Hiru saio jokatu dituzte asteburuan Gipuzkoa Bertsotan eta hiruetan aritu dira eskualdeko bertsolariak; Anoetako Txomin Azpiroz aritu zen Getarian, Jon Luzuriaga ikaztegietarra Anoetan bertan aritu zen, eta Mutrikuko saioan Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarrak, Zizurkilgo Izarne Zelaiak eta Irurako Jon Mendiluzek kantatu zuten.
Getarian B multzoko saioa jokatu zen. Odei Lopez Larraurik irabazi zuen saioa 307 punturekin, eta eskualdeko ordezkariak, Txomin Azpiroz de Pedrok, bosgarren egin zuen 274,5 puntu eskuratuta.
Mutrikukoa A multzoko lehen itzuliko azkena izan zen eta beraz, multzo horretatik bigarren itzulira sailkatu diren 23 bertsolarien izenak ezagutu ziren; bertan dira eskualdeko Beñat Iguaran Amondarain eta Izarne Zelaia Arratibel. Saioari dagokionez, Manex Astigarraga Bergarak irabazi zuen (321,5 puntu). Sailkapenari dagokionez, Izarne Zelaia Arratibelek bigarren egin zuen (302,5 puntu), Iñigo Gorostartzu Etxebeste Etxordek hirugarren egin zuen (300 puntu) eta Jon Mendiluze Mujikak seigarren (275 puntu).
Anoetan B multzoko saioa izan zen eta Beñat Jauregi Etxeberria nagusitu zen 311 punturekin. Bertsolari bat gutxiagorekin jokatu zen saioa, Kepa Isasik ezin izan baitzuen parte hartu. Jon Luzuriaga Iurramendik laugarren egin zuen (288 puntu). B multzotik sailkatzen diren bertsolariak, eta behin betiko zerrenda maiatzaren 17an osatuko dute, Oñatiko saioa bukatzean.