Ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoz Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina jarri du martxan UEMAk. Udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu eta, era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak zabaldu dituzte; bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernarien eta ostalarien banakako bideoak ondoren.
Euskaldunei zuzendutako kanpaina dela eta euskaraz bizi garenoi «begiak irekitzeko» helburua duela ohartarazi du Eneritz Maizek, UEMAko Tolosaldeko teknikariak: «Askotan pentsatzen dugu parean dugun tabernariak edo dendariak azalaren kolorea bestelakoa duelako edota jatorriz beste toki batekoak delako ez duela euskaraz jakingo. Aurreiritzi horiek baztertzeko eta, kanpaina honekin, edozein taberna edota dendetara goazenean lehenengo hitza euskaraz egiteko deia egin nahi diegu herritarrei».
Eneritz Maiz: «Euskara ukatzen diegunean, nahi gabe izan arren, bertakoa izatea edo sentitzea ere ukatzen diegu»
Lehenengo hitzak bigarrena ekar dezake eta hirugarrenetik aurrera osatu daiteke elkarrizketa oso bat euskaraz. UEMAko teknikariaren ustez euskaldunok ezin diegu ukatu pertsona hauei euskaraz aritzeko aukera, ezta eskubidea ere. «Euskara ukatzen diegunean, nahi gabe izan arren, bertakoa izatea edo sentitzea ere ukatzen diegu. Alderantziz, euskaraz hitz egiten diegunean, herrien eta kulturen arteko zubia sendotzen dugu».
Establezimendu batera joan eta lehenengo hitza gaztelaniaz egiteak, berriz, ateak ixten dituela uste dute mankomunitateko kideek: «Erdaraz zuzentzen bagatzaizkio mostradorearen edo barraren bestaldean dagoenari, litekeena da hark erdaraz jarraitzea. Lehen hitza euskaraz egin eta, gero, euskara ulertzen ez badu aldatuko dugu hizkuntza edo saiatuko gara beste hitzekin ulertarazten, baina euskaldunok ez dezagun behintzat moztu bidea lehenengotik».
Bigarren kanpaina
Orain martxan jarri den ekimena ez da hutsetik abiatzen. 2021-2022 ikasturtean UEMAk Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoa martxan jarri zuen Zaldibian, bertako udalarekin eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearekin (HUHEZI) elkarlanean. Euskararen erabilerari eutsiz jatorri ugaritako familien arteko elkarbizitza zaintzeko Lardizabal herri eskolan abiatutako prozesua aitzindaria izan zen eta, gerora, UEMAko kide diren beste 35 eskolatan jarri dute martxan. Tartean dira Tolosaldeko hainbat ikastetxe ere –hirugarren ikasturtea dute Ibarrako Uzturpe ikastolan; bigarrena Lizartza, Alegia eta Asteasuko eskoletan; eta aurten hasi dira Ikaztegietan eta Anoetan–. Egitasmoa garatzen ari diren zenbait udalerritatik kezka adierazi diete mankomunitateko teknikariei, ohartu baitira ume arrazializatuei gaztelaniaz egiteko joera handiagoa dagoela; ez eskolan, bereziki, baina bai kalean edo beste jardueretan dabiltzanean.
Ezinegona jaso eta UEMAk lehenengo Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina diseinatu zuen 2023an, Euskara eta kulturartekotasuna proiektua martxan zegoen bost ikastetxeetako gaztetxoak protagonista hartuta. «Non ez diren iritsi berriak, gure herrietako eskoletan ibiltzen diren ume guztiak dira euskaldunak, hemen jaiotakoak izan edo kanpotik txikitan hona etorritakoak, euren gurasoak jatorri batekoak edo bestekoak izan. Aniztasun hori dagoeneko badago gure ikasgelatan». 16 gaztek hartu zuten parte kanpainan eta Maizen hitzetan zaila da neurtzen kanpainak izan zuen arrakasta: «Oihartzuna izan zuen eta UEMAtik aparteko udalerrietan ere sortu zuen interesa. Eskola batzuetan beren lanketa propioak egin zituzten eta soka ekarri zuen gaiak. Arrakasta? Zaila da esaten, kontzientziazio lan hauek oso pixkanakakoak baitira eta aurrerapausoak ez baitira egun batetik bestera sumatzen».
