Orion lehen tokian Iguaran eta Legorretan seigarrenean Zeberio

Ataria 2024ko maiatzaren 6a

Gipuzkoa Bertsotan-en kantatu dute eskualdeko lehen bi bertsolariek, eta gainerako bostak aste honetan ariko dira; Anoetako Mikelasagasti auditorioan ostiralean egingo dute saio horietako bat

Hasi dira Tolosaldeko bertsolariak Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean kantatzen. Joan den ostiralean, Legorretan Ane Zuazubiskarrek batu zituen puntu gehien, eta seigarren tokian sailkatu zen Beñat Zeberio asteasuarra, 258 punturekin. Orion, berriz, Beñat Iguaran amasarra izan zen bertsolari onena, 316,5 punturekin. Ostegunean Zaldibin eta Altzon ere izan ziren saioak, nahiz eta eskualdeko bertsolaririk ez aritu bertan.

Tolosaldekoek aste honetan izango dituzte hurrengo hitzorduak. Ostegunean, Getarian eta Idiazabalen izango dira saioak eta Getarian kantatuko du Txomin Azpiroz anoetarrak. Ostiralean, berriz, Anoetan eta Mutrikun kantatuko dute bertsolariek. Gure eskualdeko saioan Jon Luzuriaga ikaztegietarra ariko da, eta Mutrikun, berriz, Jon Mendiluzeri, Iñigo Gorostarzuri eta Izarne Zelaiari egokituko zaie kantatzea.

Bi multzotan banatuta ari dira bertsolariak lehen itzulian eta azkeneko saioa hilaren 17an egingo dute Oñatin, eskualdeko bertsolaririk gabe. Lehen itzuli honetatik bigarrenera 48 bertsolari sailkatuko dira eta zortzi saiotan jokatuko dute horiek udazkenerako sailkapena. 

Ostiralean, Anoetan izango den saioan Luzuriagarekin batera, Beñat Jauregi, German Urteaga, Julene Iturbe, Kepa Isasi eta Markel Eizagirre ariko dira. 19:00etatik aurrera izango da Mikelasagasti auditorioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!