Iraungitze data du eskudiruak

Ataria 2024ko mar. 21a, 07:59

Geroz eta gehiago egiten dira ordainketak txartelarekin eta profil ezberdineko erabiltzaileek euren esperientziaren berri eman dute.

Pertsonen erdiak baino gehiagok eskudirutan ordaintzen ditu erosketak, Espainiako Bankuak emandako datuen arabera. Ordainbiderik erabiliena da, batez ere, 55 urtetik gorakoen artean. Dena den, eskudiruaren erabilerak behera egin du azkeneko urteetan eta zenbat eta gazteago izan, orduan eta gehiago erabiltzen dira bestelako ordainbideak.

«Astean 20 euro inguru ateratzen ditut eta hortik aurrerakoa
txartelarekin ordaintzen dut»
EIDER ARRUABARRENA
Erabiltzaile gaztea

Eider Arruabarrenak (Zizurkil, 1999) erosketa gehienak txartelarekin egiten ditu: «Astean behin 20 euro inguru ateratzen ditut kutxazainetik eta kopuru hori gastatuz gero, hortik aurrerakoa txartelarekin ordaintzen dut». Nagusiki, lagunekin zerbait hartzeko, elkartean afariak egiten dituztenean edota garraio publikoa ordaintzerakoan erabiltzen du eskudirua.

Merkatariek nabari dute ordainketak egiterako orduan geroz eta eskudiru gutxiago erabiltzen dela. Tolosako Saberri lurrin dendako Garbiñe Mozok (Elduain, 1972) sumatzen du joera hori eta esan du bezerorik gazteenek erosketa txikiak egiteko ere txartela erabiltzen dutela. «Aldea dago adinari begiratuta baina baita erosgaiaren arabera ere. Lurrinak eta antzerakoak gehiago ordaintzen dira txartelarekin eta drogeria arloko produktuak eskudirutan. Bezeroak ere ezberdinak dira».

«[Ordainbideaz] aldea dago adinari  begiratuta, baina baita erosgaiaren 
arabera ere»
GARBIÑE MOZO
Tolosako merkataria

Mozok uste du erosoagoa izanagatik datafonoa erabiltzeak gastu bat dakarkiela merkatariei eta kobratzen dizkieten komisioak aldiro negoziatu behar izaten dituztela banketxeekin. Iritzi berekoa da Gari Lasa (Bidania-Goiatz, 1980). Bidanian denda du eta berak ere ikusten du geroz eta ordainketa gehiago egiten direla txartelarekin: «Txartelarekin egindako kobraketa bakoitzeko tasa bat ordaindu behar izaten dugu eta guretzako ez dago abantaila handiegirik. Txikiok beti jardun behar dugu besteentzako lanean. Gero ikusten dugu milioika euroko irabaziak izaten dituztela bankuek. Aterako ez dute, bada, irabazia». Lasak dio pixkana jendea ordainketa mota horretara bideratzen ari direla.

«Merkatariak txartelarekin egindako ordainketa bakoitzeko tasa bat ordaindu behar dugu»
GARI LASA
Bidania-Goiazko merkataria


«Eskerrak herrian kutxazaina, behintzat, badugun. Zortzi bat hilabetean gabe egon ginen eta nabari zen dendako mugimenduan. Adineko jendeak edo Tolosara jaitsi ezin duenak kutxazaina behar izaten du», esan du Lasak.

ESKAERAK HERRI TXIKIETATIK

Aldaketa handiak ari dira ematen banketxeekiko harremanetan eta adin batetik aurrerakoak nozitzen dute hori gehien, Iñaki Elduaienen (Tolosa, 1953) ustez. «Zenbait jendek egokitzapen digital hori egiteko arazoak ditu, beraz, gu bizi garen artean behintzat, errespetatu beharko dute errealitate hori. Adinekooi zerbitzu batzuk bermatu beharko zaizkigu, gure eskubidea delako, eta besteak beste, gure diruarekin ari direlako lanean», esan du pentsiodunen mugimenduan parte hartzen duen herritarrak.

Gazteagoa izanagatik ere Ane Garmendiak (Baliarrain, 1993) ikusten du aurrez aurreko arreta murrizten ari direla banketxeak. Baliarraindik gertuen duten kutxazaina Ikaztegietakoa da eta banketxeren batean zuzeneko arreta nahi badute Alegia edo Tolosara jaitsi behar izaten dira: «Guk mugitu behar badugu bermatu dadila, behintzat, garraio publiko duin bat herri txikietatik handiagoetara joateko. Eta banketxeekin harremanak Internetez egin behar baditugu konexio duinak behar ditugu. Zorionez ari gara pausoak ematen».

«Harremanak Internetez
egin behar baditugu bermatu daitezela
konexio duinak herri txikitan»
ANE GARMENDIA
Herri txikiko erabiltzailea

Garmendiak, Arruabarrenak bezala, Internetez egiten ditu banketxeekin harreman gehienak. «Bankuarekin zerbait argitu behar badut, bertara joaten naiz», esan du Arruabarrenak. Banketxeko gestorearekin hitzordua lotuta moldatzen da, berriz, Garmendia. Adineko jendeak, alderantziz, zuzeneko arreta hori «ezinbestekoa» duela dio Elduaienek.

Duela pare bat urte kanpaina bat abiatu zuten Euskal Herrian errealitate hori mahai gainean jartzeko eta iritsi zen baita Tolosaldera ere. Udaletan mozioak aurkeztu ondoren zenbait bulegotan, neurri batean, zerbitzuak hobetzea lortu bazen ere, Elduaienek dio joera bestelakoa dela eta modu batera edo bestera esku frenoa jarri beharko zaiela murrizketa horiei: «Zerbitzuak jasotzen ditugu eta ematen diguten tratua ona da. Aurpegia ematen duten langileekin ez dugu arazorik, jende jatorra da, baina tratu pertsonalizatuagoa behar dugu. Erabakiak hartzen diren gune horietara jo behar dugu eta gure eskubideak defendatu. Guk egiten ez badugu, zeinek egingo du? Erabakiak hartzen dituztenak geroz eta aberatsago dira, ez dira behin ere asetzen. Gure gainetik pasa nahi dute eta gu ez gara utziko. Beste hainbat borrokekin bezala, kontu honekin ere elkartu eta antolatu egin beharko dugu».

«Adinekooi zerbitzu batzuk bermatu beahr zaizkigu, besteak beste gure diruarekin ari direlako»
IÑAKI ELDUAIEN
Erabiltzaile pentsioduna

Tolosaldean herri txiki asko egonik bertako biztanleei zerbitzu hauek irisgarriago egiteaz hitz egin dute Garmendiak eta Lasak. «Eskualdeko herri askotan daude ostalaritza zerbitzuak, dendak, farmaziak... Udalek ikaragarrizko ahalegina egiten dute herri horietan bizitza aktibo mantentzeko eta banketxeen azkenaldiko joera hau ikuspegi horren kontra doa», gaineratu du Elduaienek. Bateko eta besteko erabiltzaileek, beraz, gertukoagoa eta pertsonalizatuagoa den zerbitzua eskatzen diete eskualdeko banketxeei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!