Bi pertsona atxilotu dituzte sexu-askatasunaren aurkako hiru delitu egotzita

Ataria 2024ko otsailaren 13a

Oria ertzain-etxeko agenteek bi gizon atxilotu dituzte Tolosan hiru emakumezkori sexu-askatasunaren aurkako delituak egiteagatik. Goizean atxiloketetako bat Ibarran izan dela zabaldu den arren, Tolosako Ibarralde kalean izan da.

Lehen bi agresioak iragan igandean, Zaldunitan, eman ziren, iluntzeko bederatziak aldera. Gizonezko batek bi emakumezko sexualki erasotu zituen, inauteriez gozatzen ari zirela. Emakumezkoetako bat adingabea da; gizonezkoak gainera, testigu bat cutter batekin mehatxatu zuen. 28 urteko gizonezkoa, gertakarien unean atxilotua izan zen, eta atzo, astelehena, epailearen esku utzi zuten.

Bigarren gizonezkoa, gaur 05:15 aldera, atxilotu dute Tolosako Ibarralde kalean; izan ere, minutu batzuk lehenago, 37 urteko gizonezkoak adingabe bati sexualki eraso egin dio kalean. Biktimak gertatutakoaren berri eman eta gizonezkoa atxilotu dute. Gizonezkoak polizia-aurrekariak ditu eta epailearen esku utziko dute, behin polizia-eginbideak amaituta.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!