ERREPORTAJEA

Aralar eta bere inguruez gozatzeko

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 18a, 07:59

Iñigo Goñi, Joxean Montoya, Jon Ander Lardies, Joseba Tobar eta Jon Ormazabal, Berazubiko estadiora sartzeko XIV Orduak mendi martxako parte hartzaileek erabiliko duten sarrera berriaren aurrean. I.G.L.

Bihar, igandea, egingo da XIV Orduak mendi martxa, Tolosatik 05:00etan abiatuta; 1.588 mendizalek eman dute izena, eta beraien helburua 68 kilometroak burutu eta Berazubi estadiora iristea izango da.

Ehun boluntariotik gora ariko dira lanean igande honetan, maiatzaren 19an, XIV Orduak mendi martxan. Izena eman duten parte hartzaileak, berriz, 1.588 izan dira. Tolosako Paper kaletik aterako dira mendizaleak, 05:00etan lehenengoak, eta minuturo beste 55 parte hartzaile gehiago abiatuko dira. Aurretik izango dituzte sei anoa eta kontrol gune, Aralar mendi lerroan bertan eta ingurumarietan: Uli, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Igaratza eta Amezketa. Bukaera Tolosan izango du ibilaldiak, Berazubiko estadioan. Horraino iristeko, guztira 68 kilometro eta 1.946 metroko desnibel positiboa egingo dituzte, hamalau ordu inguruko esfortzua. Izena eman dutenetik 615 federatuak eta beste 973ak federatu gabeak dira, emakumezkoak %41 eta gizonezkoak %59, gipuzkoarrak %88. Parte hartzaileen artean %26 tolosarrak dira, hau da, 411.


Kontrol guneetan markatuko zaien txartela. I.G.L.


Boluntario horien artean daude Jon Ormazabal, Jon Ander Lardies, Joseba Tobar, Iñigo Goñi eta Joxean Montoya. Bakoitzak bere lotura du XIV Orduekin. Ormazabalek koordinatzen ditu martxaren nondik norakoak. Ez du gogoan zehazki noiz hasi zen boluntario moduan: «Lekunberriko autobia egin gabe zegoen oraindik... 1992an hasiko nintzela pentsatzen dut, baina gogoan dut 1980 eta 1984 urteetan egin nuela martxa». Ormazabal «bazter guztietan» ariko dela dio: irteeran eta helmugan, eta parte hartzaileek errepideren bat pasa edo errepidetik joaten diren zatiak zaintzen ditu bereziki: «Nire buruko-min handiena hori da, inork minik ez hartzea». Hain justu, aurtengoan Alegiatik txirrindulari proba bat pasako da bi aldiz, 16:00ak eta 17:00ak aldera, eta bi momentu horietan adi egoteko eskatu die mendizaleei.

Lardiesek eta Tobarrek elkarrekin egin zuten ibilaldia, 1992an, eta Tobarrek beste bitan ere parte hartu du. Kontrol guneen eta anoa guneen arduraduna da Lardies. Leku bakoitzak bere arduraduna du, eta salbuespena Gorritiko anoa gunekoak dira, gero Amezketara joango direlako hangoaz arduratzera. Ura bakarrik banatuko da anoa guneetan, eta aurten Gorritin berrikuntza bat izango da, bertako iturrian hodiak jarriko dituztelako, aldi berean parte hartzaile batek baino gehiagok bere kantinplora betetzeko.

Uliko gunean praktika hori betidanik egin dela diote, haraino ez delako urik eramaten. «1980an dagoeneko horrela zegoela dut gogoan», esan du Ormazabalek. Lardiesek gaineratu duenez, «aurreko edizioan asmoa zen anoa guneetan ur botilarik ez izatea, eta dena iturrien bitartez izatea. Iturririk ez dagoen lekuan, adibidez San Migeleko gunean, zisterna bat jartzea eta iturri bezala erabiltzea zen asmoa. Baina COVID-19aren kontua iritsi zen, eta bertan behera geratu zen». Aurtengoan, Gorritin proba egitea pentsatu dute, ikusteko zenbat hodi behar diren eta nola erabiltzen den sistema hori. «Mendi martxetako filosofia aldatzen ari da. Ura baduzu batean eta bestean, ez dago zertan aritu ura garraiatzen batetik bestera, hondakinak sortzen», azaldu du Ormazabalek.


