Etxebizitzak Saretzen

Tolosaldeko etxebizitzen %85 lehen bizitoki dira

Ataria 2024ko aza. 7a, 11:59

Tolosaldean 2007tik 2023ra etxebizitzen salerosketak behera egin du eta beherakada handiena 2013an eman zen; 2007an 541 etxe saldu ziren, 2013an 278, 2022an 438 eta iaz 407.

EITB-k eta Tokikomek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin lantzea eta oraingoan etxebizitzari lotutako datuak bildu ditu ATARIA-k, proiektuari jarraiki.

Pasa den urteko datuei erreparatuta Tolosaldeko etxebizitza gehienak lehen bizitokiak direla ondorioztatu du ATARIA-k, 19.583 zehazki. Bigarren etxebizitzak edota etxebizitza hutsak 3.387 dira. Herriz herriko datuak ikusita Anoeta, Ibarra eta Irura dira lehen bizitoki gehien dituzten eskualdeko herriak; %93, %90 eta %89, hurrenez hurren. Kontrara, bigarren etxebizitza edota etxebizitza huts gehien —bi datu hauek batera eman dituzte— dituzten herriak Abaltzisketa, Albiztur, Bidania-Goiatz eta Lizartza dira; %34 Abaltzisketa eta Albizturrek, %33 Bidania-Goiatzek eta %32 Lizartzak.

372 EURO GARESTIAGO

2013-2023 epean garestitu egin da metro koadroaren prezioa; 1.950 euroan zegoen 2023an eta iaz 2.322 euroan, hau da 372 euro garestitu da hamar urtean. Igoera etengabekoa izan da, baina 2021ean igoera nabarmenagoa izan zen; 2019an 2.069 euroan zegoen metro koadroa eta 2022an 2.232 eurora igo zen.

Salerosketei ere erreparatu dio ATARIA-k. Jasotako datuen arabera, pasa den urtean 407 etxebizitza salerosi ziren; 29 berriak izan ziren eta 378 bigarren eskukoak. Saldu diren etxebizitza berri horietatik gehienak libreak izan ziren; 2007an Tolosaldean 457 etxebizitza libre egin ziren, 2013an 245 eta 2023an 381. Kopuruak behera egin du beraz. Egin diren babestutako etxebizitzen kopurua nabarmen txikiagoa da; 2007an 84 egin ziren, 2013an 33 eta 2023an 26.

ETA ZENBAT ETXEBIZITZA SALDU DIRA?

2007, 2013 eta 2023 urteetan saldu diren etxebizitzen kopurua zehazteko etxebizitza berriak eta bigarren eskukoak hartu dira kontuan. 2007an Tolosaldean 541 etxebizitza saldu ziren eta kopuru hori da handiena, izan ere, 2013an kopurua nabarmen jaitsi zen eta 278 etxebizitza salerosi ziren, 2022an 438 etxebizitza eta 407 2023an. Orokorrean 2007tik 2023ra bigarren eskuko etxebizitza gehiago saldu ziren eskualdean; 274 2007an, 139 2013an eta 378 2023an.

Bitxikeria bezala aipatu behar da 2013an etxe berri eta bigarren eskuko kopuru bera egon zela, 139, eta urte horretan eman dela salerosketa gutxien. Pasa den urtean oso etxebizitza berri gutxi salerosi ziren, 29 bigarren eskuko etxebizitzak 378 izan ziren—.

JABETZAN EDO ALOKAIRUAN

Tolosaldeko familiak jabetzan, alokairuan edo bestelako egoera batean bizi diren jakiteko 2013ko eta 2023ko datuak bildu ditu ATARIA-k. Eskualdeko familia gehienak jabetzan bizi direla ikusten da eta hamar urtetan kopuru hori jaitsi egin dela; 2013an %85,8 ziren jabetzan bizi ziren familiak eta 2023an %82.

Familia esaterakoan elkarrekin bizi diren pertsonez ari gara, ezkonduak egon ala ez eta euren artean ahaidetasunen bat izan ala ez izan. Eskualdeko datuari erreparatuta alokairuan bizi diren familien kopurua igo egin da; 2013an %9,7 ziren eta %13,6 hamar urte beranduago. Bestelako egoeratan bizi diren familien kopurua berdin mantendu da (%4,4), egoera horretan daude beste norbaitek utzitako etxebizitza batean bizi direnak, adibidez.

Herriz herriko datuei erreparatuta 2013an Elduain zen jabetzan etxebizitza gehien zituen herria (%95,2) eta atzetik zituen Baliarrain (%93,61), Berastegi (%91,19) eta Berrobi (%90,5). Alokairuari dagokionez, Berrobi eta Baliarrain dira etxebizitza gutxien zituzten herriak; % 2,5 eta %3,2, hurrenez hurren. Alokairu gehien zituzten herriak aldiz, Amezketa, Asteasu, Villabona eta Tolosa izan ziren. Bestelako etxebizitzei dagokienez, 2013an Orendainen %8,9 ziren.

2023an alokairuzko etxebizitza gehiago zenbatu zituzten Alegian (%16,4), Tolosan (%15,4), Villabonan (%14,89), Ikaztegietan (%14,21) eta Iruran (%14,9), eta gutxien Berastegin zenbatu zituzten (%2,6). Jabetzan Albiztur, Orexa eta Larraulen zenbatu zituzten; % 93,7, %93,1 eta %91,6, hurrenez hurren.

Eta zein ezaugarritako etxebizitzak daude eskualdean? Bizitoki bezala erabiltzen diren eraikinetako etxebizitza kopuruari erreparatuta ikusten da Tolosa, Ibarra eta Anoeta direla etxebizitza gehien dituzten eraikinak biltzen dituzten herriak; Tolosan batez beste, eraikinek 15,68 etxebizitza dituzte, Ibarrak 14,01 eta Anoetak 12.63. Baliarrain, Larraul eta Albiztur dira gutxien dituztenak; 1,06, 1,72 eta 1,66, hurrenez hurren.

ANTZINATASUNA

Eraikinetako antzinatasunari erreparatuta Elduain, Leaburu-Txarama, Altzo eta Alkiza dira etxebizitza zaharrenak dituzten herriak; Elduainen, batez beste, 77,3 urte dituzte, Leaburu-Txaraman 62,7, Altzon 56 eta Alkizan 55,3. Etxebizitza berrienak Irura (30,9 urte) eta Adunan (35,8 urte) daude.

Etxebizitza horietan igogailu gehien dituzten herriak Tolosa, Irura eta Amasa-Villabona dira. Tolosan etxebizitzen %76,59k dute igogailua, Iruran %73,46k eta Amasa-Villabonan %73,18k. Orexa, Belauntza, Hernialde, Baliarrain eta Albiztur dira igogailu gutxien dituzten herriak.

AZALERA

Azalerari dagokionez, Bidania-Goiatz, Larraul eta Orendain dira azalera handiena duten etxebizitzak dituzten herriak. Bidania-Goiatzen batez beste, 203,3 metro karratu dituzte, Larraulen 177,4 eta Orendainen 149,8.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!