidea. Rondilla kalea, 35. Tolosa
    • Ordutegia. 09:00 - 13:00 / 16:00 - 19:30
    • Telefonoa. 943 65 10 06
    • E-posta. aitzolue@tolosa.eus
    • Eskaintza. Tolosan erroldatuek eta gainerako herrietakoek ere eman dezakete izena udal euskaltegian.
  • Tolosaldeko AEK
    • Helbidea. Plazaola kalea, 2. Andoain
    • Ordutegia. 09:30 - 13:00/ 16:00 - 19:30
    • Telefonoa. 943 59 71 04 / 688 74 66 43
    • E-posta. andoain@aek.eus
    • Eskaintza. Ikastaroak Zizurkilen, Villabonan eta Asteasun, Anoetan eta Iruran, Ikaztegietan eta Alegian, Ibarran eta Lizartzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!