2016an, Arritzagako minen ingurua. I.U.


Tobarren lana ibilbidea markatzea da, beste lagun batzuen laguntzarekin. «Saiatzen gara azken egunetan egiten markaketa, zintak ahal den gutxien egoteko jarrita mendian», esan du. «Bestalde, zintak jartzeko modurik ez dagoen lekuetan, Igaratzan eta zelaiguneetan, T3Tko banderatxoak jarriko ditugu». Jartzeaz gain, ondoren kentzeko lana egokitzen zaie. Egunean bertan egingo dute eta baita hurrengo egunetan. «Zintak eta banderatxoak kentzeaz gain, zaborren bat ikusiz gero ere jasoko da. Azkenaldian, uste dut ez dagoela mendizaleei zaborrik ez botatzeko esan beharrik ere. Hori bai, gero anoa guneetan ondo sailkatuta bota ditzatela hondakinak», eskatu du Tobarrek.


2016an, San Migelen. I.G.L.


Montoyak gogoan du 2008an boluntario bezala aritu zela, eta orain zortzi urte martxaren zati bat egin zuela bere semearekin. Aurtengoan San Migeleko gunearen arduraduna da. Goñik ez du behin ere martxa egin parte hartzaile bezala. «2004an hasi nintzen boluntario bezala iritsieran, edizioz edizio joan naiz ardura gehiago hartzen, eta aurten erabaki dut bakarrik argazkiak aterako ditudala», azaldu du. Aurreko edizioetan ere argazkiak ateratzen aritu da, zati batzuk oinez eginez, baina aurtengoan kotxez iritsi daiteken lekuetaraino joango da, belauna ez duelako ondo. Antolakuntzatik ere ariko dira beste argazkilari batzuk; gero ikusgai egongo dira argazkiak, eta webgunearen bitartez jakinaraziko dute non ikusi daitezkeen.

Ehun urte beteko ditu 2025ean

Aurtengoa hamazazpigarren aldia izango da martxa egiten dela. Orain lau urte ez zen egin, COVID-19aren inguruko krisia 2020ko martxoan lehertu baitzen. Datorren urtean, 2025ean, beteko da XIV Orduen mendeurrena. Lehen aldi hartan hamalau mendizale atera ziren. Goñik lotura berezia du martxarekin, lehenengo edizioan bere aitona Pantxo Labaien atera baitzen. «Niri ilusio berezia egiten dit XIV Orduko martxak. Niretzako esanahi berezia du martxa mantentzeak», esan du. «Denda baten atzealdean sortu zen ideia, batak besteari esanez ez zuela egingo. Aitonak utzi zituen idatzita nola izan zen, nola jendea etortzen zitzaien bidearen zati bat egitera, eta nola gero geratzen ziren tokiren batean bazkaltzen. Beste batzuk Amezketan geratu ziren lo egiten. Abentura moduko bat izan zen. Azken finean, mendi irteera bat izan zen, eta beti filosofia hori mantentzen saiatu gara, hau da, ez dela lasterketa bat nabarmenduz».

Montoyarentzat berezia da ere antolakuntzan izatea. «Ikusten zenuen txikitatik jendea pasatzen martxa egiten ari zela, eta gero prestatzen hasten zara zu eta oso polita da. Antolaketan zaudenean, polita da eta ilusioarekin egiten duzu», azaldu du. Aralarko Adiskideak elkarteko kide izanik, eta elkarteak antolatzen duenez, antolakuntzan parte hartzea «betebehar» bat bezala ikusten du Lardiesek, eta «gogoz eta ilusioz» egiten duela dio.



Elkarteak antolatzen duen ekitaldi garrantzitsuena dela dio Ormazabelek: «Duen tradizioarengatik beti ilusioa egiten du. Kanpotik asko etortzen dira, baina herrikoa da, parte hartzaile kopuru handia tolosarrek betetzen dute». Tobarrek gaineratu duenez, «lau urtez behin izateak ere bere xarma du. Oso gaztea zarenean baduzu erronka hori egiteko. Aldi berean, badago jendea 50 urte pasa dituena eta ez dena oso kirolaria, eta erronka bezala hartzen duena».