Lehenengo kanpainak utzi du arrastoa, UEMAk orain erabaki baitu, lelo berarekin eta asmo bertsuekin, beste bat abiatzea, ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren langile arrazializatuekin euskaraz egin dezagun. «Denda eta tabernetan aritzen direnetako askok jatorri atzerritarra dute, eta nahiz eta euskaldunak izan, herritar askok gaztelaniaz egiten diete. Kezka hori ere transmititu digute udalerri euskaldunetan».
Hamabi aurpegi, hamabi ahots
Euskaldunak jadanik ez gara tipologia jakin batekoak, euskaldun izate horretan geroz eta aniztasun handiagoa dago. Uste horrekin sinistuta diseinatu du kanpaina UEMAk eta udalerri euskaldunetan sumatzen hasita dauden joera bat iraultzeko ere bai: «Susmoa dugu euskarari gehiago eusten zitzaiola lehen eta orain geroz eta errazago aldatzen dugula hizkuntza. Moda hori ere iritsi da gure herrietara eta geroz eta nabarmenagoa da gazteen artean gaztelaniara pasatzeko ohitura». Bilakaera horri galga jartzeko jarri dute martxan Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina.
Eneritz Maiz: «Susmoa dugu euskarari gehiago eusten zitzaiola lehen eta orain geroz eta errazago aldatzen dugula hizkuntza»
12 ostalari eta merkatari dira kanpainan parte hartzea erabaki dutenak, argazkirako aurpegia eta bideorako ahotsa jarri dutenak. «Ez da batere zaila izan euskaldun hauek topatzea. Aurrez ezagutzen genituen guk hauetako asko eta batzuei parte hartzeko gonbita egin diegu guk eta beste batzuen arrastoan udalerri euskaldunetako ordezkariek jarri gaituzte», esan du Maizek. Maila altua dutenak daude tartean, eta beste batzuk euskara ikasten ari dira, bidea egiten.
Eneritz Maiz: «Haiek ere ikusten dute euskarak ateak zabaltzen dizkiela eta puntu gehigarri bat dela euskaraz hitz egitea»
Batzuk zein besteek begi onez hartu dute kanpainan parte hartzeko proposamena eta askok euren bizipenak partekatzeko gogoa adierazi dute: «Bizitza osoa daramate hemen eta, hala ere, oraindik gaztelaniaz zuzentzen zaizkiela esaten dute; asperduratik batzuetan, erdi haserre beste batzuetan». Euskarari esker dira euskaldunak eta horregatik eskatzen dute eurekin euskaraz egitea. «Haiek ere ikusten dute euskarak ateak zabaltzen dizkiela eta herri hauetan elkarbizitzarako puntu gehigarri bat dela euskaraz hitz egitea. UEMAko udalerrietako herritarrek asko estimatzen dute bezeroekiko tratuan euskara erabiltzea, dakitena apurra bada ere. Lagunartea eraikitzen, euskarak bertakotzen lagundu die hauetako askori eta geroz eta gehiago praktikatu, orduan era hobeto ikasten dute».
Lehen hizkuntza beste bat duten arren, euskaraz egiteko ahalegina ikusarazteaz harago, kanpainak fokua euskaldunetan jartzen duela dio Maizek. «Itxura jakin bateko pertsona bat ikusi eta hari lehenengo hitza erdaraz egitea ia denoi pasa zaigun gauza bat izan da, gure aurreiritziengatik, seguruena. Pertsona horrek euskaraz erantzuten digunean, egin dugun hanka sartzearekin jabetuta, tonto aurpegiarekin geratzen gara: ‘Biak euskaldunak izan eta zertan ari naiz gaztelaniaz hizketan?’».
Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin. Eta zu zergatik ez haiekin?