Aurten, irailaren 16tik 22ra ospatuko da Europako Mugikortasun Astea. Urtero moduan, mugikortasun eredu jasangarriak sustatu asmoz, Tolosak bat egingo du hitzorduarekin, berritasun handi batekin: bi egunez Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua oinezko gune izango baitira. Irailaren 21ean eta 22an, Erdigunea autorik gabe egitasmoa ospatuko da, eta ez da trafikorik izango bi kale horietan –musika eskolaren paretik Gernikako Arbola lorategietako bidegurutzeraino–, espazioa oinezkoentzako berreskuratzeko, zenbait hiritan egiten duten moduan.
Egitasmoa, baina, ez da trafikoa moztera bakarrik mugatuko, espazioaz gozatzeko kirol eta kultur jarduerak antolatu baitituzte asteburu osoan zehar: saskibaloian jokatzeko kantxak, bizikletan edo patinekin trebetasuna lantzeko zirkuituak, kale-antzerkiak, kontzertu bat, bigarren eskuko bizikleta azoka eta puzgarriak, besteak beste. Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkie horiek antolatzen lagundu duten herriko eragile eta taldeei. Rondilla kalearen kasuan, oinezkoentzako eserlekuak jarriko dituzte eta loreontziekin atonduko dute, espazioa atseginago egiteko. Behin ekitaldia pasata, herriko beste gune batzuetan finko utziko dira hor jarritako elementuak.
Rondilla kalea oinezko bihurtzea udalbatzak aho batez onartutako Tolosako Mugikortasun Planean jasotako egitasmoa da. Gisa honetako egitasmoekin, etorkizuneko asmo horien eragina neurtu ahal izango dela azpimarratu du alkateak: «Biharko egunean Rondilla kalea oinezkoentzako gune bihurtuko balitz, gisa honetako probek erakutsiko digute nola eragiten duen eta herriko zein beste puntutan jarri beharko dugun arreta antolamendua hobetzeko».
Egun horietan, autoa hartzea saihesteko aholkatu die alkateak herritarrei: «Kontziente gara aldaketa hauek eragozpenak sor ditzaketela. Arriskatua da egin dugun apustua, baina ausarta ere bai. Beste mugikortasun eredu bat sustatzeko urrats bat da, hausnarketarako bide emango diguna. Urrats gehiago egiten joan ahala, beste herri eredu bat sustatu ahal izango dugu».
Aldaketak, trafikoan
Erdigunea autorik gabe egitasmoak aldaketak ekarriko ditu trafikoaren antolamenduan, eta auzo eta garaje batzuen sarbideari eta aparkalekuei eragingo die. Ostiral goizetik ezingo da trafikoarentzat itxiko den gunean aparkatu, espazioa egokitzeko. Hala ere, trafikoa ez da etengo. Behin ekitaldiak igarota, astelehenean, berriro irekiko da gunea trafikoarentzat, eta desmuntatze-lanak amaitu ahala, aparkatzeko aukera izango da.
Ibilgailuek Rondilla kalearen atzeko aldetik joan ahal izango dute, Belate pasealekura daraman aldetik. Andia eta Inpernu kaleetako garajeetako erabiltzaileek, aldiz, musika eskolaren atzealdetik egingo dituzte sartu-irtenak, inauterietan bezala.
Zumalakarregi kalean bi norabideetakoa izango da trafikoa egun horietan. Ondorioz, ezingo da bertan aparkatu larunbat eta igandean. Trianguloa plazako garajeetako erabiltzaileek, Zumalakarregi pasealekutik Zubiberri aldera irten beharko dute. Soldadu kalea trafikoarentzat zabalik izango da, San Joan kalean aparkatzen dutenek eta Montezkue auzoko bizilagunek atera ahal izan dezaten. Zumalakarregi pasealekutik irtengo dira.
Azkenik, Hiribusaren eta gainerako garraio zerbitzuen geltokiak lekuz aldatuko dira, eta Santa Klarako geltokira lekualdatuko dira.