1967ko ibilaldia eta gero, antolatzaileek erabaki zuten lau urtez behin egitea eta Olinpiar Jokoen urtearekin bat egitea. Modu horretan egin zen lehena 1972an izan zen, eta ordudanik lau urtez behin egiten da. «Martxari garrantzia emateko erabaki zen lau urtez behin egitea, eta Olinpiar Jokoen urteekin bat egitea», esan du Goñik. «Modu horretara badaki jendeak noiz izango den hurrengoa». Montoyak gaineratu duenez, lau urtez behin egitea «polita» da, «urtero eginez gero jendeak ez luke hainbesteko gogoz hartuko».

Aralarko Adiskideak elkarteko kideak ez direnak ere aritzen dira boluntario lanak egiten. «Aurten Tolosako Gure Kaiola elkartearekin gertatutakoa oso detaile polita iruditu zait», esan du Ormazabalek. «Elkartekoak Lekunberrin egoten dira anoa gunean. Javier Larraza elkarteko kidearekin hitz egin nuen, berak mobilizatzen zituelako, baina aurten oso adinekoak dira eta egon izan diren batzuk hil dira. Egoera ikusita, Larrazak elkarteko gazteei eskatu zien jarraitzeko boluntario lan horrekin, eta beraiek egingo dute kontrola Lekunberrin. Hori eskertzekoa da». Bestalde, Gorritin ere bertako herritarrek laguntza ematen dute, elkartearekin zerikusirik ez izan arren. Alegian ez dago anoa gunerik, baina aurreko ediziotan bertako Intxurre elkartekoek anoa gune berezia sortu dute herritik barrena pasatzen direnentzako: garagardoa banatzen diete parte hartzaileei, eta porroitik edateko ohitura ere bihurtu da.


Parte hartzaileek, besteak beste, kamiseta eta kantinplora bana jasoko dituzte. M.G.


Egun bat falta dela, oraindik materiala jaso ez duten parte hartzaileek gaur dute horretarako aukera Aralarko Adiskideak elkartearen egoitzan. Gaur 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Egunean bertan ez dute banaketarik egingo. Parte hartzaileek ondoko materiala jasotzen dute: kantinplora, kamiseta, Atarikide egiteko eskaintza, ibilaldiaren inguruko arauei buruzko informazioa, eta txartela norbere izenarekin eta abizenekin. Txartel horretan zigilua jarriko diete mendizaleei, ibilaldian zehar egongo diren anoa guneetako kontroletan. Aurtengo beste berritasunetako bat parte hartzaileak Berazubi estadiora nondik sartuko diren izango da: lehen aldiz Berazubiko zubiaren ondoko sarreratik sartuko dira, Tolosa CF plazako atetik. Sartu aurretik azken kontrol gunea pasa, zigilua lortu eta ondoren estadioko harmailen parera joango dira, XIV Orduak bukatu dutela ziurtatzen duen diploma jasotzeko.

2016ko helmuga, Berazubira iristen. N.R.A.

XIV ORDUAK

 

Noiz: Maiatzak 19, 05:00ak.

Ibilbidea: Tolosa, Uli, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Igaratza, Amezketa eta Tolosa.

Distantzia: 68 kilometro.

Desnibela: 1.946 metro.

 

Ingurugiro eta trafiko arauak

Aralar Parke Natural izendatua izan zen 1994an. Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) zerrendan sartu zuten, eta hamar bat habitat identifikatu dira bertan; horiek eremuaren %56a hartze dute. Espeziei dagokionez, florako bi espezie aurkitu dira, ornodunen bederatzi espezie eta sei ornogabe espezie. Badira, halaber, hamasei hegazti espezie.

Antolakuntzak martxako parte hartzaile guztiei ondorengo arauak bete ditzaten eskatzen die:

  • Debekatuta dago inolako hondakinik botatzea ibilbidean zehar. Anoaguneetan zakarrontziak egongo dira zakarrentzako.
  • Errepideetan, ezkerraldetik zirkulatuko dute oinezkoek, kanpoko bazterrera ahalik eta gehien hurbilduta.
  • Argi gutxi dagoenean, partaideek elementu argi-emaile edo islatzaile bat eraman beharko dute.

 

AUTOBUS ZERBITZUA

Doako autobus zerbitzua egongo da Tolosa eta Amezketa artean, orduro (gutxi gorabehera).

Tolosan: 16:00etatik 19:00ak arte.

Amezketan: 19:30ak arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!