Eskualdeko kirol eta kultur esatari ezagunena da, zalantzarik gabe, Aitor Elduaien (Tolosa, 1975). Hainbat urtetan irratian lanean ibili ondoren azken urteetan Bilboko Mendi Film taldeko prentsa arduraduna da, besteak beste. Unai Zubeldia (Ibarra, 2003) iloba, aldiz, txirrindulari profesionala da gaur egun Euskaltel Euskadi taldean. Biek zaletasun bat partekatzen dute denen gainetik; txirrindularitza.
Urte batzuk atzera botata, zein oroitzapen duzue txirrindularitzarekin?
Unai: Erresistentziako kiroletan 13 edo 14 urterekin hasiko nintzen. Lehenik, herriko krosetan hasi nintzen korrika, eta ondoren osabarekin hasi nintzen bizikletan ibiltzen. Behin har hori sartuta, entrenatzeko gogoa ere sartu zitzaidan, eta gaur arte hemen jarraitzen dugu. Gogoan daukat osabak eta biok Larraitz igo genueneko lehen aldi hura, eta nola igotzen hasita osabari galdetzen nion ea asko geratzen zen. Gutxinaka ibilbideak luzatzen joan ginen. Beti garbi izan dut bizikleta zela nire zaletasun handiena.
Aitor: Nik ere onartzen dut kirola egiteko garaian bizikleta dudala gustukoenetakoa. Eta ez ibiltzea bakarrik, ikustea ere ikaragarri gustatzen zait. Betidanik oso txertatuta izan dut txirrindularitza. Nire aita ere gehitu genezake mahai honetara. Donostiako Klasikoaren eguna oso berezia izan da guretzat. Oporraldia beti Getarian egiten genuen, eta, ia beti goizean bertatik pasatzen zenez, hura hondartzatik ikusten genuen. Ondoren, arratsaldean, Donostiara mugitzen ginen. Guretzako liturgia moduko gauza bat izan zen hura urte batzuetan. Denak helmugaratzen ikustea polita izaten zen, baina, are politagoa izaten zen gauean Bulebarrean jokatzen zen kriteriuma. Ni harekin zaletu nintzen! Belodromoan jokatzen ziren Sei Orduak ere oso gustuko nituen.
Zu Aitor, triatloian ibilitakoa ere bazara.
Aitor: Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran edo hasiko nintzen ni triatloian. Urte asko izan dira bidean, eta, urteren batean edo huts egingo nuen, baina urtero egin izan dut batenbat.
Orain txirrindulari profesionala zara zu Unai, baina gogoan duzu Tolosako txirrindulari eskolan hasi zineneko lehen egun hura?
Unai: Lehen aipatutako familiako irteera haietako batean, Leaburura joan nintzen, eta, gustura sentitu nintzenez, gurasoei aipatu nien izena eman nahi nuela txirrindulari taldean. Kuadrillako lagunei aipatu ondoren, beste lagun bat ere animatu zen, eta biok joan ginen Oriako Txirrindulari Taldera. Aitor Aierzak utzi zizkigun taldeak zituen bi bizikleta zahar, kanbioak koadroan zituen haietako bat! Urtebete edo egin nuen bizikleta harekin, aitak aluminiozko bat erosi zidan arte. Hura da nire lehen oroitzapena. Geroztik euri dezente egin du!
Ilobaren ibilbide guztia jarraitu duzu zuk Aitor.
Aitor: Bai, bete-betean! Asko gogoratzen naiz bere hastapenez. Nola lagundu zioten berak aipatutako Aierzak, Abraham Olanok… Oriakon zailtzetik, gutxinaka bidea egiten joan da. Bere eboluzio guztia ikusi dugu, bereziki gorputzarena. Planta bikaina hartzen zihoala ikusten genuen. Gutxinaka bere errendimendua goraka zihoala ere ikusten genuen, eta pasioa ere bazuela. Afizionatuetan ere urte polit batzuk egin zituen, eta halako batean profesionaletara jauzia egiteko aukera iritsi zitzaion.
Zuk, aldiz, Unai, osabaren ibilbidea gertutik bizi izan duzu?
Unai: Oso umetako oroitzapenak baditut. Ez dakit zenbat urte izango nituen, baina aitona-amonen etxean nengoela, Aitor irratian hitz egiten hasten zen unean bolumena igotzen genuen! Aitor entzun beharra zegoen! Oroitzapen hura daukat. Ondoren bai, gehiago jarraitu dut bere esatari ibilbidea. Oso txikitatik joan izan naiz, esaterako, Mendi Filmeko saioetara, baita Tolosako Mendi Tourrera ere.
Profesional moduan egin zenuen lehen saioaz gogoratzen zara Aitor?
Aitor: Irratian eta profesional bezala, 17 edo 18 urte nituenean izango zen. Gaztea irratia hasi berri zen hartan, irratiformula egiten hasi nintzen. Edurne Ormazabalek eta Jaime Otamendik ireki zizkidaten ateak, eta orduan hasi nintzen mundu horretan sartzen. Lo-zorroan sartuta zegoen gazte bat nintzen, eta konturatzerako mundu profesionalean murgilduta nengoen. Tolosan, oso kuadrilla mugitua nuen gauzak antolatzeko garaian, eta askotan irteera haietara joan gabe geratzen nintzen lanera joan beharragatik. Oso gauza aberatsa bezala gogoratzen dut, baina gaztetako gauza batzuk galdu izanaren sentsazioa ere badaukat. Ez nengoen oso jantzita musikaren munduan, baina beharra da erakusle onena.
Profesionaletan egindako lehen lasterketa nola gogoratzen duzu?
