«Hemen geratzen ez banaiz, nora joan naiteke?» galdetzen du Mohammed Bouhrouak (Oujda, Maroko, 2005). Etorkizun bat nahiko luke Euskal Herrian, baina horretarako bizitokia behar du.
Zein izan da zure migrazio prozesua?
2023an iritsi nintzen hona artean adin txikikoa nintzela. Zentro batera eraman ninduten eta bertan egon nintzen 18 urteak bete nituen arte. Handik atera eta kalean geratu nintzen, nora jo ez nuela. Suertez, Peñascal kooperatibakoekin egin nuen topo eta haiei eskerrak aurrera atera ahal izan nuen. Beraien bitartez sartu nintzen familia-sarerik gabeko gaztei laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Trapezistak programan eta laguntza jaso ahal izan dut.
Non bizi zara gaur egun?
Tolosan. Peñascalek gazte migranteei harrera egiteko hiru etxebizitza kudeatzen ditu eta horietako batean bizi naiz, beste hiru lagunekin batera. Badakit, ordea, aldi baterako etxebizitza baino ez dela, ni bezalaxe, kalean geratzeko arriskua duten beste gazte asko daude aterpe gabe eta haiek ere behar dute babesa. Lekua utzi nahi diet orain bizi naizen etxean; horregatik, joan den ekainetik, nire kabuz, etxebizitza, edo behintzat, logela baten bila nabil, baina gauzak oso zail daude ni bezalakoentzat.
Zergatik uste duzu zailtzen zaizkizula gauzak etxebizitza bat alokairuan hartzeko?
Jendeak aurreiritzi asko dauzka. Etorkina naiz, magrebtarra, gaztea eta mutila, gainera. Euren etxea alokatuko balidate arazoak sortuko nizkiekeela uste dute, baina ni mutil zintzoa naiz, ez dut txorakerietan ibili nahi. Ondo portatuz gero, jendeak laguntza ematen dizu. Dagoeneko bi ikastaro egin ditut Peñascalen, bat sukaldaritzari buruzkoa, eta bestea, iturgintza ikasteko. Praktikak ere egin ditut eta, ondo lan egin dudanez, agindu didate kontratua egingo didatela. Zain nago. Eta bitartean, asteburuetan, sukalde batean aritzen naiz lanean.
Zein baldintza eskatzen dizkizute pisu bat alokairuan hartzeko?
Denetarik. Lan kontratu bat nahi izaten du jendeak edo, fidantza gisa, bi hilabeteko errenta aurreratzea. Niretzat diru asko da. Hala ere, baldintza horien inguruan hitz egiteko aukerarik ere ez didate ematen. Antzematen dutenean beste leku batekoa naizela, deituko didatela esan eta ez didate gehiago kasurik egiten. Hori okasiorik onenean, beste askotan, zuzenean esaten didate ez dutela etorkinekin ezer jakin nahi edo telefonoa eskegitzen dute, batere esplikaziorik eman gabe.
Ikasten egotea edo lanpostu bat edukitzea ez al da berme nahikoa etxe jabeentzat?
Itxuraz ez. Ezta gizarte laguntza batzuk jasotzea ere. Erasmus programa ikastera datozenak, gu bezalaxe ikasleak dira, erakunde publikoen laguntzak jasotzen dituzte, baina haiei inork ez die eragozpenik jartzen etxebizitza bat alokatzeko.
Nora jotzen duzu etxebizitza bila?
Idealista bezalako aplikazioetan aritzen naiz begira, baina horietan ere profil bat osatu eta zure datuak publiko egiteko eskatzen dizute. Guri berehala zailtzen zaizkigu gauzak horrela. Eta halako batean baiezkoa esaten badizute, ikaragarrizko errenta altua eskatzen dizute.
Non gustatuko litzaizuke bizitzea? Zein herritan?
Niri igualtsu zait. Errenteriatik Beasain bitarteko herri horietan bizitzea gustatuko litzaidake. Baliteke alokatzeko aukera gehiago egotea herri txikietan baino ez daukat gida-baimenik eta garraio publikoa eskasa izaten da herri horietan.
Hilabete hauetan aukera eman al dizute logelaren bat ikusteko?
Bai, baten bat bai, baino oso prezio altuan daude. Justu ohe bat kabitzen den espazio bat, korridoretxo bat eta armairu bat eskaintzen dizute.
Zein baldintzatan egoten dira ikusten dituzun logelak?
Ez oso txukun. Zikin egon dira askotan eta oso baldintza kaskarretan. Horrelako lekuetan bizi diren lagunengatik dakit mugatu egiten dizkietela zerbitzuak. Astean bi dutxa hartzen utzi eta ur beroa mozten diete. Leku batzuetan astean behin bakarrik erabili dezakete garbigailua, eta beste batzuetan, etxeko jabeak, wifi-a erabiltzeagatik 20 euro kobratzen ditu hilean.
Erregularizazio prozesuarekin aurrera egiteko garrantzitsua da migratzaileentzat errolda agiria edukitzea.
Bai. Zorionez, nik Peñascalen etxean daukat errolda, baina lagunek esanda dakit, logela bat modu irregularrean alokatu eta ukatu egiten dietela errolda agiria. Edo agiri horrengatik errentaz gain,prezio gehigarri bat eskatzen dietela. Gurekin jolasten dute.
Ikusita ohiko bideetatik zaila duzuela, migratzaileok baduzue zuen arteko sarerik?
Bai. Nire herriko ezagunen artean logela bat libre dagoela ikusten dugunean elkarrekin komentatzen dugu. Baina, denontzat ere, zail dago.
Zeintzuk dira zure asmoak aurrera begira?
Hemen geratu nahi nuke eta pausoz pauso joan. Aurrena logela bat alokatu, gero etxebizitza txiki bat. Lan egin nahi nuke ikastetak egin ditudan arlo horretan eta gida baimena atera. Gustura nabil eta hemen geratu nahi nuke. Bestela zein aukera daukat? Nora joan naiteke? Espero dut aurki zerbait aurkitu ahal izatea.