ELKARRIZKETA

«Orain ez genuke asmatuko haurrik gabe bizitzen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 19a, 07:58
Gorostidi-Oiartzabal familia ugaria, Amezketako Pello Zabala gunean. ATARIA

Ezin zoriontsuago bizi da Amezketan Gorostidi-Oiartzabal sendia. Gurasoek betidanik gustuko izan dituzte haurrak, eta argi zuten bi baino gehiago izan nahi zituztela; gaur egun, lau seme dituzte.

Ametz, Oihan, Aiur eta Eki amezketarrak Gorostidi-Oiartzabal familiako lau semeak dira. Zaharrenak 15 urte bete ditu aurten; gazteenak, berriz, 8. Bixente Gorostidi eta Oihana Oiartzabal dira gurasoak. «Adinean aurrera doaz, eta konturatzen ari gara zaharrenek jada ez gaituztela behar», aitortu dute.

Haurrak izan aurretik, argi zenuten bi baino gehiago izan nahi zenituztela?

Oihana Oiartzabal: Nik bai.

Bixente Gorostidi: Nik ahal izanez gero, haurrak izan nahi nituen, baina kopuruari ez nion erreparatzen. Hori bai, gutxienez bi nahi nituen.

Oiartzabal: Eta ahal bazuen, bost ere bai!

Gorostidi: Beno, hori hirugarrena jaio zenean pentsatu nuen. Horrelako ume politekin... [Barreak]

Oiartzabal: Nik ere, ahal bagenuen behintzat, eta dena ondo joanez gero, gutxienez hiru izan nahi nituen.



Betidanik gustuko izan dituzue haurrak, beraz.

Gorostidi: Bai, eta nik zorte handia izan nuen. Etxean hiru senide gara, eta beste biak ni baino gazteagoak dira. Bietan zaharrenarekin, urtebeteko aldea besterik ez dut; gazteenarekin, berriz, 10 urtekoa. Haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapen oso onak ditut; jostailu bat balitz bezala ibiltzen ginen gazteenarekin jolasean. Haren ondoren, gainera, gure auzoan beste hiru haur jaio ziren, eta horiekin ere jolasean ibiltzen ginen, ia gure haurrak balira bezala.

Oiartzabal: Nik Bixenteri argi esaten nion, haurrak izatea erabakiz gero, elkarren artean adin tarte txikiarekin jaiotzea nahi nuela. Ni baino zaharragoa den neba bat dut, baina ni naiz hiru ahizpetan zaharrena. Guztiekin izan dut lotura oso ona, baina gehienbat nebarekin, bi urteko aldea besterik ez dugulako; ahizpa gazteena ni baino 10 urte gazteagoa da. Nire iritziz distantzia hori ez da guztiz lagungarria.



Zergatik familia ugaria? Zein izan zen arrazoia?

Biak: Ez zegoen arrazoirik, hain geunden gustura...

Oiartzabal: Ametz jaio zenean, lana uztea erabaki nuen. Musika irakaslea nintzen; trikitia jotzen erakusten aritzen nintzen. Zalantzak izan nituen, arrisku handiko erabakia zelako, baina Bixentek animatu ninduen, ardura osoa familiarengan hartzeko. Hala ere, bizitzan egin dudan inbertsio handiena izan da, eta orain ere erabaki bera hartuko nuke. 7 urte inguru egin nituen egoera horretan, eta nire bizitzako urterik politenak izan ziren. Hain urte onak izan ziren, lanera itzultzea asko kostatu zitzaidala. Lehen beste umore bat izaten nuen, eta orain nekatuago iristen naiz egunaren amaierara.

Amezketan bizi baginen ere, orduak eta orduak pasatzen genituen nire gurasoen baserrian Ametzekin. Bai berarentzat, bai ondorengo semeentzat, baita guretzat ere, askatasun handiko tokia izan da, kezka eta arazo guztiez ahazteko. Gaur egun, korrika eta presaka bizi garen honetan, senideen arteko lotura eta horrek dakarren afektibitatea galdu dugu, eta hori oso garrantzitsua da.

Nola kudeatzen da familia ugari bat?

