ERREPORTAJEA

Nekazaritzan hasi zen lehen populazioaren bila

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko urt. 12a, 07:58

2018an, Jordanian kokatutako historiaurreko Shubayqa aztarnategian Amaia Arranzek gidatutako ikerketa batek erakutsi zuen ordura arte aurkitutako ogirik zaharrenak 14.400 urte zituela. Aztarna interesgarri asko topatu zituzten, eta batez ere, Asiako hego-mendebaldeko azken ehiztari-biltzaileen eta lehen nekazarien elikagaiak landare-oinarria zuela ulertzen lagundu zuen. «Zalantzarik gabe, nire arkeologia ibilbideko aurkikuntza garrantzitsuena izan zen. Munduan kokatu ninduen», aitortu du tolosarrak.

Oihartzun handia izan zuen eta Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian eman zuten ikerketaren berri. «Gertatu zenean ez nintzen batere kontziente gerora ekar zezakeenaz. Gogoan dut idatzi dudan artikulurik errazena iruditu zitzaidala. Oso erraz egin nuen, eta ez nuen ondo kalkulatu izango zuen oihartzuna. Gainera, idazten ari nintzela aldizkariei horren berri ematea pentsatu nuen. Niri interesgarria iruditzen zitzaidan, baina besterik ez. Gero, sekulako boom-a izan zen», adierazi du. Iranen harrapatu zien industen eta, besteak beste, BBC eta Washington Post hedabideetatik jarri ziren kontaktuan beraiekin, elkarrizketak egiteko. «Eromen handiko egunak izan ziren».

2022an, Europako ERC Starting Grants diru laguntza jaso zuen Arranzek, PalaeOrigins ikerketa-proiekturako. 2023ko irailean abiatu zuen eta bost urterako proiektua da. Proiektuaren garrantzia nabarmentzeko, ekonomikoki duen inpaktua azaldu du: «Espainiar estatuan ematen diren ikerketa-proiektuak 150.000 eurokoak edo gutxiagokoak izaten dira. Egun burutzen ari naizen proiektua, berriz, 1,5 milioi eurokoa da. Proiektu potoloa da. Puntako galderak bilatzen dituzte, baita arrisku apur bat ere».

Orain, ehiztari-biltzaileak soroak landatzen zergatik hasi ziren jakin nahi du. Lehen urte eta erdian, Jordaniako aztarnategietan zentratu dira, duela 15.000 urte inguru hainbat ehiztari-biltzaile bizi ziren inguruan. «Gaur egun, basamortu beltza da, baina datu berriei esker, badakigu duela 15.000 urte landareak eta zuhaitzak zeudela, eta zerealak baino, beste landare batzuk zeudela, hain zuzen, gaur egungo Valentziako txufaren familiako ziperazea batzuk. Hauek tuberkulu batzuk sortzen dituzte, nahiko handiak, hiru zentimetro ingurukoak, eta jangarriak dira», azaldu du.

Ehiztari-biltzaile oso bereziak

Ikerketa taldean askotan pentsatu izan dute ehiztari horiek zerealak jaten zituztela. «Baina ez, badakigu tuberkuluak oso gogoko zituztela», esan du Arranzek. Orain, planteatzen ari direna da hasierako landaretza horietan, nekazaritzaren hastapenetan, ehiztariek txufa eta antzeko landareak landatzen zituztela, eta ezagutza hori ondoren zerealei aplikatu zietela. «Hori da dugun hipotesia. Zereal basatiek, berez, hazi txikia daukate, oso konplexuak dira prozesatzeko, ateratzen duzun etekina oso urria da, eta ez dauka zentzu handirik landatzeak, lan handiagoa suposatzen duelako».

Tolosarrak gaineratu du oraindik ez dela ikertu ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izaterako trantsizioa, ezta Asia hego-mendebaldeko herrialdeetan Neolito aurreko fasea ere, Epipaleolito garaia, alegia; Euskal Herrian Paleolito garaia izango litzateke. «Ehiztari-biltzaile oso bereziak izan ziren, oso konplexuak, eta ordurako Neolito garaian ikusten ditugun elementu asko zituztenak: sedentarioak ziren, zerealak jaten zituzten, ogia egiten zuten edota errotak zituzten. Aurrerakoiak ziren. Hala ere, ez dakigu ezer landareekin egiten zuten erabileraz. Ez dakigu ea beraiek hasi ote ziren landareak landatzen. Eta hori da milioi euroko galdera, ea hura izan ote zen nekazaritzan hasi zen lehen populazioa».

Arranzek dio ikerlari modura beti lotu izan zaiola aipatutako ogiaren aurkikuntzarekin, baina beste gauza asko ere egiten dituztela. «Egia da mugarri izan zela, eta nolabait ere, arkeobotanikari mundurako erakusleiho bat eman zion. Arkeologian landareen garrantzia zein zen mahai gainean jarri zuen aurkikuntza potolo bat izan zen». Orain garatzen ari den proiektua aitzindaria izango da, landareetan oinarritutako biziraupena aztertzeko, eta tolosarrak badaki datozen urteetan artikulu ugari argitaratuko dituztela horren inguruan.

Parisko esperientzia

Diru laguntza jaso aurretik, 2020an, Marie Sklodowska-Curie bekaren bitartez, proiektu baten buru izan zen Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionalean. Arkeobotanikako doktoretza-tesia nekazaritzaren sorreraren inguruan egin zuen tolosarrak, Neolitoan zentratuta, duela 10.000 urte inguru hain zuzen, eta Parisen, «beti amestutako ikerketa-proiektua» egiteko aukera izan zuen: elikagaien aztarnetan zentratutakoa. «Gainera, ehiztari-biltzaileen elikagaiak ez ezik, nekazarienak ere zeintzuk izan ziren ikertzen hastea ahalbidetu zidan, baina ezin izan nuen amaitu».

Proiektuak berez bi urte iraun behar zituen, baina Covid-19aren pandemiaren eraginez, urtebete soilik egin ahal izan zuen. Arkeobotanikariak nabarmendu duenez «ikaragarri polita» izan zen urte hura. «Museoa lorategi botanikoaren ondoan dago, eta ni bezalako arkeobotanikari batentzat egunero landareak ikusten lanean aritzea benetako paradisua da. Ikerlari ugarirekin egoteko aukera izan nuen, guztiak ere oso jatorrak. Materialei erreparatuz, oso ondo kontserbatutako elikagaiak zituzten. Tartean baziren erretakoak, baina forma galdu ez zutenak, eta beraz, joko handia ematen dutenak. Berriro itzuliko nintzateke», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!