Etxebizitzak Saretzen

Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatu nahian

Jon Miranda Labaien 2024ko aza. 7a, 11:56

Eskualdeko udalek fiskalitatearen bitartez eragiten dute etxebizitza hutsen merkaturatzean, nahiz eta lorpenak mugatuak izan.

Asko dira Tolosaldean, hutsik, erabilerarik gabe dauden etxebizitzak eta eskualdeko bi herri populatuenetako udalek emandako datuek horrela dela erakusten dute. Tolosan, 252 etxe daude hutsik, etxebizitza parkearen %2,6; eta are handiagoa da portzentajea Amasa-Villabonan: %8,7 –guztira, 231 etxe huts daude han–. Etxebizitza hauen merkaturatzea sustatu nahi dute eskualdeko udaletatik.
Xabat Laborde Amasa-Villabonako alkateordea da eta Hirigintza saileko arduradun politikoa. Aitortzen du herrian asko direla hutsik dauden etxebizitzak: «Guk nahi genituzkeenak baino gehiago dira. Helburua kopuru hori minimora jaistea da, baina arlo honetan udalok eragiteko dugun gaitasuna mugatua da. Asko jota, fiskalitatean neurri batzuk har ditzakegu, etxeak hutsik mantentzea zigortuz».

Amasa-Villabonako Udala Etxebizitza plan bat ontzen ari da uneotan eta urtarrilean aurkeztuko du jendaurrean. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin ari dira plangintza zehatz-mehatz marrazteko lanean orain. Neurri sorta bat iragarriko dute urte berriarekin batera. «Besteak beste, lehen hiruhilekoan, asmoa dugu hutsik dauden etxe jabeei bideratutako kanpaina bat egiteko. Etxea alokairuan jartzeko programaren berri emango zaie, zein baldintza bete behar dituzten, zein abantaila dituzten eta zein berme ematen zaien azaltzeko. Eskakizunetarako jarraibideak ere emango zaizkie. Kanpaina berezia izango da, udaletik informazioa emango zaielako, baina baita aholkularitza ere».

Fiskalitatean neurriak

Eskualdeko beste herri askotan bezala, Amasa-Villabonan ere, OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan errekarguak aplikatzen zaizkie etxeak hutsik mantentzen dituzten jabeei. «Helbide horretan inor erroldatuta ez egotea da jarraitzen dugun irizpide nagusia, nahiz eta etxe jabeek beti duten etxe horretan norbait bizi dela frogatzeko aukera. Arrazoi bategatik edo besteagatik bertan erroldatuta egon ez baina jendea bizi bada etxe horretan, alokairu kontratua aurkeztu dezakete edo etxebizitza horretan zerbitzuak erabiltzen direla azaltzeko argindar edo uraren fakturak erakutsi». Alderantziz, Amasa-Villabonan, alokairu sozialerako programaren batean izena emanda duten etxe jabeek %99ko hobaria izaten dute OHZn.

Etxe hutsak eremuka

Herririk handienetan eremu jakin batzuetan kontzentratzen da etxebizitza hutsen kopurua. Tolosan, adibidez, Alde Zaharrean eta Rondilla-Belaten. Amasa-Villabonan ere, Kale Nagusian gainerako auzoetan baino portzentaje handiagoan daude hutsik etxebizitzak. «Etxe horietako asko gainera ez daude egoera onean, konponketak behar dituzte», azaldu du Labordek. Horregatik, 2025eko aurrekontuan diru laguntza lerro bat zabalduko dute etxebizitza horiek birgaitzeko: «Etxe jabeei lagunduko diegu etxebizitza horiek konpontzen, baina baldintza batekin: etxebizitza, ondorengo sei urteetan, Eusko Jaurlaritzaren alokairu sozialerako Bizigune programan sartu beharko dute».

Labordek defendatu du fiskalitatetik haragoko neurriak hartu beharko direla problematikari aurre egiteko: «Ez zaigu iruditzen inork etxea alokairuan jartzen duenik, OHZ doble ordaindu behar duelako». Urtarrilean aurkeztuko duten Etxebizitza planean jasotako neurri zehatzak hutsik dauden etxeei erabilera berri bat emateko bultzada izatea espero dute.

% 2,6

Tolosako etxebizitza hutsak
• 9.614 etxebizitzako parkea du Tolosak eta horietatik 252 daude hutsik .
• Alde Zaharra eta Rondilla-Belate eremuak dira etxe huts gehien dutenak Tolosan, bai zenbaki absolutuetan eta baita erlatiboetan ere.

% 8,7

Amasa-Villabona etxebizitza hutsak
• 2.649 etxebizitzako parkea du Amasa-Villabonak eta horietatik 231 daude hutsik.
• Auzo guztietan daude etxebizitza hutsak, baina Kale Nagusian dago portzentaje handiena eta hangoak dira baldintza okerrenetan daudenak.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!