Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasiko da hilaren 25ean eta ekainaren 2ra bitarte, 20 saio izango dira, bi itzulitan. Eskualdeari dagokionez 7 bertsolari ariko dira; Asteasuko Beñat Zeberio, Amasako Beñat Iguaran, Anoetako Txomin Azpiroz, Ikaztegietako Jon Luzuriaga, Berastegiko Iñigo Gorostarzu Etxorde, Zizurkilgo Izarne Zelaia eta Irurako Jon Mendiluze. Gai jartzaileen artean ere badago eskualdekorik, Igotz Alkorta zizurkildarra, Iker Iriarte alegiarra, Imanol Artola Felix amezketarra eta Ion Zaldua billabonatarra ariko baitira. Epaile lanetan Zigor Leunda billabonatarra ariko da.
Lehen itzuliko bi saio eskualdean izango dira: Altzon maiatzaren 2an eta Anoetan maiatzaren 10ean. Ikaztegietako Jon Luzuriaga ariko da azken honetan. Bigarren itzulian, berriz, saio bat izango da eskualdean: Alegian maiatzaren 26an.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak esan du aurtengo edizioak berezitasun ugari dakartzala. Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, 20 saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian 12 saio izango dira, ostegun eta ostiraletan; bigarrenean, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan. Baina bere egitura ez da berritasun bakarra, txapelketaren forma bera ere aldatu baita. Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen barruan.
Bertso-eskolak oinarri
Txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin «lehengaia egotea» ezinbestekoa dela esan du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, hau da, «bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak». «Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle», gaineratu du.
Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte. Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. «Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak».
Horri lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat datorrela esan dute antolatzaileek, «bertso-eskolak erdigunean jartzen baititu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu».
Saioetarako sarrerak salgai daude jada eta txapelketaren jarraipena eta informazio osoa Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen sare sozialetan eta webgunean jarriko dituztela esan dute.
ESKUALDEKO SAIOAK
Lehen itzulia:
- Altzo, maiatzak 2, 19:00etan kultur etxean.
-
Bertsolariak: Danel Olano Eizagirre, Eneritz Artetxe Eizagirre, Iker Ormazabal Ojeda, Jon Gurrutxaga Urbieta, Manex Mujika Amunarriz, eta Mikel Etxezarreta Lasa.
-
- Anoeta, maiatzak 10, 19:00etan Mikelasagasti auditorioan.
-
Bertsolariak: Beñat Jauregi Etxeberria, German Urteaga Garmendia, Jon Luzuriaga Iurramendi, Julene Iturbe Epelde, Kepa Isasi Salaberria eta Mikel Eizagirre Beloki.
-
Bigarren itzulia:
- Alegia, maiatzak 26, 17:00etan, Elizpe zineman.
- Bertsolariak: bigarren itzulira sailkatutako 48 bertsolarien artean egingo den zozketan erabakiko da nortzuk abestuko duten.
Egin beharreko lanak
Lehen itzulia (apirilak 25 - maiatzak 17)
-
Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
-
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
-
Ganbara: bi puntu erantzun eta bakarka bi bertso.
-
Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
Bigarren itzulia (maiatzak 25 - ekainak 2)
-
Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
-
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
-
Bakarka, hitza emanda, hamarreko txikian bertso bat.
-
Binaka, gaia emanda, seiko motzean hiruna bertso.
-
Ganbara hiru gairekin: bakarka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.