ERREPORTAJEA

Belabietako batailari buruzko ikerketa abian

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 10a, 07:57
Belabieta mendiaren magalean gertatu zen bataila, 1873ko abenduaren 9an. J.M.

2023an beteko dira 150 urte hirugarren karlistaldiaren barruan Belabietako bataila gertatu zela. Ikerlarien ustez, egun bakarrean, 600 baja eragin zituen borroka hark. Amasa-Villabonako Udalak ikerketa bat abiatu du gertakari historikoa aztertzeko eta Aranzadi zientzia elkartea dabil lan zientifikoa egiten.

Hirugarren karlistaldiaren barruan Belabietako mendiaren magalean gertatu zen 1873. urteko abenduaren 9an. Karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua izan zen, inoiz Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena. Zenbatutako baja kopuruak ematen du batailaren dimentsioaren berri: 600 baja izan zirela diote dokumentuek. Herritarren artean gertakizun hauek ia ez direla ezagutzen ikusita, Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak gertakari historiko honi buruzko ikerketa zientifikoa martxan jartzea erabaki zuen iaz, aho batez. Aranzadi zientzia elkartea kontratatu du lan hori burutzeko eta 2023an egingo du ikerketa, hain justu, bataila gertatu zeneko 150. urteurrena betetzen den urtean.

1873an karlisten indarrek hartua zuten Gipuzkoaren zatirik handiena. Tolosa, ordea, liberalen eskuetan zegoen eta hiria setiatzea proposatu zion Lizarraga jeneralak, orduko erregai karlista Carlos VII.ari. Urte hartako irailaren 16an inguratu zuten Tolosa. Komunikazio guztiak etenda, elikagaiak eskuratzeko modurik gabe, liberalek amore eman zezaten bilatzen zuten karlistek. Loma jeneral liberala behin baino gehiagotan saiatu zen Tolosa barrutik setioa puskatzen eta hilabete haietan Tolosa oraindik eta hobeto inguratu eta presioa handiagoa egiten saiatu ziren karlistak. Besteak beste, Belabieta ingurunean kokatu zituzten tropak. 

Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak abiatu duen ikerketa gidatzen ari da Karlos Almorza Arrieta (Andoain, 1959) Aranzadi zientzia elkarteko kide eta Historian doktorea dena. «Tolosa ongi inguratuta zeukaten karlistek, haien asmoa ez zen hiria txikitzea edo zuzenean erasotzea. Bizigaiak faltan sumatzen zituztenean liberalak errenditzea espero zuten». Lizarraga jeneralaren aginduetara karlistek kanpamendu bat ezarri zuten Tolosako iparraldean, Villabonan, eta Almorzaren esanetan une horretan zentralitate handia hartu zuen herriak hirugarren karlistaldiaren testuinguruan. Garatzen ari diren lanaren barruan topatu duten dokumentazioan arakatuta ikerlariek ikusi dute Amasa-Villabonako Udalera fakturak bidaltzen zituztela tropa karlistek. Iruratik, Anoetatik, Alkizatik, Asteasutik edota Amasamenditik iritsitakoak topatu dituzte, baita Uzturretik bidalitakoak ere. «Fakturak non, arduradunak han», dio Almorzak.

Soldaduen manutentziorako beharrezkoak ziren fakturak dira udaleko artxiboan topatu dituztenetako asko, eta beste asko, kandelenak. «Nondik nora kandelak? Hasiera batean horiek ikusita ez genuen ulertzen zer esan nahi zuen. Gerora atera dugu ondorioa: gauetan zaintza egiteko kandelak behar izaten zituzten soldaduek. Amasako hamar baserriren izenak topatu ditugu modu horretara, eta pentsatzen dugu han zeuden soldaduek zaintza egiteko kandelak eskatzen zizkietela udalari. Horra hor beste ondorio garbi bat: kandelak non, soldaduak han».

