Bihartik aurrera ospatuko dira Mugikortasun Asteko ekitaldi gehienak. Datozen egunetarako, ordea, prezipitazio handiak daude iragarrita. Hori dela eta, bi egunez Tolosako Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua oinezko bilakatzea helburu duen Erdigunea autorik gabe egitasmoko espazioen berrantolaketa egin du udalak, hitzartutako ekitaldiak gauzatu ahal izan daitezen.
Azokak
Euskal Herria plazako postuen kokalekua ohikoa izango da, plazan bertan. Bigarren eskuko bizikleta azoka San Frantzisko pasealekuan izango da. Zerkausiko ekoizleek Trianguloa plazan jarriko dituzte euren postuak, garagardo azoka dela eta.
Kultur ikuskizunak, estalpean
Larunbat arratsaldeko (17:00) Baserriko porrusalda haur ikuskizuna Alondegia plazako estalpean izango da, eta igande eguerdiko (12:00) GU taldearen kontzertua Berdura Plazan.
Kirol jarduerak, euriaren arabera
Irristaka taldearen jarduerak larunbateko 16:00etatik 19:00etara izango dira San Frantzisko pasealekuan, zirkuitu eta trebezia ariketekin. Patinak eta kaskoa norberak eraman beharko ditu.
Igande osoan zehar saskibaloian jokatzeko kantxak jarriko ditu TAKEk, San Frantzisko elizaren parean. Baloiak garagardo azokako sukaldeko gunean egongo dira nahi duenaren eskura eta, erabili ondoren, bertara itzuli beharko dira. Bi kasu horietan, euria eginez gero, bertan behera geratuko dira jarduerak eta espazioa libre utziko da.
Puzgarriak, Beotibarren
Real Sociedad Fundazioak jarri asmo dituen puzgarriak, berriz, Beotibar pilotalekura lekualdatuko dituzte. Kasu honetan, eguerditik aurrera izango dira bertan, eta arratsalde osoan zehar izango dira erabilgarri.
Trafiko oharrak
Udalak gogorarazi du ostiral goizeko lehen ordutik ezingo dela Rondilla kalean eta San Frantzisko pasealekuaren lehen erdian –Gernikako Arbola lorategien parera arte– aparkatu. Nahiz eta aparkalekuak ezingo diren erabili, ostiralean zehar trafikoa baimenduko da kale horietan, baina abiadura motelean eta arretaz gidatzeko dei egin du Udaltzaingoak. Larunbat goizean itxiko da Rondilla kaleko trafikoa, musika eskola paretik. Zumalakarregi kalean ere ezingo da aparkatu ostiraletik igandera bitarte, bi norabideko errepidea izango baita larunbatean eta igandean.
Jarduerak amaitu ahala, igande gauean aparkatzeko aukera izango da San Frantziskon eta Zumalakarregin; Rondilla kaleari dagokionez, astelehenean desmuntatze lanak amaitu ahala baimenduko dute aparkalekua.