ELKARRIZKETA

«Umeekin deskubritu dut zer den benetako maitasuna»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 19a, 07:57
Goikoetxea-Garmendia familia ugaria, Amezketako Argaia-Goena baserrian. J. ARTUTXA

24 urterekin izan zuen lehen umea Aintzane Garmendiak, eta orduan konturatu zen ama izateko jaio zela. Geroztik, familia handitzen joan dira, eta elkarrekin, talde sendo bat osatzea lortu dute, Amezketako Argaia-Goena baserrian; 2024an helduko da bosgarren haurra. Goikoetxea-Garmendia familia ugaria osatzen dute.

Gaur egun, familia ugaria osatzen du Aintzane Garmendia amezketarrak, Iñaki Goikoetxea senarrarekin eta Joana, Peio, Itoitz eta Sara seme-alabekin batera. Bi urte besterik ez ditu gazteenak; zaharrenak, berriz, 11 urte ditu, eta etxeko bigarren ama balitz bezala zaintzen ditu txikiagoak. Hilabete batzuk barru, zazpigarren senide bat helduko da Goikoetxea-Garmendia familiara.

Haurrak izan aurretik, argi zenuten bi baino gehiago izan nahi zenituztela, edo behintzat, bazenuten haur asko izateko nahia?

Nik 24 urte nituen, eta Iñakik, 23. Ez ginen haurretan pentsatzen jarri, eta halabeharrez haurdun geratu nintzen. Guk erabakiz gero, ez dakit noiz izango genuen lehen haurra. Inolaz ere ez genuen pentsatzen hiru, lau edo gehiago izango genituenik. Nik garbi nuen ama gaztea izan nahi nuela, baina gertuko senide eta lagunak haurrekin ikusteak ez zidan interesa pizten.

Haurdun geratu nintzenean, urtebete pasatxoko erlazioa besterik ez genuen, eta bakoitza bere etxean bizi zen oraindik. Pisu batean bizitzen jarri ginen eta aurrera egitea erabaki genuen. Joana jaio zenean, ni ere berriz jaio nintzen; orduan jabetu nintzen ama izateko jaio nintzela. Bera jaio aurretik, egunen batean ama izango nintzela kontatzen nuen, baina ez nuen familia ugaria izateko ikaragarrizko ilusioa.

 

«Joana jaio zenean, ni ere berriz jaio nintzen; orduan jabetu nintzen ama izateko jaio nintzela»



Zergatik familia ugaria?

Ama izateko sena ez zitzaidalako itzali. Garbi nuen bigarren haur bat nahi nuela, eta lehena gazte izan genuenez, bigarrena ere hala izatea erabaki genuen. Ezin nuen asimilatu 26 urterekin nire amatasun fasea amaitu zela, ez nituela haur gehiago izango. Peio jaio zenean, Iñakiri esan nion: «Esadazu ez dela horrelakorik biziko dudan azken aldia».

Nola kudeatzen da familia ugari bat?

Bikoteko kide batek ordutegirik ez izatean dago sekretua. Argi utzi nahi dugu agenda librerik ez dugula, igandetik igandea lan egiten dugu, eguzkitik eguzkira. Iñaki ia erabat arduratzen da baserriaz eta harategiaz. Nire kasuan, haurrekin gehiago egoteko, baserriko jarduera jaisten dut, etxekoa areagotuz. Bi haur genituenean, bulego batean egiten nuen lan, eta orduan nahiko garbi nuen, horrela jarraituz gero, ez genituela haur gehiago izango.

Hala ere, umeek argi dute zerbait behar dutenean ama beti hor dagoela, baita aita ere, noski. Baina guk argi izan behar dugu beraiek gure beharra dutenean, egiten ari garen hori utz dezakegula, beraietaz arduratzeko. Hori da familia ugari bat izateko oinarrizko ezaugarrietako bat. Adibide bat jartzearren, oinez ikasi arte, haurrak norbaitekin egon behar du, eta prozesu hori izaten da gogorrena. Urtebete inguru horretan ia etengabe egon behar duzu berarekin. Ni, gainera, umeekin egon beharrekoa sentitzen naiz, eta hori dela eta, behin ere ez ditut haurtzaindegian utzi.

Eta haur zaharrenek laguntzen dizuete etxeko lanekin edota zaintzarekin?

Joanak, Peiok, Itoitzek ikaragarri laguntzen dute, eta beraientzat ikasketa bat da. Familia bat izateaz gain, talde bat gara; jakitun dira bizimodua aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela denon parte hartzea, eta gainera, oso ona da beraien artean duten harremana. Dugun bizimoduarekin, gainera, baserria edo harategia dela, etxetik kanpo ere lan handia izaten dugu, eta hori ikusita, haurrek diziplina eta esku-hartze handia dute. Oraindik umeak badira ere, erantzukizun batzuk dituzte jada, hori bai, pisu handiegia ezarri gabe.



Familia ugaria izateak, ekonomikoki osasuntsu egotea eskatzen du?

Alderdi ekonomikoari dagokionez, momentuz gauza gutxirekin konformatzen garen horietakoak gara, eta beraz, ondo moldatzen gara. Familia ugariaren txartela daukagu, eta horri esker, zenbait abantaila eta deskontu izaten ditugu denda batzuetan. Gainera, hilero diru kopuru bat jasotzen dugu eta ongi etorria izaten da. Hala ere, laguntzengatik ez nuke inor animatuko familia ugaria izatera, gastuak beti handiagoak izaten direlako.

Zer izaten da egunerokoan gauza konplexuena?

Zerbait aipatzeagatik, eskolaz kanpoko jardueren ordutegiarekin bizimodua antolatzea. Gure haurren kasuan, pilotan ibiltzen dira denak, eta asteburu batzuetan, ordu berean bi herri desberdinetan izaten dituzte partidak. Astean badira zenbait egun erotuta ibiltzen garenak.

Zuei zer eman dizue familia ugaria izateak?

Niretzako nire bizitza da. Beldur apur bat eduki izan dut orain arte; izan ere, askotan pentsatu izan dut honakoa: «Helduagoak direnean eta etxetik joaten direnean, ez dakit bizitzen jakingo dudan». Oraingoz, hamaika urte daramatzat inozentzia horrekin. Gaur egun ez dut oroitzen nolakoa zen umeak izan aurreko Aintzane, eta ez dakit nolakoa izango den umeak hazi ondorengoa.

Batzuetan gerta liteke buruan munduko arazo handiena izatea, baina haur bat bere irribarrearekin etortzen zaizunean, arazo guztiak ahazten zaizkizu. Umeekin deskubritu dut zer den benetako maitasuna, ez gurasoekin, ezta bikotearekin ere. Niri gustatuko litzaidake hau behin ere ez amaitzea, baina amaituko da, noski. Bosgarren haurra azkena izango da gure familian.

Erlazionatuak

Haurrak adina ilusio

Josu Artutxa Dorronsoro 2023 aza 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!