Erreportajea

Euskararekin bat egin, euskaraz izateko

A. Imaz / J. Artutxa 2023ko aza. 1a, 16:00

Larunbatean, hilak 4, hitzordu garrantzitsua izango da Bilbon; Euskalgintzaren kontseiluak deituta, manifestazioa egingo dute, 17:00etan. Autobus zerbitzua jarri dute Tolosaldetik bertara joateko.

Azkenaldian, auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak. Hori dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, manifestazioa egingo dute larunbat honetan, hilak 4, Bilbon; Euskaldunatik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Sententzia horiek, besteak beste, udalei, bertako langileei nahiz euskararen alde lan egiten duten elkarteei eragiten diete, eta guztiek nabarmendu dute Bilbora joatearen beharra. Tolosaldetik herritar ugari bertaratzea espero dute, hizkuntza ezagutzari eta erabilerari dagokionez Euskal Herri mailan «eskualde eredugarria» delako.

MAITE ARREGI

Villabonako euskara teknikaria

«Orain arte egindako lana hankaz gora jar dezake»

Sententzia irmoa ez den bitartean, eta oraindik helegitea jartzeko tartea dagoenez, Maite Arregi Amasa-Villabonako Udaleko euskara teknikariak esan du orain arte bezala jarraituko dutela lanean, hau da, nagusiki euskaraz eginez, betiere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz. «Sententzia irmoa izango balitz, eta dena bi hizkuntzatan egin behar izateak, lan guztia bikoiztea ekarriko luke; gainera, ez litzateke euskararen normalizaziorako bide izango. Sententziak esaten duenez, udalek ezingo dute euskara lehenetsi. Eta nola egin behar dugu orduan?».

Orain, 2023-2027 agintaldirako plana diseinatu eta onartu behar dute udalek, baita tarte horretan indarrean izango dituzten hizkuntza irizpideak ere. «Lan handia dago plan guzti horien atzean. Urte luzetan inbertsio ekonomiko eta pertsonal handiak egin dira eta sententzia honek hankaz gora jarriko luke hori guztia. Ez dakit nola eragingo ligukeen, baina badakit eragin handia izango lukeela. Ukaezina da kezka ere sortzen digula, orain arte egindako lan guztia hankaz gora jar dezaketela ikusita. Zer gertatuko litzateke erabakia irmoa izango balitz, eta lehen bezala dena bi hizkuntzatan egin beharko bagenu? Atzera pauso handia izango litzateke gurea bezalako udalerri euskaldunetan. Okerrena da, gainera, adostasunez hartutako erabakiak gutxi batzuen esku uzten direla».

Arregiren ustez, euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak errespetatzea eta bermatzea ez daude kontrajarrita. «Urte askotan frogatu izan dugu hori, batak ez duela bestea kentzen, alegia. Udal langileok, nagusiki euskaraz lan egiten dugun arren, ia egunero egin behar izaten dugu elebitan, gure herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditugulako».

XABIER OLANO

Altzoko alkatea

«Euskaldunok erantzun sendoa eman behar diogu»

Xabier Olano Altzoko alkatea haserre azaldu da: «oso kaltegarriak dira epaiak; guk erasotzat hartzen ditugu». Olanoren ustez, azken 40 bat urteetan euskal administrazioak, eta batez ere udalek, egindako lana eten nahi izan dute epai horiekin. «Udalerri euskaldunek, sortu zirenetik gaurdaino, lan handia eta eraginkorra egin dute, eta herritarrekin ez da sortu inolako arazorik. Nonbait horrek min ematen die, eta horregatik, udalen legearen artikulu batzuk bertan behera utzi dituzte».

Olanok azpimarratu duenez, udalen legea Eusko Legebiltzarrean babes handienetako bat lortu duen legea izan da. «%80tik gorako babesa izan zuen, eta orain bi epailek hori hankaz gora bota eta bertan behera utzi nahi dute. Ez da ulergarria, inondik inora. Ikusten denez, espainolak azken boladan oso oldarkor eta erasokor daude, eta euskaldunok erantzun sendoa eman behar diogu, bere garaian Egunkaria itxi zutenean bezala».

Pasa den urriaren 21ean Tolosan egindako elkarretaratzean euskararen aldeko elkarteek udalei eskatu zieten errekurtsoa jartzeko. Olanok esan du, horretarako, udalek parte interesatua izan beharko luketela, eta kasu honetan, Eusko Legebiltzarrean onartutako lege bateko artikulu batzuk indargabetu dituztela epaileek. «Beraz, lege hori onartu duen erakundeak, hau da, Eusko Jaurlaritzak dauka errekurtsoak jartzeko aukera», azaldu du.

Arregik aipatu moduan, Olanok ere orain arte bezala jarraitzeko hautua egin du, «erabaki horiei jaramonik egin gabe». «Udalerri euskaldunetako udalen funtzionamendua erabat euskaraz da, baina euskaraz ez dakien herritarren bat gerturatu eta gaztelaniaz galdetuz gero, gaztelaniaz erantzuten diogu», gaineratu du.

MAITE ASENSIO

Galtzaundi Euskara Taldeko kidea

«Gure erabakien aurka doan erabaki bat da»

Euskal herritar, euskaldun eta euskaltzale bezala, kezka handia eragiten duen gaia iruditzen zaio Maite Asensio Galtzaundi Euskara Taldeko kideari, «gure herrietako udalei euskaraz lan egiteko oztopoak jartzen dizkielako». Tolosaldearen kasuan, hamar herritarretatik bederatzik euskaraz ulertzen dute. «Hori kontuan izanik, logikoa da eskualdeko udalek euskaraz lan egitea eta euskaraz funtzionatzea».

Epai guztiak ildo beretik doazela nabarmendu du Asensiok. «Galtzaundiren ikuspegia beti herriarengan edo herritarren aktibazioan egon da jarrita, eta kasu honetan, guztioi zuzenean eragiten digu. Udalak gazteleraz lan egiten hasiko balira, kontraesan handia izango litzake, gure eskualdeko herrietako kaleetan %50etik gorakoa delako euskararen erabilera, eta hala beharko luke udaletan ere.

Galtzaundi Euskara Taldeak, bere aldetik, autobusak antolatu ditu eskualdetik Bilbora joateko. Herri gehienetan dago izena emateko aukera, eta online ere egin daiteke. «Azaroaren 4an, kaleak betetzea dagokigu. Presio handia ezarri behar dugu. Eskumenik ez daukagu, baina eskumen hori daukatenei epai hauen aurka egin eta dagokien helegiteak jartzea exijitu behar diegu. Udal legea bozkatu zenean, nagusitasun handiz atera zen aurrera, eta beraz, epaia ez doa euskaltzaleen aurka bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi garen biztanle gehienon aurka baizik. Gure erabakien aurka doan erabaki bat da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!