Adunako Herri Eskolak hartu du festarako lekukoa

Leyre Carrasco 2023ko eka. 11a, 13:00

Harrera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari Lizartzan. Eskola txikiek herri txikietan duten garrantzia aldarrikatu dute bertan, 'Eskola Txikiak Bizirik' lelopean. Datorren urtean Adunan ospatuko da Eskola Txikien Festa, eta gaur hartu dute lekukoa ordezkariek.

Festa hau antolatzeak ilusioa eta ardura ekarri dizkiela aipatu dute antolatzaileek, "baina era berean, komunitate hitzaren esanahi osoaz gozatzeko aukera ere bai. Festa antolatzea ez da nolanahiko erronka izan. Horretarako, herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da. Ikasleen, irakasleen, Udalaren, senideen eta herritarren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia gauzatzea. Hemendik eskerrik beroenak adierazi nahi dizuegu".

Festa eguna izateaz gain, gaurkoa aldarrikapen eguna ere badela azpimarratu dute: "Herriak eta eskolak elkarren beharra dutela gogorarazteko eguna, umerik gabeko herriak ez baitu etorkizunik, eskolarik gabeko herriak ez baitu bizirik".

Gaur, bigarrengoz ospatu dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Lizartzan, 1996an ere bertan ospatu baitzuten. Honela, garai hartako festa ikasle bezala ospatu zutenek, orain guraso bezala ospatzeko aukera izan dute. Orain ikasle direnak beraien lekukoa hartu eta dantzan eta kantuan ibili dira, festari hasiera emanez.

Eskola berriaren beharra

Harrera ekitaldian Iñaki Azpiroz Lizartzako alkatea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Eugenio Jimenez Ibañez ikastetxe eta plangintzaren zuzendaria ere izan dira. Azpirozen esanetan, "Lizartza herri txikia da, eskola txikia du; baina herri bizia da, bizia duen herria. Herri txikiok ez dugu herri handien arnasgune izan nahi, ez dugu iraute soilean oinarritutako Lizartza nahi, eta horretarako, oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak izatea ezinbestekoa da".

Gaur egun, Lizartzako Herri Eskola egoerarik okerrenean dagoen eskola dela, eta horren bueltan Lizartzako Udala Hezkuntza Sailarekin elkarlanean ari dela jakinarazi du alkateak: "Espero dezagun epe motzean eskola berritzeko obrak hastea eta egungo egoerari buelta ematea. Beraz, areagotu ditzagun gure esfortzuak hau horrela izan dadin".

Era berean, azken hilabeteetan aukera guztiak "sakonki" aztertu dituztela jakinarazi du Jimenezek: "Errekak asko mugatzen du zuen herrian egin daitezkeen edozein azpiegitura lan, baina Hezkuntza Sailak eta Udala elkarlanean bide bat jorratzen ari gara. Denbora beharko dugu eta bere zailtasunik izango ditugu, baina horretan ari gara eta elkarrekin aurrera aterako dugu". 

Mendizabalek hartu du hitza ondoren. Berak kontatu bezala, 2010ean, garai hartako gobernuak, eskola txikiak ixteko joera azaldu zuen, eta legebiltzarrean Mendizabali egokitu zitzaion ez ixteko defenditzea. "Lortu genuen, eta oso pozik nago sinisten dugulako eta garai hartan sinisten genuelako herri txikiek eskola txikiak behar dituztela, elkar laguntzen direlako, eta, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundian sinisten dugulako herri txikiak bizirik mantendu behar ditugula Gipuzkoaren orekari eusteko", gehitu du.

Urte osoko lana

Festa antolatzea urte osoko lana izan dela jakinarazi du Gotzone Bengoetxea Lizartzako Herri Eskolako zuzendariak: "Burubelarri aritu gara festa eguna antolatzen, gaurko dena prest egon zedin. Antolaketak, bilerak, urduritasuna, poza, ilusioa eta nekea. Guzti horrekin dantzan pasatu dugu urte osoa, eta lortu dugu, egin dugu eta egingo dute. Disfrutatzeko eta disfrutatu dezazuen".

Eneritz Iturbe Lizartzako Herri Eskolako gurasoak ere hartu du hitza, eta ozen aldarrikatu du, "eskola txikiek merezi dutelako, herri txikien batasuna direlako, eskola publiko eta kalitatezkoak direlako, herriari bizia ematen diotelako eta beste hainbat arrazoiengatik, gaur, inoiz baino ozenago esan dezakegu eskola txikiak herri eta auzo txikiak bizirik!".

Adunako Eskola Txikien Festa

Adunako Herri Eskolak hartu du datorren urtean Eskola Txikien Festa antolatzeko lekukoa. Adunako ordezkariek adierazi bezala, "berezia da gaurko eguna Lizartzarentzat, urte osoan egindako lanaren erakusleihoa izango baita, herri osoaren festa. Aitortu behar dugu guretzat ere berezia dela gaurko eguna, hurrengo urteko festaren abiapuntua baita, lekukoa jasotzen dugun eguna, Adunako herritar guztiok gogo biziz hartu dugun festaren haziaren eguna".

Eskola txikiak herriaren oinarria direla ere aipatu dute, "etorkizuneko herritarrak hezten dituztenak, komunitatea osatzen laguntzen dutenak, ikasle, guraso eta irakasleen arteko elkarlanari esker. Herriari bizia ematen diete eskola rxikiek, herriaren motorra baitira".

Amaitzeko, datorren urtean Adunan ospatuko den Eskola Txikien Festarako gonbita zabaldu dute, "urtetik urtera gure artean sortzen ari den harreman honi jarraipena emateko asmoz. Ongi etorri denok".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!