'Ataria.eus', ondo errotutako ataria

Asier Imaz 2023ko urr. 7a, 07:59

Asier Sarasua CodeSyntax enpresako arduraduna. A. IMAZ

CodeSyntax enpresa eibartarrak interneteko garapenak egiten ditu. Ataria-ren alboan egon da hamar urte hauetan. Asier Sarasua bertako langileak orain arteko lanaz eta ibilbide horretan izandako erronkez hitz egin du.

Asier Sarasua eibartarrak gertutik jarraitu du Ataria-ren webgunea, Ataria.eus. Izan ere, bera da sortzaileetako bat. CodeSyntax enpresan duela ia hogei urte hasi zen lanean, eta euskalgintzari begira lan eskerga egin dute. Interneteko garapenen mundua da euren eremua, eta webguneez gain, aplikazioak ere egiten dituzte. Horietako batek sona handia lortu du. «Hogei urte lanean ia inork ezagutu ere egin gabe eta Egunean behin aplikazioarekin famatu bihurtu gara», dio txantxetan Asier Sarasuak.

Ataria eta CodeSyntaxen arteko harremana Tokikomen bitartekaritzarekin hasi zen. Tokikom euskarazko 78 toki komunikabidek osatutako sarea da. Asier Sarasuak gogoratzen duenez, hor hasi zen erronka potoloa: «40 bat hedabiderentzat 40 plataforma sortu beharrean bakar bat egitea erabaki zen. Tokiko hedabide bakoitzak, ordea, bere ezaugarriak zituen. Hamar urte hauetako lanik zailena hori izan da, baina aldi berean, polita izan da».

Hedabide guztiek plataforma bera izan arren, bakoitzak bere ezaugarriak txertatzeko aukera dauka, eta lorpen hori ere azpimarratu du CodeSyntaxeko langile eibartarrak. Beste erronka, duela bost bat urte inguru iritsi zen Sarasuaren esanetan: «Hasiera batean, 'webgunea ordenagailuan ondo ikusi behar da' esaten genuen, 'eta mugikorrean, ahal baldin bada, gaizki ez dadila ikusi'. Hori erabat aldatu da. Orain mugikorrean pentsatzen dugu lehenik eta ondoren ordenagailuan. Irakurlearen tokian jarri behar da, eta egun, mugikorretik sartzen dira gehienak». Ondo ikustea, azkar irakurtzea, eta webgune batean informazio asko dagoenez, informazio hori aurkitzeko erraztasunak izatea dira helburuak.

Tolosaldean ondo errotuta

Ataria eskualdean «ondo errotuta» ikusten du Asier Sarasuak. Webguneari dagokionez, azken urteetan «sekulako igoera» izan duela dio, datuei begiratuta. «Oso bide polita eta aberatsa egiten ari da Ataria.eus, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko duelakoan nago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!