ERREPORTAJEA

Haurrak adina ilusio

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 19a, 07:59

Familia ugariak, bizipoza buruhausteen gainetik. M. GALARRAGA

Hirukide Familia Ugarien Elkarteak bere lanaren berri emango die Tolosaldeko familiei, hilaren 24an, Tolosako kultur etxean antolatu duen aurkezpen ekitaldian. Tolosaldean milatik gora dira; Amezketan, adibidez, lau haur dituzten bi familia daude gutxienez.

Azaroaren 24an, ostiralean, aurkezpen ekitaldia egingo du Hirukidek, Euskal Autonomia Erkidegoko Familia Ugarien Federazioak, Tolosan, bertako eta inguruko herrietako familia ugarientzat. Hitzordua 17:30ean izango da kultur etxean (Trianguloa plaza, 1). Baina aurkezpenera joaterik ez duten guztiei ere emango zaie arreta, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, leku berean. Bertara hurbiltzen diren familia guztiei emango diete aurrez aurreko arreta. Doakoa izango bada ere, hitzordua hartzen dutenek lehentasuna izango dute. Horretarako, Hirukide.com webgunean dagoen galdetegi bat bete behar da.

Aurkezpenean eta egunean zehar egongo den arreta-puntuan, erakundearen zerbitzu eta jardueren berri emango dute, familia ugarientzat Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eskubide, laguntza eta hobari publikoen informazio zehatza eskainiko dute, eta familiek dituzten zalantza, iradokizun eta erreklamazioei erantzungo diete.


Hirukide elkarteak 2019an Bilbon egindako topaketako irudia. HIRUKIDE


Ondorengo gaiak landuko dituzte bertaratzen diren familiekin: familia ugaria izateagatik dauden eskubideak, laguntzei, hobariei eta baimenei buruzko zalantzak, Tolosaldean dauden laguntza eta deskontuak, bertako zein gertuko familia ugarien egoera eta premiak, erakundearen jarduera, familien ekarpenak, eta azken urteko berritasunak. Halaber, azken hilabeteotan eta urteetan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dituzte, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen.

Landuko dituzte gaien artean, seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntza berriari buruzko berrikuntzak aurkeztuko ditu Hirukidek. Izan ere, EAEko familia ugarientzako laguntza berriak indarrean sartzea aurreikusten dute. «Laguntza berri horiek aurrerapen positiboa eta beharrezkoa ekarriko diete familia ugariei; izan ere, hirugarren seme-alaba guztiek edo ondorengoek, 3 urtetik 7 urtera bitartean, 100 euroko laguntza jasoko dute hilean», adierazi dute elkartetik.

8.300 familia baino gehiago

Hirukide Gobernuz Kanpoko Erakunde apolitiko eta akonfesionala da, Eusko Jaurlaritzak 2003. urtean Onura Publikoko Elkarte gisa aitortua, bizitza politiko, instituzional, sozial, mediatiko eta enpresarialeko esparru guztietan kide ugariko familien eskubideen alde lan egiteko helburua duena. 1999an sortu zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteak (Ausarki, Lasterbide eta Liluraldi, hurrenez hurren) batzearen ondorioz, eta politika, instituzio, gizarte, komunikabide, enpresa eta bizitzaren arlo guztietan kolektibo honen eskubideak defendatzea du helburu.

Kide ugariko 8.300 familiak baino gehiagok (45.000 bazkide inguruk) osatzen dute, eta bazkide izateko bi baldintza bete behar dira: Kide Ugariko Familia Titulua edukitzea edo eduki izana eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Egun, titulua indarrean duten familien %30 baino gehiago Hirukideren barruan daude. «Sinetsita gaude batasunetik indarra sortzen dela, eta indarra da kide ugariko familiek behar duguna, gure ahotsa entzunarazteko eta gure eskubideak errespetarazteko», adierazi dute elkarteko ordezkariek.

Eskualdeko herri guztietan

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak uztailean argitaratu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko familia ugarien ikasturte honetako bigarren hiruhileko datuak. Zerrenda horietan EAEn dagoen familia ugari kopurua zehazten da, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte sortutako familia berrien datuekin eguneratuta.

Tolosaldean, 1.105 familia ugari daude (guztiak ez dira Hirukideko kideak), herri guztietan banatuta; batzuk, aurten sortuak dira, beste batzuk, lehendik bazirenak, eta tartean badira familia ugaria izanik ere, etxeko kide kopurua areagotzea erabaki dutenak. Logikari jarraituz, Tolosan, Amasa-Villabonan eta Ibarran daude gehienak, erdia baino gehiago; Baliarrain, Gaztelu eta Orexa dira familia ugari gutxien dituzten eskualdeko herriak.

 

1.105, Tolosaldeko familia ugariak


Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak uztailean argitaratutako datuen arabera, gaur egun, 1.105 familia ugari daude Tolosaldean. EAEn 32.665 dira: Araban, 5.678, Bizkaian, 14.421, eta Gipuzkoan, 12.566.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!