Arratsaldeko zazpiak iristearekin batera hasten da mugimendua Bidasoa Inprimatzeko Zentroan. Orduan hasten dira iristen errotatibara eskualdeetako Hitza egunkarietako orriak, baita Ataria-koak ere. Iñigo Errazkin anoetarra da aurreinpresioko arduraduna Bidasoan, eta hark egiten du erredakzioen eta inprimategiaren arteko lotura. Orriak pdf formatuan jaso eta plantxa bihurtzen ditu, gero errotatiban inprimatu daitezen. Prozesu bera egiten dute gero, Berria eta Gara egunkariekin.
Duela lau urtetik tailerraren ardura darama Joxean Etxeberriak, eta bere esanetan, entrega orduak %80an betetzen dituzte erredakzioek: «Badago zer hobetua noski, baina, oro har, zintzo betetzen dira ordutegiak. Kontuan hartu behar da kate bat dela errotatiba eta baten atzerapenak kate osoaren atzerapena dakarrela». Ataria egunkariko zortzi orriak inprimatzeko hamar plantxa sortzen dituzte, besteak beste, koloretako orrietarako launa plantxa osatu behar izaten baitira.
Hogei langile aritzen dira Bidasoa inprimategian txanda ezberdinetan banatuta, eta egunkariak inprimatzeko prozesuan, zortzi bat langilek hartzen dute parte: aurreinpresioko arduradunak, bi inpresorek, bobinetako arduradunak, zierrean dauden bi lagunak, mantenukoak eta bestelako lanak koordinatzen aritzen den Etxeberria bera. «Gauzak ondo baldin badoaz Ataria-ko aleak inprimatzeko ez ditugu hamabost minutu baino gehiago behar izaten», dio tailerreko arduradunak.
Tokiko egunkariak inprimatu ondoren, Berria eta Gara inprimatzen dituzte Bidasoan, eta langileek euren jarduna 03:00ak aldera bukatzen dute. «Lanak konplikatu egiten zaizkigu ostegunetan, herrialdetako Hitza-k ere bota behar izaten ditugulako eta gero Berria-n txertatu. Berdina gertatzen da egunkariok gehigarri bat kaleratzen duzuen bakoitzean. Horregatik da garrantzitsua guztia ondo koordinatzea. Ekipoa egitea da inportanteena», dio Etxeberriak. Kontuan izna behar da ostiraletan irakurleek jasotzen duten Ataria astekaria errotatiban ez dela inprimatzen, Oñatiko Gertu inprimategian baizik.
Funtsean inprenta sortu zenetik ia 600 urte pasa eta gero, mirakulu txikia egiten dute inprimategiko langileek egunero-egunero. Mirakulua, euskaraz, kiosko eta etxeko atarietan Ataria goizero egon dadin.