%70
Tolosan, co2 isurketen %70a trafikoak eragiten du, eta airearen kutsadurak eragina du herritarren osasunean. «Osasunean eragin handia duen beste aldagai bat bizitza aktiboa eramatea da. Kotxea erabili ordez, oinez ibiltzeak onura fisiko ugari ekarriko dizkigu, eta Tolosak, gainera, mugikortasun aktiboa sustatzeko eta autoak albo batera uzteko baldintza guztiak betetzen ditu», adierazi du alkateak.
Ekintza gehiago
Ekitaldi nagusia asteburuarekin batera iritsiko bada ere, irailaren 18an, asteazkena, izango da Mugikortasun Asteko lehen hitzordua. 18:00etan, ikasleen oinezko mugikortasunaren azterketa aurkeztuko dute Gazte Topagunean. Haurren Hiriaren baitan Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek egindako ikerketa bat da, Tolosako hiru ikastetxeekin landutakoa, eta eskolara oinez joateak ikasleengan dituen onurak aztertu dituzte.
Bestetik, Tolosako eta Ibarrako udalek eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean sustatuta, Bizibira haurrentzako bizikleta martxa egingo dute irailaren 20an, ostirala. Intujai antzerki taldeak dinamizatuko du martxa. Ibarrako plazatik abiatuko da karabana, 16:45ean, eta Tolosa zeharkatuko du gero. Bizibirari amaiera emateko, festa egingo dute Zumardiaundian –euria eginez gero, Zerkausian–. Bizikletekin akrobaziak egiteko aukera izango dute haurrek, eta merienda ere egingo dute.
Hiribusaren ibilbide berria
Mugikortasunarekin lotuta, garraio publikoari dagokionez, datozen asteetan, nobedade gehiago izango direla aurreratu du Martinez de Rituertok. Hain justu, Tolosako Hiribusaren ibilbidea aldatuko dute, «zerbitzua are eta tolosar gehiagorengana iristeko helburuarekin». Aurrerago emango dituzte xehetasun guztiak, baina alkateak aitortu du ibilbide berriak aldaketak ekarriko dituela geltoki batzuetan. «Asteak daramatzagu aldaketa hori prestatzen, margotze lanekin, seinalizazioarekin eta geltoki batzuen leku aldaketarekin». Lan horiek amaitu bezain laster emango dute ezagutzera ibilbide berria eta horrek ekarriko dituen zenbait aldaketa.
EGITARAUA
- Irailak 18, asteazkena
- 18:00. Ikasleen oinezko mugikortasunaren azterketaren aurkezpena Gazte Topagunean.
- Irailak 20, ostirala
- 16:45. Bizibira martxaren hasiera, Ibarrako plazatik, Intujai taldearekin batera. Tolosako kaleak zeharkatuko dituzte.
- 18:00. Zumardiaundian festa, jolasak eta merienda. Euria eginez gero, Zerkausian.
- Irailak 21, larunbata
- 08:00-14:00. Tolosako Azoka. Zerkausiko postuak Trianguloan izango dira, Garagardo Azoka dela eta. Euskal Herria plazako postuak San Frantzisko pasealekuan izango dira
- 09:00-14:00. Bigarren eskuko bizikleta azoka Trianguloan, Gurpilgunearen eta Zumardiaren eskutik.
- Arratsaldean. Kirol jarduerak San Frantzisko pasealekuan.
- 17:00. Haur ikuskizuna Emakumeon plazan: Baserriko porrusalda.
- Irailak 22, igandea
- Goizean eta arratsaldean. Kirol jarduerak San Frantzisko pasealekuan, eta puzgarriak Rondilla kalean, Real Sociedad Fundazioaren eskutik. Jarduerarik ez dagoenean, ibiltzeko libre izango dira bi kaleak.
- 12:30. GU taldearen kontzertua Rondilla kalean.
- 17:30-19:00. Intujai taldearen eskutik, Kamishibai ipuin kontalariak kalez kale.