Kronika

Bigarren geldialdia eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Azaldegi Lakuntza 2024ko mai. 13a, 19:58

Beñat Jauregik irabazi zuen Anoetako saioa. Iturria: Gipuzkoa Bertsotan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseak Anoetan egin zuen geldialdia ostiral arratsaldez. Goraino betetako Mikelasagasti aretoaren laguntzaz  saio ederra osatu zuten oholtzara igotako sei bertsolariek.

Zarauzko Motxian bertso-eskolako Beñat Jauregik irabazi zuen saioa. Goitik beherako saioa osatu zuen, eta erregulartasunak eman zion saria zarauztarrari. Ofizioetan serio eta erantzunetan arin, bakarkako lan on batekin jarri zion ginga saioari. Mikelasagasti ondo datorkiola dirudi, orain bost urteko txapelketan ere berak irabazi baitzuen bertan jokatutako saioa.

Bigarren German Urteaga beasaindarrak egin zuen. Saioa motel antzera hasi arren, saioaren bigarren zatian nabarmen gora eginda lortu zuen bigarren postua.  Nabarmentzekoak izan ziren ganbarako ariketan eman zituen puntu erantzunak eta bakarkako gaiari kantatutako bi bertsoak.

Erniarraitz bertso-eskolako Julene Iturbek egin zuen hirugarren. Saio ona osatu zuen. Ofizioetan txukun, ganbarako bi ariketetan izandako beherakadatxoak eragotzi zion lehen postuetan egotea.

Gure eskualdekoa den Jon Luzuriagak bete zuen laugarren postua. Bertso-istorio kuriosoa du ikaztegietarrak. Lan kontuengatik Hendaiara bizitzera joanda, orain dela bizpahiru urte hasi zen bertsotan ikasten Irungo Irunabar bertso-eskolan. Eta nola ikasi duen! Saioko sorpresa positiboenetako bat izan zen. 8ko handian egindako poto batek eragotziko dio, ia ziur, bigarren fasera igarotzea. Pena. Bera gehiago entzuteko gogoz geratu baikinen ostiralean.

Markel Eizagirre izan zen bosgarren sailkatua. Saio gorabeheratsua egin zuen Getariarrak, eta ateraldiren bat kenduta, ezin izan zuen bertsotarako duen maila erakutsi. Ez zen seigarren sailkaturik izan ostiraleko saioan. Kepa Isasiren parte hartzeko ezintasuna tarteko, Amaia Agirre aritu zen kantuan, modu ez puntuagarrian ofizioetako saioak egiten laguntzen. Lagundu soilik ez, kolorea eta txispa gehitu zion bertsolari billabonatarrak saioari. Plazera da horrelako eskarmentua duen bertsolaria bertsolari gazteagoekin oholtza partekatzen ikustea.

Saioa borobiltzeko, Harituztarrek prestatutako afari-meriendaz gozatzeko aukera izan genuen. Zoragarri. Ezin zaio ostiral arratsalde bati gehiago eskatu.

Gipuzkoa Bertsotanen lehen fasea ostiral honetan amaituko da Oñatin. Orduan jakingo ditugu lehen fasea jokatu duten 74 bertsolarietatik zein 48 bertsolarik izango duten bigarren fasea jokatzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!