Etxebizitzak Saretzen

Nola bizi dira eskualdeko familiak?

Ataria 2024ko urriaren 31

Ondorengo grafikoetan Tolosaldeko familiak jabetzan, alokairuan edo bestelako egoera batean bizi diren ikusi daiteke. 2013ko eta 2023ko datuei erreparatuta eskualdeko familia gehienak jabetzan bizi direla ikusten da eta hamar urtetan kopuru hori jaitsi egin dela; 2013an %85,8 ziren jabetzan bizi ziren familiak eta 2023an %82.

Familia esaterakoan elkarrekin bizi diren pertsonez ari gara, ezkonduak egon ala ez eta euren artean ahaidetasunen bat izan ala ez izan. Eskualdeko datuari erreparatuta alokairuan bizi diren familien kopurua igo egin da; 2013an %9,7 ziren eta %13,6 hamar urte beranduago. Bestelako egoeratan bizi diren familien kopurua berdin mantendu da (%4,4), egoera horretan daude beste norbaitek utzitako etxebizitza batean bizi direnak, adibidez.

Herriz herriko datuei erreparatuta 2013an Elduain zen jabetzan etxebizitza gehien zituen herria (%95,2) eta atzetik zituen Baliarrain (%93,61), Berastegi (%91,19) eta Berrobi (%90,5). Alokairuari dagokionez, hain justu Berrobi eta Baliarrain dira etxebizitza gutxien zituzten herriak; % 2,5 eta %3,2, hurrenez hurren. Alokairu gehien zituzten herriak aldiz, Amezketa, Asteasu, Villabona eta Tolosa izan ziren. Bestelako etxebizitzei dagokienez, 2013an Orendainen %8,9 ziren.

2023an alokairuzko etxebizitza gehiago zenbatu zituzten Alegian (%16,4), Tolosan (%15,4), Villabonan (%14,89), Ikaztegietan (%14,21) eta Iruran (%14,9), eta gutxien Berastegin zenbatu zituzten (%2,6). Jabetzan Albiztur, Orexa eta Larraulen zenbatu zituzten; % 93,7, %93,1 eta %91,6, hurrenez hurren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!