ELKARRIZKETA

«Lehen aldia nuen lehiaketa batean eta oso pozik nago emaitzarekin»

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 27a, 07:59

Markel Perez Etxarrik Italian izan den perkusio lehiaketa batean lehen saria eskuratu du 20 urtez azpiko kategorian; Musikenen dabil eta orkestra munduan lan egitea gustatuko litzaioke

Txikitatik izan du argi perkusioan jardun nahi duela Markel Perez Etxarrik (Irura, 2003). Ikasketek ahalegin handia eskatzen diote, kontserbatorioan eta Musikenen ari baita aldi berean. Dena den, musikaz gozatzeko eta aukera berriak probatzeko tartea hartzen du.

Zorionak. Pozik zaude lortu duzun sariarekin?

Bai, oso kontentu. Italian Percussive Arts Society delakoak antolatzen duen lehiaketan kaxako A kategorian, 20 urtez azpikoen artean lehen saria eskuratu dut. Lehen aldia nuen horrelako nazioarteko lehiaketa batean eta oso pozik nago emaitzarekin.

Zein ibilbide egin duzu musika munduan?

Loatzo musika eskolan hasi nintzen ikasten, Enrique Rubiños irakaslearekin. Hasieran afizio bezala nuen. Gero, Donostiako Franciso Escudero kontserbatorioa bisitatzeko aukera izan nuen eta bertan hainbeste perkusio instrumentu ikusterakoan argi eduki nuen hori ikasi nahi nuela. Izena eman nuen eta ordutik bertan ari naiz. Seigarren maila bukatzea falta zait orain.

Kontserbatorioko azken urtean zaude eta Musikenen ere bazabiltza.

Bai. COVID-19aren garaian sartu nintzen. Bideo bat bidali nuen eta onartu egin ninduten. Ordutik bertan nabil. Lau urteko ikasketak dira eta bigarren mailan nago.

Zer nolako ikasketak dira perkusio arlokoak?

Denetarik ukitzen dugu. Orkestra mundutik hasita, kaxa, tinbalak, bonboa, txindatak, triangelua eta panderoa lantzen ditugu, besteak beste. Folk munduan ere barneratzen gara eta hor beste hainbat instrumentu ezagutzeko aukera izaten dugu: congak, euskal panderoa eta txalaparta, esate baterako. Jazzean bateria eta bibrafonoa dauzkagu. Marinba eta bestelakoak ere jo izan ditugu. Denetarik landu behar dugu gero guk gure bidea topa dezagun.

Instrumentu horietakoren bat bereziki gustuko duzu zuk?

Orain, kaxarekin nabil tematuta. Italian kategoria horretan irabazi nuen, adibidez. Nota finkorik ez daukaten instrumentuak erakartzen naute gehien, kaxa edota askotariko perkusioa bezalakoek. Oraingoz horiekin pasatzen dut ondoen.

Hainbat gazte orkestratan zabiltza. Nola sortu zaizu horietan aritzeko aukera?

Orain Kataluniako, Kanarietako, Madrilgo eta Burgosko gazte orkestretan nabil. Noizbait jo izan dut EGO Euskadiko Gazte Orkestran, bertan aritzera gonbidatu nautelako. Oraingoz ez dut plazarik Euskadikoan, baina laster probak egiteko asmoa dut, ea sartzea lortzen dudan.

Hainbeste orkestretan batera aritzeko nola moldatzen zara?

Duela gutxi hartu naute Burgosko eta Kanarietako orkestretan, beraz ez dut haiekin topaketaren batean parte hartzeko aukerarik izan. Udan izaten dira emanaldi gehienak eta Kataluniako gazte orkestrarekin aritzeko aukera izan dut aurten. Madrilgoa ere orduantxe tokatu zen eta uko egin behar izan nion. Gehienetan, aste osoko topaketak izaten dira. Entsegu intentsiboak egiten ditugu eta astearen bukaeran kontzertu bat edo emanaldi bira bat antolatzen dute, aste osoan zehar landutakoa jendaurrean erakusteko.

Zer moduzkoa da orkestra batean aritzearena?

