Sexu erasoak gaitzesteko ekitaldia egingo dute gaur, zezen plazan

Ataria 2024ko otsailaren 13a

Tolosako Udalak Inauterietan izan diren sexu erasoak gaitzetsi ditu. Udal ordezkariek, Tolosako Asanblada Feministak eta Inauterietako eragileek gertakariak gaitzesteko aldarria egingo dute, gaur arratsaldean, zezen plazan.

Azken orduetan bi atxiloketa izan dira Tolosako Inauterietan gertatutako hainbat sexu erasoren ondorioz. Batetik, Tolosako Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean adin txikiko neska talde baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik. Atxilotua epailearen esku utzi dutelarik gaur goizean. Eta, bestetik, Ertzaintzak jakinarazi du 28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilotu dituela azken 48 orduetan sexu askatasunaren aurkako hiru delitu egotzita.

Udalak gertakari hauek guztiak gaitzetsi ditu eta arratsaldean zezen plazan protesta ekitaldi bateratua egingo dela esan du. Txarangek zezentokiari buelta eman ostean, Asanblada Feministako kideek, udal ordezkariek eta inauterietako hainbat eragilek beste itzuli bat emango diote plazari Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde eta Indarkeria matxistari aurre egin lelopean.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!