Unai: Oso estreinako polita izan zen iazko Saudi Tourrean (Saudi Arabia, Asia). Ordura arte, bai jubenil mailan eta baita afizionatuetan ere, etxetik ordubetera jokatzen ziren lasterketak jokatzera ohituta nengoen. Hara joateko, aldiz, hegazkinean bi egun, guretzako txarter hegaldi bat, hotelak… Dena berria zen niretzat. Herrialde berri bat, Frantziako Tourreko antolakuntzarekin… Oso gogoan daukat egun hura.
Aitor: Bere lehen egunean ihesaldi ona hartu zuen, eta kamara aurrean denbora askoan ibili zen. Eguneko protagonistaren nagusiaren saria ere irabazi zuen, eta maillot bat ere jantzi zuen eguna amaitzerako.
Unai: Ihesaldian esprint bat irabazi nien aurkariei, eta nire lehen egunean maillot berezi batekin amaitu nuen.
Aitor, gaur egun, hara eta hona ibiltzen zara asteburu askotan hainbat kirol ekitalditan. Zenbat ekitaldi izaten dira urtea amaitzerako?
Aitor: Ez dira hainbeste izango. Gaur egun eta sareek ematen duten oihartzunarekin, badirudi izugarri direla, baina urtean 15 saio inguru izango dira. Zerbait bada, baina ez nabil asteburuero. Mendi lasterketak, txirrindularitza edo triatloia uztartzen ditut gehienbat. Beste ekitaldi batzuk egiten ditudan arren, kirolean sentitzen naiz erosoen. Halere, kultur ekitaldietan ere gustura aritzen naiz.
Zer behar du hizlari edo esatari on batek?
Aitor: Batetik, hizkuntza jarioa, eta, hizkuntza bat baino gehiago hitz eginda, oraindik eta hobeto. Horrez gain, garrantzitsua da giroak edo momentuak irakurtzen jakitea, bai protagonistekin edo publikoarekin. Eta amaitzeko, antolakuntzarekiko gertutasuna. Hiru hanka horiek nabarmenduko nituzke; atletak, publikoa eta antolakuntza. Hiru hanka horiez gain, oso garrantzitsua da ondo dokumentatuta egotea.
Bigarren urtea daramazu profesionaletan Unai. Jauzi handia al da afizionatu mailatik profesionaletara?
Unai: Bai, jauzia oso handia da, eta edonork onartuko du hori. Egokitzapen hori ez da batere erraza izaten. Askoz ere erritmo altuagoan korritzen da, lasterketa luzeagoak eta azkarragoak dira, eta aurkariak genetikoki aukeratu batzuk dira. Haien esku dagoen guztia ondo egingo dute, ondo entrenatu, ondo zaindu, bikain korritzen dute… Gorengo maila da, eta oso zaila da bertan nabarmentzea. Halere, alde handia dago lehen urtetik bigarrenera. Aurtengo urteak errazagoa beharko luke.
Zuk, Aitor, inoiz pentsatu zenuen Unai profesional izatera iritsi zitekeela?
Aitor: Onartu behar dut baietz! Halere, mundu hau ondo xamar ezagututa, jakin banekien, gehiago zela fantasia bat gerta zitekeen zerbait baino. Egia da Laboral Kutxako azken urtea oso polita ateratzen ari zela, eta ez naiz emaitzengatik soilik ari. Jarrera eta pasioa zituen. Eta bestalde, daukan gorputza! Zortez, Euskalteletik deia iritsi zitzaion, alegia, etxeko taldearena.
Unai: Nik ez nion neure buruari presio berezirik jartzen profesionaletara jauzia egiteko. Lasai nenbilen ikasketak paraleloki egiten, eta inongo momentutan ez nuen burua jaten horregatik. Euskaltelen deiak niri ere sorpresaz harrapatu ninduen. Ez nuen espero, eta egun batzuetan inori ez kontatzeko eskatu nien etxekoei.
Zein da zuen ogibidearen gauzarik ederrena?
Aitor: Ordutegi finkorik ez izatea! Gehiengo handi batean, nire buruaren jabe naiz, baina zenbat ordu joaten diren… Bestalde, langintza honetan jendea ezagutzeko aukera ere eskertzekoa da.
Unai: Nik ere ordutegi malgua daukat! Entrenatu beharra daukat, baina egun guztia daukat horretarako. Eta beste alde batetik, bidaiatzeko aukera izatea. Leku askotara iristeko aukera paregabea da txirrindularitza. Okerrena, txirrindularitza profesionalaren burbuila honetan ez dela denbora askorik izaten lekuak ondo ezagutzeko. Askotan, hegazkinetik hotelera, hoteletik lasterketara, eta berriro hotelera joaten gara.
Eta okerrena?
Aitor: Lehengoari lotuta, batzuetan eskaintzen diogun gehiegizko dedikazioa. Horrek inguruan eragin dezake. Bestela, gauza txar askorik ez dauka nire langintzak.
Unai: Exijentzia gorena eskatzen duela. Bakoitzak bere buruari jartzen dionaz gain, kanpotik jasotzen duzunak eta zeure onena eman nahi horrek dezente itotzen du bat.
Inoiz kointziditu izan duzue bat esatari lanetan eta bestea bizikleta gainean?
Aitor: Ez, eta ni ilusio horrekin nago! Profesional denetik, badaukat ilusio hori, alegia, bere berri emateko edo bere kontakizuna egiteko. Ederra litzateke, esaterako, Itzulian bertan biak bat egitea.
Unai: Ez dugu kointziditu, ez! Hori bai, behin Behobia-Donostia lasterketa batera korritu genuen. Txirrindularitzara itzulita, niri ere ilusio handia egingo lidake Itzulian edo Ordiziako Klasikoan biak elkartzea.