Urtebete darama Aralarko Adiskideak elkarteko lehendakari bezala Urko Iturbek (Pasai Antxo, 1970). Azaroan hasi ziren XIV Orduak ibilaldiko prestaketa lanekin.
Nolatan zaude lehendakari karguan?
Boluntarioa izaten da. Nik neure burua eskaini nuen orain bi urte, aurreko maiatza baino hilabete lehenago elkartu ginen, eta aukera bezala proposatu ninduten, gero batzarrean onartu egin zuten.
Ez zara Tolosa edo ingurukoa. Nolatan zara kidea?
Nire aitona, Anjel Otaegi, bazkidea izan zen orain dela urte asko, gero berak pasa zion nire aitari bazkidetza, eta gero, nire aitak pasatu zidan niri, orain dela 20 urte inguru. Pasai Antxon jaio, Donostian bizi eta orain berriro Pasai Donibanen bizi naiz. Ezagutzen ditudan tolosar gehienak Aralarko Adiskideak elkartekoak dira.
Nongoak dira elkarteko kideak?
Azken urteetan 120 gara eta hortik ez da pasatzen. Tolosakoak hiru laurden inguru izango dira, eta beste laurdena Gipuzkoakoak, eta baita hortik kanpoko batzuk ere. Batek uzten duenean gertuko bati pasatzen dio, eta Igaratzako ohiturak eta kultura ezagutarazten dizkio. Ez da bazkide berririk egiten, besteak beste, Igaratzako aterpeak bere mugak dituelako. 120 bazkiderekin ondo kudeatu daiteke.
Lehendakari jarri eta lehenengo urtean XIV Orduak.
Bai, hala da. Sartu eta berehala Aingeru Eguna iritsi zen; horretarako badago talde bat antolatze lanetan, eta nire laguntzatxoa eman nuen. Gerora, azaroan hasi ginen antolatzen XIV Orduak, bilerak maiz egiten eta ekitaldiari forma ematen. Hamar bat pertsona gaude nagusiki, baina lantalde horrekin batera, adibidez azken hilabetean zehar beste hogei pertsona ari dira kamisetak-eta banatzen, eta egunean bertan beste ehun pertsona egongo dira.
Zer garrantzi du XIV Orduko mendi martxak Aralarko Adiskideak elkartearentzat?
Batetik, guretzako ona da geure burua ezagutarazteko, Tolosan bertan eta Tolosatik kanpora. Bestetik, XIV Orduak martxa aukera oso ona da parte hartzaileek Aralar eta bertako parke naturala ezagutu eta gozatu dezaten, eta baita Aralar eta Tolosa arteko bide horiek denak.
Zuk zeuk egina duzu martxa?
Nik behin egin nuen eta San Migelera iritsi eta hor pott egin nuen, nahikoa zela esan nuen. Orain dela 20 urte izan zen, eta orduan San Migelen masajistak ere bazeuden, eta hori ikustean bertan geratu nintzen. Ez nintzen ondo prestatu, eta hori baino gehiago, nire erritmoan baino azkarrago hasi nintzen, eta hori egiten baduzu momenturen batean pott egiten duzu. Indarrak neurtu behar dira; ez bazoaz eroso, martxa luze egiten da.
«Indarrak neurtu behar dira; ez bazoaz eroso, martxa luze egiten da»
1.600 parte hartzaile inguru izango dira. Zer iruditzen zaizu kopuru hori?
Guk espero genuen 1.500 eta 2.000 parte hartzaile artean izatea, jakin gabe jendea zer erritmoan hasiko zen izena ematen. Azkenean, tarte horretan dabil. 3.000 inguru behin bakarrik izan zen eta bestela beti 1.000 eta 2.000 artean izan da. Nik uste dut kudeatzeko kopuru jasangarria dela, eta Aralarko Parke Naturalari begira ere jende gehiegi izatea ez da egokia, kalterik ez egiteko naturari.
Mendi martxa dela eta ez mendi lasterketa gogorarazten ari zarete behin eta berriz.
Gaur egungo gizarteak estresatzera garamatza, denetan lehenengo izatera eta borrokatzera, eta guk martxa antolatzen dugu norberak bere buruarekin eta naturarekin gozatzeko. Ez da besteen aurka lehiatzea edo lehenengo izateko grina hori izatea. XIV Orduak martxan helmugara iristen diren guztiak dira irabazle, eta bidean disfrutatu dezatela; hori da gure filosofia.