Eta zer ez da (ez)berdin

Elduaien-Zubeldiatarrak aurrez aurre

Ataria 2025eko martxoaren 27a

Aitor Elduaien eta Unai Zubeldia osaba-ilobak aurrez aurre.

Zer da Unai / Aitor zuretzat?

Aitor: Etxeko txiki handia jada! Garai batean etxera etorri zen aurreneko txikia, arrebaren semea, eta orain handi handi daukaguna.

Unai: Erreferente bat. Txikitatik ikusi izan dut figura eredugarri bezala, eta nolabait bere pausoak jarraitzen joan naiz, hein handi batean.

Nola definituko zenuke?

Aitor: Mutil tematia, eta ideiak beti garbi izan dituena eta pilatu dituena. Gaur egun ogibide duenari apustua egin zioena, eta bera irabazle atera dena.

Unai: Langilea. Bere helburuengatik borrokatzen jakin du, eta bere bidea egiten eta jorratzen jakin duena.

Ezaugarri positibo bat?

Aitor: Unai pertsona ona da eta hori dauka oso positiboa. Ogi puska bat da, baina, aldi berean, hankak lurrean dituena, eta bere gaztetasunean heldua.

Unai: Profesional bezala oso ona dela, eta talentu naturala duela. Halere, lan asko egin du bere dohainak ustiatzen, eta horregatik da erreferente bat bere lanean.

Ez hain positiboa?

Aitor: Beharbada zenbaitetan apalegia izatea. Maiz, euskal izaerarekin hain txertatuta daukagun apaltasun hori gehiegizkoa izan daiteke.

Unai: Pena ematen dit geure kirol ibilbideek bat egin ez izana. Berak triatloiak egiten zituenean ni oso umea nintzen, eta orain ni maila nagusian nagoenean berak familiagatik ezin du kirola maila berean egin.

Elkarrekin gustura, nora?

Aitor: Ez dugu maiz elkarrekin bidaiatu, baina furgonetan bidai bat biok bakarrik gustura egingo nuke. Bizikletak furgonetan sartu eta kilometroak egitera!

Unai: Nik ere antzeko, baina posible balitz ingurune menditsu batean. Berdingo lidake Pirinioak, Alpeak, Dolomitak… Edozerk balioko liguke.

Elkarrekin pasatako une bereziren bat?

Aitor: Benta Juan Pito, Belagua… Bertan izandako esperientzia polit hura. Unai oso gaztea zela eta orduan zaletzen ari zela, Tourra Arettera iristen zeneko eguna zen. Ausart ausart, furgoneta Izaban utzi, eta han abiatu ginen bizikletan. Belagua igotzen hasi orduko, txakalaldi bat izan zuen Unaik, eta hantxe geratu zen freskagarri bat hartzen, osabak, furgonetaren bila itzulerako bidea hartzen zuen bitartean.

Unai: Berarekin eta aitonarekin Tourra ikustera joan ginen Tourmaletera, eta hori da txirrindularitzarekin lotuta daukadan lehen oroitzapena. Oso oroitzapen berezia da hura niretzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!