Espainiako estatuan 2000tik 2006ra etengabe gora egin ostean, ordutik apur bat behera egin du kutxazainen kopuruak, duela ia 25 urteko kopuruetara bueltatu arte. Espainiako Bankuaren datuen arabera, %22koa izan da jaitsiera. Gaur egun, eskualdeko 28 herrietatik 17tan kutxazain lekuak daude; lehen 19 herritan zeuden, baina urte hauetan bi herritan galdu dituzte, Albizturren eta Elduainen. Beraz, Tolosaldeko 11 herritan ez dago kutxazain zerbitzurik.
Guztira, Tolosaldean, gaur egun 33 kutxazain leku daude; aipatutako eskualdeko hamazazpi herritatik hamalautan bana; 2 dituzte Ibarran, 7 Amasa -Villabonan eta 10 Tolosan. Dena den, kutxazain lekuetan ere murrizketak egin dituzte: Alegian eta Amasa-Villabonan lehen bina kutxazain zituen Kutxabankek eta gaur egun bakarra du; eta Tolosan, Euskadiko Kutxa bi lekutatik bakarrera pasa da.
Gatazkak kutxazainekin
Azken urteotan hainbat herritan gatazkak izan dituzte kutxazainekin. Zizurkilen, esate baterako, 2016an Elbarrenan zuen bakarra kendu zuen Kutxabankek. Herritar eta merkatarien ekimenez eta udalaren laguntzaz, kutxazaina berrezartzeko sinadurak bideratu zituzten. Ia sei hilabetetako negoziazioaren ondoren, udalak Kutxabankekin akordioa lortu zuen. Erakunde publikoak utzitako toki batean jarri zuen entitateak kutxazaina, Atxulondo kultur etxearen saihets batean. Udalak tokia uzteaz gainera, beste hainbat herritan gertatzen den bezala, makinak funtzionatzeko behar duen argindarra ordaintzen du.
Bidania-Goiatzen eta Berrobin ere, kendu zituzten herrietako kutxazainak, lapurreten argudioa erabilita. Bi udalek eskaerak luzatu zituzten berriro ere kutxazainak herrian jartzeko. Berrobiko orduko alkatea, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara ere joan zen eskaera egitera. Zortzi hilabeteren ostean, Kutxabankek bi herrietan kutxazainak jarri zituen berriro.
Herri askotan jaso dute udalek kutxazaina kentzeko mehatxua, erabilera txikia argudio bezala hartuta. Gorriti plazako kutxazain lekua ere kendu zuten Tolosan, baina herritarren eta udal ordezkarien eskaerei erantzunez berriro martxan jarri zituzten.
Gaur egun eskualdean funtzionatzen duten kutxazain asko zaharkituta geratu dira eta arazoak ematen dituzte operazioak egiterako orduan. Udal askok eskaera bideratu dute euren herriko makina alda dezaten, eta zenbait udalerritan, Adunan esate baterako, lortu dute kutxazaina aldatzea, baina hori bai, ez diete berririk jarri, bigarren eskukoa baizik.