Zehaztasun handia eskatzen du Ataria-ren banatzaile izateak. Errespetatu behar dira ordutegiak, ibilbideak eta ale kopuruak. Aitor Oiartzabal Azketak (Zizurkil, 1977) lau urte baino gehiago daramatza banatzaile lanetan Villabona eta Zizurkilen. «Ataria-ko harpideduna naiz aspalditik, eta banatzaile bila zenbiltzatela irakurri nuen iragarki batean. Lan gabe nengoenez izena eman eta horrelaxe hasi nintzen».
Lan berrira ohitzea ez zitzaion asko kosta eta orain, dagoeneko, GPSa barruan daramala dio, «automatikoki» egiten duela ibilbidea, oinez. «06:10 inguruan Villabonako gasolindegian jasotzen ditut aleak eta bi orduren azpitik egiten dut itzulia. Aurrena Villabona zeharkatzen dut, kafesne bat hartzeko geldialditxoa egin eta gero, Zizurkilgo Elbarrenan egiten dut banaketa». 08:00etarako alea etxeko postontzian edukitzea «garrantzitsua» dela uste du, «egunkariak goizean goiz behar du etxe atarian». Oiartzabali goiz ibiltzea eskatzen dio horrek, 05:30erako jaikitzen da: «Ez zait esnatzea asko kostatzen, baina ondo deskantsatu behar izaten dut, eta oso goiz oheratzen naiz. Ahal dudala 21:30 alderako; hori zailagoa egiten zait, batez ere uda partean, oraindik ere argi dagoenean».
Ordutegia «lotua» dela dio, eta hori egiten zaiola pisuen, gainerakoan eguraldi ona edo txarra izan alde handirik ez du antzematen. Asteartetik ostegunera motxila erabiltzen du aleak eramateko eta karroa ostiraletan, Ataria-rekin batera Gipuzkoako Hitza ere banatzen baitu. Atarietako giltza edukitzeak lana errazten diola esan du Oiartzabalek. Aleak banatzen ditu Villabonako Arroa eta Txermin auzoetan, eta herriko erdigunean, eta ondoren pasatzen da Zizurkilgo Elbarrenara. Azkeneko alea, bere etxean uzten du. «Behin banaketa eginda, lo kuluxka bat egiten saiatu eta gero irakurtzen dut egunkaria».
Banaketa egiten duen garaian jende asko ibiltzen da kalean eta harpidedunekin gurutzatu ere egiten da Oiartzabal. «Kexa handirik ez dut jasotzen eta oro har eskertu egiten dute gure lana». ATARIA-ren banatzailearentzat, «oso garrantzitsua» da egunero tokiko informazioa euskaraz jasotzea etxeko postontzian eta harro dago kate horren azken begia izateagatik.