300 saio bete berritan, eten txiki bat egingo du '(H)ari naizela'-k

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 28a, 12:00

'(H)ari naizela' irratsaioak Gurea antzokian grabatu zuen 200. saioa, ‘Uhinak’ izeneko bertso saio berezia eginda. IRATI SAIZAR

Udaberrian itzuliko da bertsolaritzaren aktualitatea ardatz duen saioa Ataria Irratira; Imanol Artola 'Felix'-ek gidatzen du, baina baliteke ahots berri batek lekukoa hartzea.

2016ko urtarrilaren 17an egin zuen lehen emisioa (H)ari naizela irratsaioak Ataria Irratian. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaitu berritan izan zen, eta Imanol Artola Felix-ek hartu zuen saioa gidatzeko ardura. «Harituz Bertsozale Taldearen loraldi betean heldu zen», gogoratzen du amezketarrak.

Ataria Irratiaren, Harituzen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da (H)ari naizela. Eskualdeko bertsolaritza aktualitatea ardatz zuen irratsaio bat egitea zen helburua, bertsoekin eta elkarrizketekin osatuta. «Behar handia zegoen garai hartan, eta asmatu genuen. Ni, ordea, esatari lanetan aritu gabea nintzen, eta zalantza batzuk izan banituen ere, gai ikusten nuen nire burua».

Beste irratsaio batzuk entzunez, eta horietatik zenbait erreferentzia hartuz hasi zen Felix saioak prestatzen. «Asko lagundu ninduen ingurukoak zintzoak izateak, aholkuak emateko eta proposamenak egiteko». Saio batetik bestera, aldaketak eginez, ikasten joan izan dela aitortu du: «Gaur egun lasai entzuten dut nire ahotsa, baina lehen saioak ezin nituen entzun ere egin».

Ia zortzi urte bete dituen saioa prestatzeko modua aldatu egin duela azaldu du amezketarrak: «Lehen, esan beharreko guztia goitik behera idatzita eman behar izaten nuen, azkenekoetan, ordea, apenas eman dut ezer idatzita». Saioaren egitura ere aldatuz joan dela aitortu du: «Gonbidatu asko igaro dira estudiotik. Azken aldian, baina, elkarrizketa gutxiago egin izan ditut, eta saioak monografikoagoak izan dira».

Elkarrizketatuak lortzea ez da lan zaila Felixentzat. «Zerrenda luze bat egina dut, eta oraindik 15-20 inguru izango dira elkarrizketatu gabeak». Norbait elkarrizketatzeko arantzarik geratu ote zaion galdetuta, hiru izen aipatu ditu: Jexux Murua, Agustin Amiano eta bertsolariren baten guraso bat. Gonbidatuen hitzez gain, grabatutako zenbait bertso entzuteko aukera izaten da; irratsaioan igorritako ia denak gordeta ditu, gainera. Saioa grabatu aurreko lan horrek, baina, «esfortzu handia» suposatzen duela aitortu du: «Bertso saioak zein herritan dauden begiratzen dut, eta gero, ea horiek grabatzeko aukerarik ote dagoen jakin».

2024an, kontatzeko asko

Lehen aipatutako aldaketen arrazoietako bat erosotasuna izan daitekeela aitortu du amezketarrak; ez du gustuko laguna, ordea. «Norbera eroso sentitzen hasten denean, orduan izaten da gauzak aldatzeko garaia. Azkenaldian, irratsaioa prestatzeko ekimen txikiagoarekin ikusten nuen nire burua». Hori dela eta, etenaldi txiki bat egitea erabaki du, 300. saioa igorri berritan.

Beste efemeride batekin osatu du saio berezia Felixek: Pernando Amezketarraren heriotzaren 200. urteurreneko ekitaldiko bertsoekin. Hala ere, 100. eta 200. saioak ospatzeko egindako ekitaldi berezien gisakorik ez du aurreikusten. «Horrelako saio bat prestatzeak ur sakonetan sartzea eskatzen du, eta buruhauste handiak eragiten ditu. Gogo handia eta denbora behar izaten dira horretarako, eta niretzat, karga handiko hilabeteak izaten ari dira».

Urte berriarekin batera, hartzen antzera, negua lotan pasako du irratsaioak, «hala egokitzen delako». Udaberrian itzuliko da, Aste Santuko oporren ondoren. Orduan hasiko dira Gipuzkoa Bertsotan eta Eskolarteko Txapelketa, eta udazkenean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren txanda izango da. «2019ko Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasean arrakasta handia izan zuen irratsaioak, baita eskualdetik kanpo ere, fase horri oihartzun oso txikia ematen zaiolako bestela. Hortaz, aurten ere horri estaldura eman beharko zaiola iruditzen zait».

Hori, ordea, ezin da jakin kuku zaharraren ahotsarekin egingo duen irratsaioak; baliteke kuku berri baten kantua entzutea. «Ikusiko da lekukoa hartzeko inor prest dagoen edo ez; denborak erabakiko du. Polita litzake ate joka datorren Harituzeko belaunaldi berriko kideren batek hartzea». Felix prest azaldu da edonori laguntza emateko, «guztiz eroso edo prest sentitu arte».

Benetako zentzua

Bertsoaren aktualitateaz jarduten duten saio gehiago badira ere, amezketarraren ustez, tokikoa izatea da berearen indargunea. «(H)ari naizela-k existitzeko edo, behintzat, benetako zentzua izateko, eskualdeko ahotsak behar ditu. Oihartzuna eman behar die beste saioetan azaltzen ez diren Tolosaldeko bertsolariei, baita bertako bertso saioei ere».

Azken urteetan Harituz bera eta bertako jarduna aldatzen joan dira, eta orain hasiko dira bertsolari gazte berriak txapelketetan eta sariketetan parte hartzen. «Beraz, irratsaioak berriro hartuko du benetako zentzua». Ilusio handia badute ere, beraiekin «pazientzia handia» izatea eskatu du Felixek. «Sagarrondoek ere landatu eta lehen urtean ez dituzte sagarrak ematen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!