Bezeroa gerturatu zaio Rizwan Aliri kafesnea eskatzera: «Aparrik gabea, eta bero-beroa ere ez». Berehala zerbitzatu dio Bizi Nahi jubilatu elkarteko tabernako arduradunak eta adeitsu gehitu dio: «Beroegia dagoela iruditzen bazaizu esan eta botako dizut esne hotza». Kontuak egin dituzte ondoren –umorez dio Rizwanek zenbakiak beste ezer baino lehenago ikasi zituela euskaraz, badaezpada–.
Rizwan Ali du jatorrizko izena, baina Jon bezala ezagutzen dute denek. «Badirudi hemengo jendeari zaila egiten zitzaiola nire izena ahoskatzea, hortaz, hona etorri nintzenean errazena egiten zitzaien moduan deitzeko esaten nion jendeari. Azkenean Jon pakistandarra izenarekin geratu nintzen». Asiako herrialde horretan jaio baina gazterik atera zen lanera, aurrena Greziara, eta ondoren, Espainian egonaldi labur bat egin ondoren, Euskal Herrira. 15 bat urte daramatza hemen.
Lehenengo urteak Azkoitia eta Azpeitia inguruan eman zituen eta han ikasi zuen euskara. «Jakin-min handikoa naiz eta gustatzen zait jendearen istorioak entzutea. Bati eta besteari galdezka hasi eta hitz solteak ikasi bezain pronto, papertxo batean apuntatu eta okasioa nuen aldiro errepikatzen nituen». Rizwanek dio ingurukoek euskara ikastera animatu zutela eta ondo hartu zutela bere aurretiko jarrera.
Kalean ikasi du, nagusiki. Euskaltegian ere aritu zen, baina ez luzaroan. «Ez nituen bi hilabete ere egingo klasetan. Nik euskara kalean ikasi dut, jendearekin hizketan. Okertzeko lotsa handirik gabe eta beti zuzenago aritzeko borondatez». Horregatik eman du izena UEMAren Egin nirekin ere euskaraz kanpainan, bezeroak jakin dezan euskalduna dela eta, beraz, berekin harremana euskaraz egin dezakeela.
Rizwan Ali ‘Jon’: «Tabernara datozenak niregana erdaraz zuzendu eta nik euskaraz erantzuten diedanean, seko harrituta geratzen dira»
«Tabernara datozenak niregana erdaraz zuzendu eta nik euskaraz erantzuten diedanean, seko harrituta geratzen dira, ez dute espero beste jatorri bateko pertsona batek gure hizkuntzan egitea». Horregatik, barraren atzean dagoela, beti egiten du lehenengo hitza euskaraz. Baita telefonoz ere. «Inoiz gertatu izan zait telefonoz norma-normal aritu pertsona batekin euskaraz, eta gero aurrez aurre elkar ikusterakoan zuri-zuri geratzea, nire azal kolorea ikusita. Ez naiz espero zuena».
Euskaraz aritzen baita Rizwan, euskaraz eta azkoitieraz. Baserri batean familia batekin bizi izan zen han inguruan eta bertako hizkera ikasi zuen. Gaur egun bikotekidea duena ere ezagutu zuen Azkoitian, Narcisa Farcas. Errumaniarra da jaiotzez, baina gaztea zela etorri zen Euskal Herrira, 2007an, eta, bertan ikasi zuen euskara, eskolan. «Ez zitzaidan batere zaila egin, segituan ikasi nuen. Askok esaten didate Azkoitiko hizkera antzematen zaidala».
Narcisa Farcas: «Umeei euskaraz egiten diete ikastolan eta haurtzaindegian eta guk haiei, edo gaztelaniaz, edo geure hizkuntzetan»
Bi seme-alaba dauzkate Rizwanek eta Narcisak eta haiekin era guztietara aritzen direla aipatu dute. «Euskaraz egiten diete ikastolan eta haurtzaindegian eta guk haiei, edo gaztelaniaz, edo geure hizkuntzetan hitz egiten diegu. Rizwanek punjaberaz eta nik errumanieraz. Ez dago kuidadorik, gure umeak eleaniztunak aterako dira», esan du Narcisak. Besotan hartuta, seme gazteenari Pintto-pintto kantatzen ari zaiola hitz egin dio ATARIA-ri Bizi Nahi tabernako arduradunak.
Umeak eleaniztunak izango dira, gurasoak bezalaxe. Rizwan: «Euskaraz eta gaztelaniaz aparte, nik ere ikasi dut errumaniera eta, grezieraz eta ingelesez ere badakit. Hizkuntza horiek eta jatorriz nire herrialdekoak direnak ere bai; urdua, Pakistango hizkuntza ofiziala, eta punjabera, nire probintzian hitz egiten dena». Argi du Rizwanek hizkuntzak jakiteak ateak zabaltzen dituela eta urrutira iritsi zaitezkeela jendearekin komunikatzen asmatuz gero.