Uzturretik Villabonako Udalera bidalitako faktura. ATARIA

Belabietan borrokaldia

Loma jeneralak barrutik setioa apurtu ezin zuela ikusita eta Tolosako plaza ez galtzeko, Moriones jeneralaren laguntza jaso zuen. Iruñetik iparraldera egin eta Oiartzungo pasabidetik sartu zen Gipuzkoara Moriones, Tolosako setioa puskatu eta bertan zeuden liberalak laguntzeko. Hernanin kokatu zen armadarekin eta handik saiatu zen kolpea ematen. «Ondo inguratuta zeukaten Tolosa eta indar handia behar zuten setioa puskatzeko. Kalkulatzen dugu Hernanitik barrena 10.000 soldadu ekarri zituztela liberalek». Ikerlariek ez dakite zehatz zenbat lagunek borrokatu zuten karlisten bandoan, baina 6.000 inguru izan zitekeela kalkulatzen dute. Almorzaren ustez, honenbestez, 15.000 lagun inguru ibili ziren Amasamendin. «Inoiz ez da hainbeste jende armatu ibili borrokan Amasa-Villabonako lurretan».

Modu batera edo bestera, karlistak saiatu ziren liberalen aurrerabidea oztopatzen eta Tolosara bitarteko bidea trabatzen. «Oria ibaiaren gaineko zubiak zartatu zituzten eta dokumentu batean irakurri ahal izan dugunez, Txermin auzo parean ehun metro kubikoko zuloa egin zuten, liberalen artilleria eta zalditeriaren pasoa oztopatzeko». Liberalek, ordea, pixkanaka posizioak irabazi eta Amasamendin gora egin zuten, tropa karlistei aurre egin, eta setioa puskatuz, Belabieta ingurutik Tolosako herrira sarbidea egin ahal izateko.

Belabieta mendiaren magalean, 1873ko abenduaren 9an egin zituzten borrokarik gogorrenak. Gaur egun Meakako gurutzea dagoen ingurune horretan. «Bataila horren omenez jarri zuten bertan gurutzea, eta uste dugu aurretik egurrezkoa zela. Gurutze horren plakak zioena ere topatu dugu dokumentu zaharretan». 

Sarraski handia

Tropa karlista eta liberalen arteko Belabietako bataila odoltsua izan zenaren zantzuak dituzte ikerlariek. «Dimentsio handiko borroka izan zen eta soldaduak bata bestearen atzetik akabatzeko, fusilak kargatzeko astirik izaten ez zutenez, gerra baionetaren puntako laban horrekin egin zutela uste dugu». Horrela ulertu daiteke baja kopurua. Antonio Pirala garaiko historialariak dio 600 baja izan zirela borroka horretan. Almorzak dioenez, 300 alde batekoak eta beste hainbeste beste aldekoak. «Bajak gauza bat dira eta hildakoak beste bat. Hala ere, asko izango ziren egun hartan ez bada hurrengo egunetan hil zirenak. Guk heriotza agiriak topatu ditugu Villabonan bertan, Andoainen, Berastegin, Leitzan, Elduainen eta baita Irunen ere. Agiri horietan garbi esaten da Belabietako batailan hildakoak direla».

Aranzadiko ikerlariek, besteak beste, Berastegiko artxiboan agiri bat topatu dute, non aipatzen den batailaren biharamunean 125 lagun kontratatu zituztela Belabietatik hildakoak eta zaurituak jaitsi eta ospitaleetara eramateko. «Oria ibaiaren bi ibarrak kontuan hartzen baditugu, liberalek Andoain, Villabona eta Hernani aldera jaitsi zituzten hildakoak eta zaurituak. Esate baterako, Donostiara, batailaren hurrengo egunean, 200 zauritu eraman zituztela jakin ahal izan dugu. Irunen, adibidez, eraikin publiko asko ospitale bihurtu zituzten eta 500 ohe inguru egokitu zituzten. Sortu berria zen Gurutze Gorriak 259 hilotz jaso omen zituen Belabietan. Liberalek iparraldera eraman zituzten zauritu eta hildakoak. Karlistek, berriz, Berastegira jaitsi zituzten zaurituak, handik Leitzara eta Lizarrara eramateko».

94 hilotzi lur emateko Andoaingo parrokoaren agindua, 1973koa abenduaren 10ean.