Oiartzabal: Behar-beharrezkoa da ekonomikoki ahalmena izatea, baina lehen esan dudan bezala, gurasoetako bat behintzat nahiko libre egotea ere bai.

 

Bixente Gorostidi: «Biok lanean aritu izan bagina, ez zait iruditzen hiru edo lau haur izateko gai izango ginenik»


Gorostidi: Nire kasuan, laneko ordutegiarekin, malgutasun handia izan dut beti, eta horrek asko lagundu izan gaitu. Erreleboka lanean ariko banintz, ez litzake hain erraza izango, eta biok lanean aritu izan bagina, ez zait iruditzen hiru edo lau haur izateko gai izango ginenik.

Oiartzabal: Zorte handia izan dugu, eta laguntza handia eman ahal izan diogu elkarri umeen zaintzarako.

Esan duzuenez, umeak izan aurretik ekonomikoki osasuntsu egotea ezinbestekoa da.

Oiartzabal: Bai. Hala ere, argi utzi nahi dut gu ez garela anbizio handiko pertsonak, eta gutxirekin konformatzen gara. Hala ere, umeak hazi ahala, arropa erosterako orduan nabaritzen da gorakada gastuan.

Gorostidi: Argi daukat umeak izan ez bagenitu, gure aisialdian izango genituela gastuak, eta aste batzuetan, orain izaten ditugun gastuak baino handiagoak izango lirateke. Niri pertsonalki, gastuek beldur handiagoa ematen didate hemendik aurrera, unibertsitate-ikasketak direla, kanpoan bizi beharra dutela...



Eta gastu horiei aurre egiteko izaten al duzue abantaila edo laguntzarik?

Oiartzabal: Jaio zirenean, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak jasotzen genituen, eta ongi etorriak ziren, noski. Hala ere, gaur egun, ditugun diru-sarrerak direla eta, eskolan esaterako, ez digute bekarik ematen.

Gorostidi: Denda batzuetan deskontuak izateko aukera dugu, baina bestela, ezer ez. Baina familia ugaria izateko arrazoia ez ziren laguntzak izan, pizgarri ekonomikoa baino zerbait gehiago behar da horretarako.

Eta nolakoa izan da eta izaten ari da haurren arteko harremana? Zaharrenek gazteenak zaintzen lagundu izan dizuete?

Biak: Betiko haserrealdiren bat izan dute tarteka, baita guk ere beraiekin, baina orokorrean ez dugu inolako arazorik izan.

Gorostidi: Harreman ikaragarria dute elkarren artean, eta alde horretatik, zorte handia izan dugu.

 

Oihana Oiartzabal: «Askotan esaten diogu elkarri, baita gauetan lotara joatean, sekulako haurrak ditugula»


Oiartzabal: Bixentek eta biok askotan esaten diogu elkarri, baita gauetan lotara joatean, sekulako haurrak ditugula. Akaso harrotasunez ari naizela dirudi, baina egia da.

Gorostidi: Gozamen hutsa izan dira orain arte, eta orain ere hala dira.

Oiartzabal: Aitona-amonekin ere lotura handia dute, eta niretzako hori oso garrantzitsua da. Beste errespetu bat diete, eta laguntzeko ere jarrera desberdin bat dute. Nire ustez, baserriko bizimodua izateak eragina izan du, eta esango nuke gure haurrek badituztela gaur egungo zenbait balore. Familiarekiko lotura handia dute, baina aldi berean, lagunekin egotea ere oso gustuko dute.

Zer eman dizue familia ugaria izateak?

Gorostidi: Poza, handia gainera. Ederra da etxean beti giro polita izatea, eta haurrak elkarren artean zeinen ondo moldatzen diren ikustea. Askotan pentsatu eta esan izan diogu elkarri honakoa: «Orain umerik izan ez bagenu, ene, ene, ene...». Senideekin uzten ditugunean eta bakarrik geratzen garenean, askok esaten digute aprobetxatzeko. Hala ere, arratsaldea heltzen denerako beraien falta sumatzen dugu. Orain ez genuke asmatuko umerik gabe bizitzen.

Erlazionatuak

Haurrak adina ilusio

Josu Artutxa Dorronsoro 2023 aza 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!