Ireki dute Aitzol udal euskaltegian izena emateko epea

Ataria 2025eko irailaren 1a

Irailaren 17ra arte egongo da zabalik matrikulazioa. Ikasle tolosarrek matrikularen % 5 soilik ordainduko dute B2 mailara arte.

Tolosako Aitzol udal euskaltegiak zabaldu du 2025-2026 ikasturteko matrikulazioa. Aurten ere maila guztietako ikastaroak eskainiko dituzte, goizez eta arratsaldez, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegira joateko. 16 urtetik gorako herritarrek irailaren 17ra arte izango dute aukera izena emateko eta horretarako bi aukera izango dituzte: aurrez aurre, Gorosabel eraikineko hirugarren solairuan astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era; eta bestetik, Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan, Internet bidez. Informazio gehiago nahi dutenek, aitzolue@tolosa.eus helbidera edo 943 65 10 06 telefonora jo dezakete.

Ikaslea zein ikasmailatan kokatu erabakitzeko sarrera-proba bat egiten dute euskaltegian, ikasturte hasieran. Hona hemen 2025-2026 ikasturteko eskaintza: 

Maila Eguna Ordua
A0 Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna 09:30-11:30
A0 Astelehena, asteartea, osteguna 15:30-17:30
A1 Astelehena, asteartea, osteguna 09:30-11:30
A1 Astelehena, asteartea, osteguna 15:30-17:30
A1  Asteartea, asteazkena, osteguna 18:00-20:00
A2 Astelehena, asteazkena, osteguna 09:30-11:30
A2 Astelehena, asteartea, osteguna 15:30-17:30
B1 oinarrizkoa Astelehena, asteartea, osteguna 09:00-11:00
B1 aurreratua  Asteartea, asteazkena, osteguna 09:00-11:00
B1 oinarrizkoa Astelehena, asteazkena, osteguna 15:30-17:30
B1 aurreratua Astelehena, asteazkena, osteguna 15:30-17:30
B2 Asteartea, osteguna 09:30-11:30
B2  Asteartea, osteguna 15:30-17:30
Mintza jubilatuak Astelehena 09:30-11:30
C1 Astelehena, asteazkena 09:00-11:00
C1 Astelehena, asteazkena 15:30-17:30
C1 (jardun bikoa) Astelehena, asteazkena 18:10-20:10
C2 Astelehena, asteazkena 16:00-18:00
C2 Asteartea, osteguna 16:00-18:00
C2 Astelehena, asteazkena 18:00-20:00
C2 Asteartea, osteguna 18:00-20:00
A1 Autoikaskuntza Autoikaskuntza
A2 Autoikaskuntza Autoikaskuntza
B1 Autoikaskuntza Autoikaskuntza
B2 Autoikaskuntza Autoikaskuntza
C1 Autoikaskuntza Autoikaskuntza
C2 Autoikaskuntza Autoikaskuntza

Ordu-kopuruaren araberakoa da ikastaroaren prezioa. Tolosako Udalak ikastaroaren ehuneko bat ordaintzen die Tolosan erroldatutako ikasleei, diru laguntzen bidez: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, % 95;  C1ean, % 75; eta C2an, % 50. Ehuneko horiek ikasturte hasieran aplikatzen dira, eta, beraz, ikasle tolosarrek soilik % 5 ordaintzen dute B2 mailara arte (C1koek, % 25; C2koek, % 50). Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, falta den zatia kobratzen zaie. Tolosaldeko udal gehienek ere ematen dituzte diru laguntzak, baita Eusko Jaurlaritzak ere.

Andu Martinez de Rituerto alkateak esan du udalak pauso «erabakigarria» eman zuela iaz, diru laguntzak nabarmen areagotuta. Erabaki horren eragina sumatu dela aipatu du alkateak: «Ikusi dugu funtsezkoa dela erraztasunak jartzea, horrela lortzen dela herritar gehiago animatzea, eta hori da gure asmoa: euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugu, eta erakundeon betebeharra da horretarako bideak jartzea». Martinez de Rituertok euskaltegiaren eskaintza baliatzeko deia egin die herritarrei, eta euskara ikastera eta hobetzera animatu ditu tolosarrak.

Euskara erabiltzeko deia

Aurtengo matrikulazio kanpainak Euskara erritmo bizian leloa darama. Bi mezu helarazi nahi dituzte horrekin: batetik, euskara ikastea «prozesu bizia eta dinamikoa» dela, eta, bestetik, ikastea soilik ez, erabiltzea dela funtsa, euskarari bizia ematea.

Josebe Izagirre euskaltegiko zuzendariak aipatu duenez, zerbitzuari buruzko iritzia jasotzeko, joan den ikasturte amaieran galdetegia helarazi zieten ikasleei, eta emaitzak onak izan omen ziren: «Batez beste, 8,4ko balorazioa egin zuten ikasleek. Irakasleen jarduna nabarmendu zuten». Hobetzeko arlo batzuk ere aipatu zituzten ikasleek, nagusiki, azpiegiturekin lotuta. Horren harira, moldaketa batzuk egin dituzte udan: batetik mahaiak eta aulkiak aldatu dituzte hiru gelatan, erosoagoak izan daitezen, eta, bestetik, bi arbel digital erosi dituzte, maila altuetako ikastaroetan erabiltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!