Oso esperientzia ona. Aurretik lan handia eskatzen du baina merezi du. Kontzertuetan adrenalina handia egoten da eta leherketa moduko bat izaten da, euforia handia sentitzen da.

Zein asmo dituzu zuk behin ikasketak amaituta?

Hasteko, orkestran espezializatu nahi nuke. Lanpostu finkoa lortzeko modua dela iruditzen zait. Bizimodua horrela aterata, bakarlari gisa, esate baterako jazz munduan aritzeko aukera izango nuke. Hori bai, nire burua ez dut irakasle bezala ikusten, noizbait probatu izan dut eta ez naiz hain eroso sentitzen. Nahiago dut beste bideak probatzea.

Jazza aipatu duzu. Zein musika estilo nahiago duzu?

Aritzen naizen taldearen arabera aldatu egiten da. Orkestrarekin, adibidez, errepertorio klasikoko autoreak nahiago ditut. Azken aldian, adibidez, Chaikovski eta Shostakovich autoreak asko landu ditut. Bakarlari gisa, nahiago dut errepertorio garaikidea, baina ezta ere oso-oso gertukoa, oso intelektuala dena. Askotan horrelakoek lan handia eskatzen dute eta zaila izaten da pieza horiekin jendearengana iristea.

Bakarlari gisa aritzeko aukera asko dago Euskal Herrian?

Orain arte ikusi ahal izan dudanez aukera gutxi dago. Berez bakarlari gisa badauzkat emanaldiak prestatuta baina hemen jotzeko aukera gutxi sortu zaizkit orain arte. Iruditzen zait musika estilo hau ez dela asko baloratzen hemen, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta behintzat.

Eta orkestraz gainera, taldean aritzearena probatu al duzu?

Bai, triQ izeneko perkusio hirukote batean nabil eta Musika Hamabostaldian emanaldi bat eskaini genuen udan. Musikenen nirekin ikasten duten Iker Iriondo eta Guillermo Elizaga ditut taldekide eta eskaini genuen kontzertua asko gustatu zitzaion jendeari. Perkusiorako espresuki prestatutako piezez gain, moldaketa ezberdinak egin genituen. Folk eta jazz musika lantzen dugu eta Kalakanen moldaketaren bat ere eskaintzen dugu. Gure asmoa entseguekin aurrera jarraitzea da, ea emanaldiak eskaintzeko aukera gehiago sortzen zaizkigun.

Lehiaketa gehiagotan eman duzu izena?

Ez, baina duela egun gutxi iritsi naiz Herbehereetatik. Gustav Mahler Jugendorchester gazte orkestran sartzeko probak egin ditut. Oso zaila dago bertan plaza lortzea baina nik aukera baliatu nahi izan dut nire burua probatzeko. Tribunalean egon den Raymond Curfs irakaslea ezagutzeko aukera izan dut. Munichen perkusio irakasle dabil eta nire asmoa Erasmus programarekin hara joatea da, beraz, berarekin lehen kontaktua egiteko aprobetxatu dut bidaia.

Sakrifizio handia eskatzen al du perkusio karrera egiteak?

Bai, diziplina handia eskatzen du, hainbeste instrumentu landuta, ordu asko sartu behar ditugu horietako bakoitzarekin. Nahiz eta, instrumentu batean gehiago espezializatu, probetan denetarik eskatzen digute eta denetarik ikasi behar izaten dugu. Hala ere, iruditzen zait garrantzitsua dela jendearekin eta mundu arruntarekin harremana ez galtzea. Egunotan irakurri dut Shostakovich konpositoreak esandako esaldi bat: «Mundutik isolatzen den artista oro kondenatuta dago. Ezinezkoa iruditzen zait artistak bere burua hiritargotik baztertu nahi izatea, hiritargo horrek osatzen duelako, azken finean, auditorioa». Erabat bat nator berak esandakoarekin, eta esango nuke, ahal dudan neurrian aplikatzen dudala. Ez dut harremana galdu nahi familiarekin edo lagunekin ikasketengatik, gero musika haientzako egiten baitugu. Harreman horrek aberasten du gure lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!