Azkeneko 16 urteetan Tolosaldeak banku bulegoen ia %40 galdu du. 36 bulego ziren 2008an eta 22 baino ez dira gaur egun, 14 gutxiago. Bien bitartean, biztanleriak %8 egin du gora eskualdean. Galera handia izan da, baina Hego Euskal Herriko batez bestekoa baino txikiagoa. Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ia banku bulegoen erdia galdu da 16 urtetan, %48.
Zerbitzua ematen duten bulegoei, langile bat, behintzat, badutenei esaten zaie banku bulegoa. Tolosaldean 28 herritatik bederatzitan daude. Urteotan galerarik handiena udalerri handienetan eman da, bertan pilatu izan delako bulego gehien. Amasa-Villabonan, esate baterako, 2008. urtean zortzi bulego izatetik sei bulego izatera pasa dira; eta Tolosan, berriz, hemeretzi bulego zituzten, eta gaur egun zortzi baino ez dituzte.
Tolosaren kasua
2015ean, krisi ekonomikoak kolpatu eta gutxira, 40 banketxek zituzten bulegoak zabalik Hego Euskal Herrian, bederatzi urte beranduago, kopuru hori murriztu da, 27 entitate izatera pasaz. Tolosan ere prozesu berdina eman da, zortzi entitate zeuden 2015ean, eta beste hainbeste daude, gaur egun, baina bulego kopuruak nabarmen murriztuta, 11 bulego gutxiago izateraino. Duela bederatzi urte, zortzi entitate horietako batek hiru bulego zituen Tolosan, beste batek bi, eta gainerako seiek bakarra. Egun, Tolosan lekututa dagoen zortzi entitateetako bakoitzak bulego bakarra du. Fusio prozesuen ondorioz, gurean presentzia zuten hainbat banketxe desagertu egin dira, eta hamarretik sei kasutan bi entitate nagusitan kontzentratu dira bulegoak.
Urte hauetan guztietan herri txikiagoetan dagoen sarean, gutxi asko, mantendu egin da. 2008tik bulegoa galdu duen herri bakarra Bidania-Goiatz da, adibidez. Gainerakoan, mantendu egin dute bulego kopurua. Ibarrak birekin eta Alegia, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi eta Lizartzak banarekin. Tolosaldeko biztanleriaren %20k ez du zerbitzurik bere herrian.
2013ko krisi ekonomikoaren testuingurua aipatzen dute adituek bulegoen galera azaltzeko, sektorearen berrantolaketaren ondorioz bankuek bat egin baitzuten garaitsu horretan; bestetik, 2020ko pandemiak eraginda, gizartearen digitalizazioa bultzatzeak nabarmen murriztu du banketxeen aurrez aurreko zerbitzua.