Belabietako bataila, argitara

Rebeka Calvo Gonzalez 2023ko ira. 30a, 13:58
Andoni Zuriarrain Berastegiko alkatea, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Karlos Almorza ikerlaria eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, gaur, Amasan jarritako panelaren berri ematen.

Belabietako batailan gertatutakoa herritarrei gerturatzeko panelak jarri dituzte Amasan, Villabonan, Tolosan, Berastegin, Belabietan bertan eta Andoainen. Oinarrizko informazioa biltzen dute.

III. Gerrate Karlistan Gipuzkoa osoko batailarik gogor eta odoltsuenetako bat hartu zuen Belabietak. Egindako azterketen arabera, guztira, 600 baja inguru egon ziren egun bakarrean. 1873. urteko abenduaren 9an izan zen eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Karlos Almorza ikerlaria aritu da azken hiru urteetan borroka hori ikertzen, Jexux Bidaola Txirritarekin eta Jose Luis Iraola Puxkasekin batera. Bide horretan lagun izan dituzte Joseba Salbador eta Manex Arrastoa.

Karlos Almorza eta Jexux Bidaola Amasako panelaren aurrean.

2021ean Belabietako batailari buruzko dokumentazioa bildu zuten Amasa-Villabona, Tolosa, Berastegi, Elduaien, Hernani, Andoain, Olaberria, Lekunberri eta Leitzako udal artxiboetan, eta baita Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ere. Horri eta garaiko egunkarietan egindako bilaketari esker lortu dituzte batailan hildakoen izenak. Guztira 4.105 dokumentu eskuratu dituzte. 2022an Amasa eta Belabietako mendiak miatu zituzten eta Almorzak esandakoaren arabera, hainbat material berreskuratu ahal izan dute, nahiz eta lubakietan ez duten lan arkeologikorik egin.

Belabieta inguruan aurkitutako baioneta eta laban bana.

Materiala aurkitzeko herritarren laguntza izan dute eta esker hitzak izan ditu ikerlariak: «Amasako Hika-ko Roberto Ruizi, Mikeliartzako familiari eta Ixarreri eskerrak eman nahi dizkiet emandako informazioarengatik. Jabetu behar dugu batailak egun bat iraun bazuen ere, Amasan armada Karlista osatzen zuten hiru mila pertsona inguru hiru hilabetez egon zirela bertan. Gure ikerketak adierazten digu, Amasan 1873ko abenduaren 9an, 14 mila soldadu inguru borrokan ibili zirela, borrokan guztira 600 baja izan zirelarik».

Panelak

Ikerketaren azken emaitza gaur aurkeztu dituzten panelak dira. Herriguneetan jarri dituzte paneletako batzuk eta badira ere Belabietan bertan, Uzturren eta Amasako Meakako Gurutzean jarritakoak, izan ere, batailaren borrokarik handiena Meakako Gurutzean izan zen.

Uzturren jarritako panela.

Hiru urte hauetako ikerketa egiteko Amasa-Villabonako, Tolosako, Berastegiko eta Andoaingo udalen laguntza izan du Aranzadi Zientzia Elkarteak. «Herritarren artean oso ezaguna ez bada ere, Amasa-Villabonan izandako gertakari historiko garrantzitsuenetako izan zen Belabietako bataila odoltsua. Tropa Karlista eta Liberalen arteko talka zuzenaren lekuko izan zen Belabieta mendia», gogoratu du Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek. «Lizarraga jeneral Karlistak Tolosa blokeatu zuen, eta Moriones jeneral Liberalak Tolosako setio Karlista hura apurtzeko helburua zuen. Horrela, kañoi, fusil eta baionetekin armatutako milaka soldaduk Belabietako mendian egin zuen topo», gehitu du.

Abenduaren 9an batailaren 150. urteurrena izango da eta hori dela eta Amasa-Villabonako Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu gertakari historiko hau ezagutarazten jarraitzeko asmoz, Unzuek aurreratu duenez. Almorzak gehitu du garrantzitsua dela memoria berreskuratzea: «Euskal Herrian jarduera ugari egin dira 1936-1939ko Gerra Zibileko galtzaileen oroimena berreskuratzeko. Franco hil ondoren, trantsizio garaian indar politikoek onartu zuten gerran gertatutakoa bazterrean uztea eta unibertsitateak beste alde batera erreparatu zuen, gerran gertatutakoa azaltzea beren zeregina izango ez balitz bezala. Orain, beste gauzen artean, Adunako hilerrian gaude gorpu bat aurkitu nahian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!