Jon Esnaola saritu dute, Italy Percussive Arts Society lehiaketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 13a, 19:59

Musikari tolosarrak hirugarren saria eskuratu du mundu mailan egiten den perkusioko lehiaketa entzutetsuan; konposizio mailan saritu dute, Igor Arostegiri eskainitako 'Erro I' obragatik.

Jon Esnaola Agirre musikari eta musikagile tolosarrak ez du berehalakoan ahaztuko pasa den astelehena, 2023ko urriaren 9a. Bere lehen liburua argitaratu zuen, Xabier Irujo historialari eta idazlearekin elkarlanean: 'Suite Amaiur'. Baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, egun horretan bertan,  Italy Percussive Arts Society lehiaketako mezu bat jaso zuen, saritua izan zela zioena. «Mundu mailako lehiaketa da, eta ospe handia du perkusio-jotzaile onenen artean», esan du tolosarrak. Epaimahaia ere musikari eta musikagile handiek osatu izan dute. Aurten, honako hauek osatu dute: John Psathas, Julie Spencer, Todd Ukena, Luigi Morleo eta Richard LeVan.

Bi mailatan banatzen da lehiaketa: konposizioa eta interpretazioa. Esnaolak konposizioan parte hartu du. «Abuztuan aurkeztu nuen obra, Erro I izenekoa. Kaja-jotzaile bakarlariarentzako obra da, Igor Arostegiri eskainia». Lehen postua hutsik utzi du epaimahiak, eta beraz, ez dute inor saritu, irabazleak 1.000 euro irabaziko lituzke, baita obraren edizioa ere. Esnaolak, beste zenbait musikagilerekin batera, errekonozimendua jaso du. «Hori nahikoa sari da niretzat», aitortu du. Daniel Townsend (Erresuma Batua), Carlo Tosato (Italia), Pablo Blanco Cordero (Espainia), Johannes Claassen (Alemania), Carlo Passeggi (Argentina), Joao Pedro Oliveira (Portugal) eta Yu-Chen Ho (Taiwan) izan dira beste sarituak.

Esnaolak aitortu du «oso pozik» dagoela errekonozimenduarekin, eta ez zuela inolaz ere espero, «besterik gabe eta ingurukoek gomendatuta» erabaki baitzuen lehiaketara aurkeztea. Orain, 'Erro II' obra idazten ari da. Esnaolaren bi obrak instrumentu bakarlariarentzako obrak dira, euskal folklorean oinarritutakoak. Musikagileak azaldu duenez, euskal dantzetako erritmo guztiak entzun daitezke 'Erro I' obran: fandangoa, arin-arina, ezpata dantza, biribilketa, zortzikoa eta agurra. Kaxaz gain, interpretearen gorputza eta ahotsa uztartzen dira.

Markel Perezek, 2021ean

2021ean, Markel Perez perkusio-jotzaile irurarra saritu zuten lehiaketa berean; kasu honetan, interpretazioan izan zen, 20 urtez azpiko kategorian. Iaz, Perezek berak Erro I obra interpretatzeko ohorea izan zuen Musikenen, Jon Esnaolaren begiradapean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!