Aranzadiko ikerlariek aipatu dutenez, batailaren eztandan hamabi herri daude inplikatuta. «Soldaduak bertan zeudelako edota zaurituak eta hildakoak bertara eraman zituztelako. Herri askoren parte hartzea dago borroka honetan, nahiz eta zentralitatea Amasa-Villabonak duen». Horregatik uste dute ikerketaren arduradunek bataila honen ikerketak oraindik ere gehiagorako eman dezakeela. «1.500 dokumentuk ematen dute azterketa gehiagorako mamia».

Karlismoa mugimendu konplexua 

Hieroglifikoen idazkera aztertzen hamabost urte inguru eman zituen Almorzak, eta bere esanetan karlismoa izango da gure herrian hieroglifikoen idazkera deszifratzea bezain zaila den mugimendu bat. «Argudio bat eta kontrakoa sostengatzeko erabili izan dute karlismoa eta euren artean ere ugariak izan dira enfrentamenduak. Horrek zaildu egiten du interpretazio egokiak egin ahal izatea».

Lizarraga jeneral karlista.

Santa Kruz apaizaren kasua aipatu du Almorzak. Belabietako bataila gertatu zen unean inguruan baitzebilen. «Haserre zetorren. Liberalei aurre egiteko moduen inguruan desadostasun handiak zeuzkaten eta sakoneko eztabaidak zituzten euren artean. Ez zioten inoiz barkatu eta Santa Kruzen gizon batzuk fusilatu zituzten. Lizarragarekin kontuak argitu nahian etorri zen inguru honetara 1873ko udazkenean». Gai hau sakonago aztertuz, beste ikerketa lerro bat zabaldu daitekeela uste du historiagile amasarrak. 

«Ondo inguratuta zeukaten Tolosa eta indar handia behar izan zuten setioa puskatzeko»

Euren arteko desadostasunak handiak izanagatik, Aranzadiko ikerlariaren ustez, soldaduen artean bazegoen sentimendu «zintzo» bat, euskalduna, foruzalea eta karlista zena. «Mugimendu atzerakoitzat jo izan da karlismoa, baina bertako gazteek foruak defendatzen zituzten, soldaduskara joan nahi ez zutelako. Izan ere, soldaduskara joatea baino egokiago da esatea gerrara bidaltzen zituztela. Beranduago, foruak deuseztatu zituztenean Filipinetara edo Kubara joatea tokatu zitzaien euskaldun askori. Hemengo jendea, ez zen bereziki erregezalea, erregegai karlistaren alde jarri bazen hark foruak errespetatuko zituela hitz eman zuelako izan zen».

Belabieta mendiaren magalean gertatu zen bataila, 1873ko abenduaren 9an. J.M.

Karlistekin borrokatu zena jende xumea zela uste dute Aranzadiko ikerlariek. «Jakiten zailagoa dena da, militar profesionalak ote ziren». Belabietako bataila zeinek irabazi zuen zehaztea ere ez da erraza Almorzaren esanetan. «Zeinek irabazi baino, esango nuke denek galdu zutela». Liberalek setioa puskatzea lortu zuten eta jan-edanak sartu zizkieten tolosarrei. «Hala ere, karlistek esaten dute, setioa puskatu arren, berehala alde egin zutela liberalek eta eurak aurreko posizioetara itzuli zirela. Ez zen irabazle garbirik izan, beraz».

«Inoiz ez da hainbeste jende armatu ibili borrokan Amasa-Villabonako lurretan»

Arrasto sakona utzi zuen, hala ere, Belabietan gertatutakoak. Egun bakarrean 600 baja izatea, datu «ikaragarria» dela nabarmendu dute ikerlariek. Beraz, gertaera historiko hori ilunpetik atera eta gertaera modu zientifikoan aztertzeko asmoa adierazi du orain Amasa-Villabonako Udalak. Errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertzen ari da Aranzadi zientzia elkartea iaztik. Aurten, 8.000 euroko inbertsioa egingo du udalak lan horiek gauzatzeko, eta datorren urtean, ikerketa historikoa amaitu eta informazio panelak ezarrita bukatuko dute lana. Euren herriko lurretan gertatutakoa gogoratu ahal izango dute amasarrek eta billabonatarrek Belabietako batailaren 150. urteurrenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!