Familia honek ez du urrutira iristeko pretentsiorik, ordea. Lekutu dira Euskal Herrian eta hemen ondo daudela baieztatu dute; eta nola hemen bizi diren, hasieratik argi xamar eduki dute euskara jakin behar dutela. Are gehiago, eragile ere bihurtu dira Ibarrako Bizi Nahi elkarteko tabernan dabiltzanetik: «Ibarrako San Inazio auzoan, bere garaian Espainiako beste herrialde batzuetatik etorritako jendea bizi da, eta askok ez dute euskaraz hitz egiten. Ez dute egiten edo ez dira egitera ausartzen, urteen poderioz haiek ere ikasi dituztelako hitz batzuk. Nik askotan xaxatzen ditut euskaraz egin dezaten. Badaude bezero batzuk, lehen euskaraz hitz egin ez zutenak eta orain moldatzen direnak».
Ez da Adolfina Garmendia Zubillagaren kasua, hari sehaskatik datorkio euskara. Ibarran bizi da gaur egun nahiz eta Amezketakoa den jaiotzez. «Hemen ondo portatzen zaizkit, ondo egiten didate, hortaz, gustura etortzen naiz». Egunero buelta bat egiten du Bizi Nahi tabernatik kafea hartzeko eta beti zuzentzen zaie Rizwani eta Narcisari euskaraz, baita haien seme-alabei ere; beti edo gehienetan. «Ni ere konturatzen naiz euskaldunak hasita gaudela beste hizkuntzetara saltatzen. Erraz-erraz jotzen dugu gaztelerara, eta ingelesera ez, ez dakigulako, bestela erraz egingo genuke ingelesera ere». Joera hori mozteko Bizi Nahi tabernako arduradunen ahalegina eskertzekoa dela dio: «Ondo iruditzen zait eta hori da, gainera, egin behar dena».
Familiakotzat ditu Rizwanek tabernara egunero etortzen diren bezeroak eta saiatzen da haiekin umorea erabiltzen, haiei irribarre bat sorrarazten. Eskertzen du zeinen harrera ona egiten dion jendeak. Azkena UEMAren kanpainan parte hartzeagatik hedabide batek Tik-Token zabaldutako bideo baten harira jendeak egindako komentarioak nabarmendu ditu tabernariak: «Denak dira hitz onak, inork ez digu esan hemendik alde egiteko. Uste dut jendeak baloratzen duela haien hizkuntzan eurengana zuzentzea». «Euskaraz hobeto hitz egiten du euskaldun askok baino»; «Horrelako jendea nahi dut nire herrialdean»; «Rizwanek ikasi du eta gero medikuntzako karrera ateratzen ari dena ez da kapaz»; «Santiago Abascali burua lehertuko zaio tipo hau ikusita». Gisa horretako komentarioei begira barre egiten du euskaldun-pakistandarrak, harro eta eskertuta.
Bigarren urtea du familiak Ibarrako Bizi Nahi jubilatu elkarteko tabernan eta «oso gustura» daudela baieztatu dute, «beste urte askoan jarraitzeko gogoz». Hizkuntzarekin bezain ekintzailea da Rizwan negozioekin ere eta aurretik Tolosan bertan beste ostalaritza establezimendu bat izan ondoren, asmoa du Korreo kalean berri bat zabaltzeko. «Jan-edanak banatzea da nire asmoa, baina baita nire kultura eta Euskal Herrikoaren arteko zubiak eraikitzea ere». Badaki horretarako gakoa euskara dela.
«Tabernara Latinoamerikako bezeroak etortzen zaizkit maiz eta haiei askotan esaten diet, bidearen erdia eginda daukatela, haiek bat bakarrik ikasi behar dutela, bestea etxetik dakartela. Ni hona iritsi nintzenean hutsetik abiatu behar izan nuen, eta euskara bezalaxe, gaztelania ikasi behar izan nuen», dio Rizwanek.
Ibarrako Bizi Nahi tabernako arduradunak euskaldunak dira, beste herrialde batean jatorria duten euskaldunak eta UEMAren kanpainaren bitartez eskaera luzatu nahi diete bezero guztiei: egin dezatela haiekin ere euskaraz. Gehiago ikasi eta hobeto hitz egin nahi dutelako, auzoan eta herrian errotu nahi dutelako, hizkuntza maite dutelako eta aldarrikatu nahi dutelako euren azalaren kolorea ez dela bateraezina euskaldun izatearekin.