ERREPORTAJEA

Aljeriatik Amaiurrera, Tolosakora

Jon Miranda Labaien 2025ko mar. 16a, 07:58

Amin Boumediene. ATARIA

Aljeriako Amin Boumediene topatuko dute bezeroek Tolosako Amaiur tabernan zerbitzatzen. Lehen hitza beti euskaraz luzatzen du Boumedienek, bezero askoren harridurarako.

Aljerian du jatorria Amin Boumedienek eta gaur egun Tolosako Amaiur tabernako ardura darama. Euskaraz. «Taberna barruko edozein lanetarako dakidan euskararekin moldatzen naiz, edariak zerbitzatzeko edo komandak apuntatzeko. Hortik aurrera gehixeago kostatzen zait elkarrizketei eustea, baina pixkanaka ari naiz ikasten». 

17 urterekin atera zen Aljeriatik Amin eta Gibraltarko itsasartea zeharkatuta iritsi zen Almeriara (Espainiara). Handik Euskal Herrira iritsi eta kale egoeran eman zituen hiru urte, bizimodua ahal zuen moduan ateratzen, harik eta Peñascal kooperatibak eskainitako ostalaritza ikastaro batean izena eman zuen arte: «Ez nuen bereziki gustuko sektore hau, baina besterik ez neukan eta izena ematea erabaki nuen; begira orain non nagoen».          

Leaburuko Ostatuan eman zituen lehenengo urratsak eta orduan izan zuen lehenengo harreman estua euskararekin. «Hara baserritar asko joaten zen eta hizkera itxi-itxia zuten askok, halabeharrez ikasi behar izan nuen euskara haiekin komunikatzeko». 

Tolosako Amaiur taberna. A.A.A.

Handik jaitsi zen Tolosara, Amaiur tabernara, eta aurretik Leaburun ikasitakoan sakontzeko aukera izan zuen. «Egia esaten hasita, egon naizen leku guztietan eskatu didate euskara jakitea. Gaur egun nabilen tabernan ere bezeria oso euskaltzalea da eta euskararekin gogor tematzen zaizkit. Exijitu egin izan didate, baina nik eskertzen diet; horri esker ikasi dut eta akuilu hori izan ez banu, bi hitz txoro jakitearekin konformatuko nintzateke, bertan goxo». 

Amin Boumediene: «Erdaraz zuzentzen zaizkidanean ere euskaraz erantzuten diet eta saiatzen naiz elkarrizketa guztia hizkuntza berean mantentzen»

Horixe baitu Aminek presente, euskararen aldeko kontzientzia: «Nik lehenengo hitza beti egiten dut euskaraz. Erdaraz zuzentzen zaizkidanean ere euskaraz erantzuten diet eta saiatzen naiz elkarrizketa guztia hizkuntza berean mantentzen. Errazkeriara joko banu, diosala erdaraz egiten didatela ikusi eta segituan jarraituko nuke gaztelaniaz. Baina ez, gogor egiten diot neure buruari». 

Ezagunak ditu Amaiurren ibiltzen diren bezero gehienak, eta ez du uste aurreiritziak dituztenik berekin: «Eta inork arabiarra naizelako arazorik badu, hor konpon dadila, niri bost». Barrez kontatzen du euskaraz jakingo ez duelakoan gaztelaniaz gerturatzen zaizkion horiei euskaraz erantzuten dienean geratzen zaien aurpegia. «Ni ere geratzen naiz maiz tonto aurpegiarekin, euskaldunena banintz bezala elkarrizketa euskaraz hasi eta nondik segi ez dakidanean», aitortu du umorez. 

UEMAren kanpainarekin bat egitea erabaki du Aminek baina izan duen oihartzuna ikusita umiltasunez dio, lotsa apur bat ere sentitzen duela, «munduko euskaldunena» balitz bezala azaldu eta gero kontziente delako oraindik mugak dituela euskararekin. 

Besteak beste, euskara maila horretan sakontzeko Amaiur tabernara gerturatzen diren bezeroei Aminek esan nahi die egiteko berekin euskaraz; horrek azkartuko baitu bere euskalduntzea eta bermatuko baitie bezeroei euskaraz bizitzeko duten eskubidea.

Erlazionatuak

Haiek euskaraz, zuk zergatik ez haiekin?

Jon Miranda Labaien mar 16, 07:59 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!