EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk, udalei hizkuntza politikarako ahalmena mugatuz. Horien bidez ebatzi du, hain justu ere, udaletan ezin dela euskara lehenetsi. Bada, epaia euskararen «biziberritzearen aurkakoa» ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta bertako kide diren udalei adierazpen instituzional bat helarazi die, udaletan «ahalik eta lasterren» onartzeko. Adierazpen horren bidez, euskara «sustatzen» jarraitzeko asmo sendoa berretsiko dute udalek. Azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deituta duen manifestazioarekin ere bat egiten du adierazpenak. Zehazki, udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ordezkaritza nabarmena izango dutela Bilboko mobilizazioan dio UEMAk.
UEMAk «kezkaz eta larritasunez» hartu du «euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako» atzoko epaia. Azkenaldian gisa bereko epaiak iritsi direla gogoratu du, eta guztietan berbera izan dela norabidea: «Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat».
Mankomunitateak dioenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. «Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar». Euskararen normalizazioa da, hain zuzen, UEMAren ustez auzitegiak ezbaian jarri duena: «euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko».
Era berean, sententzia horiek bereziki eragiten dietela udalerri euskaldunei dio UEMAk, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. «Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa».
Mankomunitatetik gogoratu dutenez, udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak azken hamarkadetan, «baina oraindik bada zertan eragin». Udalean bertan ere urrats handiak egin dituela euskarak dio UEMAk; «gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara». Bada, horretan jarraitzeko asmo sendoa duela esan du, eta aurrerantzean ere martxan jarriko dituela bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. «Horretarako, baina, ezinbestekoa du lege-orube sendoa».
Bestalde, UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin, eta atzoko epaiak beste arrazoi bat jarri duela kalera ateratzeko esan du: «Euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da, eta horregatik, euskararekin bat egiteko eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Halaber, Galtzaundi Euskara Taldeak larunbat honetarako Tolosan deitu duen elkarretaratzearekin ere bat egin du UEMAk.