Tolosa eta Ibarra elkarturik, Bizibiraz

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko irailaren 20a

Mugikortasun Astean erabat murgildutik, gaurkoan gaztetxoei begirako ekimenak izan du protagonismoa: Bizibirak. Bizikletak Ibarratik abiatu, Ibarra eta Tolosa zeharkatu, eta amaiera festa Zumardiandian egin dute.

Tolosa eta Ibarrako ikasleek, Intujairen gidaritzapean, herriak beste modu batera okupatu daitezkeela sentitu dute gaurkoan, Bizibirari esker.

Bizikletan bira egiteaz gainera, Zumardiandian bestelako gailuez ere disfrutatzeko aukera izan dute etxeko txikienek: zirku-guneaz, xaboi-ponpez, zankoez, trizikloez... Azken batean, Mugikortasun Astearen aurtengo leloarekin bat egin dute: espazio publikoak partekatuz.

Europa mailan egiten den moduan, Tolosa eta  Ibarrako udalek bat egin dute Mugikortasun Astearekin. Gaurkoa, hasiera besterik ez da izan, eta asteburu osoan zehar izango da ingurumenarekin kontzientziatzeko modua. Hala ere, eguraldiak baldintzatuko ditu larunbat eta igandeko ekintzen kokalekuak.

Bizibira girotzen Edurne Ayuso kazetaria aritu da, eta unea Nagore Zubillaga eta Aitor Agirresarobe Ibarra eta Tolosako zinegotziak elkarrizketatzeko baliatu du. Honela, Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotzia Ibarran izango duten berritasunaz mintzatzeko aprobetxatu du: «Bizikleta gunearen obrak jada hasita daude, Garagunean kokatuko da, herriaren erdian, eta lan administratiboak luzatu ahala martxan egongo da, urte berri hasierarako». Honela, bai ibartarrek eta baita Ibarrara doazen herritarrek bizikleta uzteko toki bat izango dute martxan, egunero, 24 orduz.

Bizikletaren erabilera areagotzeko, udaltzainekin elkarlanean, Uzturpe Ikastolara, irailaren 25ean joango direla aurreratu du Zubillagak: «Bizikleta erabiltzeko gonbita egingo dugu, zirkulazio arauak bertatik bertara erakutsiz».

Aitor Agirresarobe Tolosako kirol zinegotzia, bizikletaren erabiltzaile sutsu bezala aurkeztu da. Eta Mugikortasun Astearen barruan izango diren ekimenak gogoratu ditu; asteburuan, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kotxerik gabeko guneak bihurtuko direla gogoratuz. «Tolosak badu Mugikortasun Plana eta asteburuko ekintzak kontzientziatzeko modua izango dira», esan du Agirresarobek.

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!